2017ko irailaren 20a

aitziberjimenezdeaberasturi 1491039672789 Halkdhg | 2017-09-21 21:50

Informazio asko daukagu eskura. Egunkari askotan bilatzen egon ondoren eta online dauden liburu eta dokumentuak irakurtzen egon ondoren esan dezakegu informazio gehiegi eduki dezakegula mahai gainean. Nondik hasi? Zer erabili eta zer ez? Argi dago ez daukagula denbora soberan eta aukeraketa azkar bat egin behar dugula aurrera jarraitu ahal izateko, baina, jendeari zer esan nahi diot? Eta zelan esan nahi diot? Izan ere, horren arabera antolatu beharko dut erabaki dudan informazioa, baina, ze informazio aukeratu dut? Eta originaltasuna?? Non dago originaltasuna?!?!?! Bai jaun-andreok, kaos bat izan daiteke azalpen sinple bat prestatzea, KAOS BAT. Alabaina, badakigu tentsio pean eta daukagunarekin aurrera jarraitzen.

Informazio asko daukagu eskura. Albistegietan, adibidez, azken orduan gertatu berri denari buruz informatzen gaituzte uneoro. Gainera, badirudi berrietako kazetariek guk baino presa handiagoa daukatela albistea kontatzeko; izan ere, puzzlea bere osotasunean kontatu beharrean, nahiago dute daukatenarekin aurrera egin berria momentuan botatzeko. Askotan asmatuko dute baina beste askotan huts egiten dute eta beste istorio bat kontatu dutela onartu behar dute epe luzera. Pena bat da, eskura daukaten informazio guztia kontrastatuko balute edo hori aurkezteko modu eta hitz egokiak erabiliko balituzte… Buruhauste bat da, soberan dakit, baina…

Informazio asko daukagu eskura, bai. Baina argi dago bakoitzak nahi duen moduan erabiltzen duela. Norberaren esku dago informazioa eguneroko bizitzan aplikatzea edo horretaz paso egitea. HIESA oraindik ez dago gaindituta. Pasaden urtean guztira, Euskal Herrian 158 pertsona kutsatu ziren eta horietatik praktika homosexualetan kutsatu ziren gizonezkoen kopurua %44koa da eta gorantz doa. Argi dago informazio falta ez dela arazoa; izan ere, kutsatuen bi heren 40 urte baino nagusiagoak dira.

Informazio asko daukagu eskura, orain, norberaren esku dago horren erabilera.