musikak badu zerbait...
Zuzenean, beti ere musikak pertsonengan izan duen
zirrara edo erraietara iristeko gaitasuna, zuzenekoetan izaten da,
modurik zuzenena ("zuzenena?"). Musikariak hots, erritmo eta doinuak
igorri eta entzuleak jasotzen ditueneko momentuak, hunkitzeko ahalmena
duten noten segida edota isiluneak... Komunikazioa, gizakiok
hitzen bidez adierazi ezin dugun alde sakon horretara iristeko ahalmena
du musikak, joera, estilo, etiketa edota garai ezberdinei arreta
berezirik erreparatu gabe, zuzenean lortzen den
komunikazioa,
atmosfera efimeroa musikari eta entzulearen artean: tabernetako
kontzertuetan, futbol estadioetan edota lagunarteko afarian
inprobisatutako kantaldietan, " Musikak badu zerbait zuzenean ". Herri
eta kultura guztietan dagoen hori, musika, batzutan harmonikoki
konplexuagoa, bestetan monotonoa, erritmikoa, herrikoia, "elitista",
erlijiosoa, ateoa, politikoa, "apolitikoa", dibertigarria, tristea,
hiletetan, diskotekan edota sehaska kantuetan, mp3, CD, K7 edota I
POD-ean, herriko festetan plaza taldeak jotako bertsioan, FIB-n edota
gaztetxean, amamak iloba lotarazteko, belarrira ahots urratuarekin
xuxurlatzerakoan, umeek kalean jolasterakoan, irrati uhinen bidez
entzuten dugun hori, musika...
Zerk dauka musikak? Zergatik hotsen konbinaketa
matematikoak hunkitzen gaitu? Matematikak zehatzegiak dira
erraiak iraulitzeko. Aldi berean, kanta bera, musikari
ezberdinen ahotan ez da berdin ailegatzen. Batzuk barrenak
nahasteko "zera " hori dute, artistak dira, zuzenean taularatzen
diren aldioro "dena ematen dute", Blues-aren hastapenetan
ibilitako haiek zioten moduan: "Txanda hartu eta eskenatokira igotzean
zorrak kitatu". "Biluztu" diote beste batzuk. Arima stripper-ak ote?...
enfin, musika, zuzenekoak eta beste zenbait bizio...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: