kontakizunak
GIZA ABEREA:
Giza aberea Etxera iritzi eta emaztea ohean zegoela, bertan sartu eta izarretako gudak baino oihartzun handiagoarekin emaztearen amets eta zirrara lizunak astintzen zituen; izar dirdira umelez zerua argitzen zen arte. Itsas gizonak. Mila gautan olatu apar artean azal eta hezur laztuak bere bakardadeak eragindako ahantziak kanporatzen zituen era bat sutsu. Beren begiek mundu berria aztertzen duten umearen garra-garra, arrastaka eta jolasek urratutako prakak bezala zituen berak esku ahurrak, hondatuak, zirpiltzuak. Kresal, eguzki lehor eta haize finak kontu handiz, harginak eskulturak bezala zizelatuak. Denboraren joanaz ohartu zen. Iraganean bizitakoaren adierazle, lekuko eta partaide ziren deboraren goldeak jorratu eta marratutako esku haiek. Urtez urte bere itsasontziaren proa gainean ezarritako pago kementsua, hainbeste ikus eta entzuna eta hain gutxi bereganatu zuena zimelduz zioan eta bere barrenean etsipena, ezinegona eta negarra ernatu ziren. Egi handiaren bilaketan, bihotza zuen jada errea eta erdibitua. Aberri gehiegiren gainean errotutako arima elkartezina. Zikera min alu hura limurtzeko bihotzeko erredurak arinduko lizkiokeen ukendurik balu. Ohetik atera txabusina jantzi eta egongelan eseri zen leihotik itsasaldera begira. Itsasoa bare eta lasai zegoen baina berak ekaitza zeraman sabelean eta bazekien inoiz erditu ezingo zuen haur madarikatua zela. Gogaituta zegoen. Erabat haserre, artega, ernegatua guztiz. Bazekien bila eta bila aritu zen bizitza argitu behar zion egia handia ez zuela aurkituko, ez janari, ez edari, ezta konpainiak ere ez zuten sama ezkutatu, mozorrotu eta arindu besterik egiten. Eta ohartu zen momentu horretan gizaki hitsa eta indargea zela. Gizadian zeru lurrek egindako kaka zirina besterik ez zela. Bere azken bidaia egin zuen tabernara eta handik hilerrira, ama lurraren erdira. Gizonen ekaitzak otoitzarekin kontsolatu behar baitira…
Iruzkinak
Utzi iruzkina: