Jon Aginagalderi bizi osoko zigorra ezartzeko harriskuan dago

zopizarren 1456154032058 GUKIN ZOPIZARREN! | 2010-02-24 19:23

    Gara egunkariaren ZAZPIKA aldizkariko 578.alean (210eko otsailak 21) Maider Aginagalde, Jon Aginagalde preso politikoaren ilobari elkarrizketa egin diote. Jon Aginagalde atxilotu zuten unean indar espaniar polizialek Eduardo Irizar izaldarra erail zuten. Jada Jon Aginagalde 26 urte daramatza Espainiako Espetxeetan bahiturik.


    SUSMO ANKERRAK: Donostiako Alde Zaharrean jaioa, abuztuan 26 urte beteko dira Guardia Zibilak Jon Aginagalde Oiartzunen atxilotu zuenetik. Maider Aginagalde ilobak ezer gutxi oroitzen du ordudanik, 6 urte besterik ez zituelako, baina ondo ezagutzen du orduan pasatakoa. <<Atxilotze unean osabarekin zegoen beste kide bat tiroz hil zuen Guardia Zibilak, eta osaba atxilotu egin zuten>>, azaldu digu. Espetxera bidali ostean, urte gehienak Andaluzian eman ditu preso. Gaur egun Alboloten, Granadako espetxean, dago donostiarra.

    Urte hauetan guztietan bai Maiderrek bai Lourdesek - Jonen arreba -, inguruko jendeak bezala, presoari haien maitasuna eta babesa erakustea izan dute xede. <<Ez daude etxean, ez daude herrian, azken finean isolatu egin nahi dituzte eta guk, ahal dugun neurrian, isolamendu hori apurtzen saiatu behar dugu, ez daudela bakarrik eta beraiez harro gaudela jakin dezaten>>, dio Maiderrek.

    Horregatik, astero bisitak lotzen saiatzen dira. Elkar ikuste horietan, nahiz eta urte askoko kontua izan, beti ere <<urduritasun puntu batekin>> joaten direla kontatzen du Maiderrek. <<Ondo dagoela ikustean, izugarri pozten gara, baina joaten direnean ...>>. <<Inpotentzia, inpotentzia handia sentitzen duzu, hor utzi behar duzulako>>, gaineratu du Lourdesek.

    Nahiz eta presoa barrutik beti ondo dagoela transmititzen saiatzen den, Maiderrek argi dauka momentu txar eta onak bizi dituztela, <<kanpoan bezala>>. Alderdi gogorrik bada, hori presoa bere senideen alboan ez egotearena da, baina Jonen ilobak askatasun gabezia ere jarri du mahai gainean: <<Askatasuna oso behar garrantzitsua da, bai maila indibidualean, baita maila sozialean ere, eta askatasun hori ukatuta dugu bi alderdietatik. Oso gogorra da jakitea zure senideak, ikaragarri maite duzun pertsonak, ez dituela ez bata ez bestea>>.

    Irteera data datorren abenduan du ezarria Jonek, baina 197/06 sententzia ezarriko dioten susmo sendoa dute, eta hala bere kondena urte gehiagoz luzatuko dutena. <<Jonen andregaiari, Maritxu Uzkuduni, irteteko data baino bi egun lehenago iritsi zitzaion sententziaren jakinarazpena>>, oroitu du Maiderrek. <<Ikusi dugu kolektiboko partaide guztiei ari zaizkiela kondena luzatzen; guk, oraingoz, ezin dugu horretaz hitz egin, baina gauza ez bada aldatzen ...>>. Azken finean, preso politikoei aplikatzen zaien neurri berezi honekin <<beldurra>> eragin nahi dutela iritzi dio Maiderrek. <<Euskal Herri mailan gauzatzen diren borroka esparru guztiak mozten eta beldurra eragiten saiatzen ari dira, eta gure senideekin egiten ari direna mendeku politika baten barruan kokatu behar da>>.

    Iaz, maiatzaren 5ean, Ertzaintza Donostiako hainbat etxetara sartu zen goizaldeko ordu txikietan, Jon Aginagalderen egoera salatzeko balkoian jarrita zituzten oihalak kentzeko agintzera. Gertaera hori estrategia orokor baten baitan kokatzen du Lourdesek. <<Maila guztietan egiten ari diren eraso horiek beldurra digutelako egiten dituzte, ikusten dutelako Euskal Herrian badela mugimendu indartsu bat, eta horrek beldurtu egiten ditu. Baina uste dut oso garbi oihukatu behar dela ez ditugula utziko, ez ditugula bakarrik utziko eta ez dituztela inondik inora isolatuko>>, baieztatu du Maiderrek.