Ubidea
Behin eta berriz entzun dut pasa den maiatzaren 27tik, herri honetako ubidea zein den. EAJko eledunei eta Jaurlaritzako ordezkariei entzun diet, batez ere. Modan dagoen hitza dirudi ubideak, bi aste barru, ziurrenik, ahaztuta egongo den arren.
Ubidea horrekin, herriaren bizkar hezurra esan nahi dute nonbait, euren gogoko formula herri honi eredu bat emateko...
Eusko Jaurlaritza osatzen duen hirukoak (EAJ, EA eta EB) eta Aralarrek osatzen dutela ubidea. Alegia, hori dela euren apostua herri hau gidatzeko.
Hori esatearekin batera, ordea, ordezkari horiei entzun diet, Gipuzkoan esaterako, egitasmo estrategikoen %90etan ez datozela bat EAJ eta EB-Aralar.
%10eko kontsentsuan oinarrituriko gobernu asmoa ubide da, orduan?
Ez al da faltsu samarra halako nire bihotzeko lagun dela esatea, baina nolakoa den batere ez zaidala gustatzen argi uztea?
Ez dakit erakarpen taktika bat den. Ez dakit "pose" hutsa den. Ez dakit.
Espero dudan bakarra da, ubide hitza famatu egin dutenek, ubide hori mantentzeko egoskorkerian, ez dezatela lortu Supersur, kanpo portu, erraustegi eta horrelakoen kontrako egoskorrak makurtzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: