Gogotsu

zipriztin 1456154014552 Zipriztinak | 2007-01-20 17:44

Kaixo denoi!!

Beroaldian aprobetxatu nahian Bloga martxan...

Lehenago era hasia naiz blog bat sortu eta edukiz betetzen, baina batagatik edo besteagatik, bada urtebete ezertan aritu ez naizela.

Berriz ere gogotsu somatzen dut neure burua hainbat gauzari buruzko gogoetak horrelako espazio batean plazaratzeko.

Momentuz berritasun handirik ez dakart. Orain urtebete, ia ahaztuta dudan beste blogean idatzi nuen azken artikulua. Gaurko egunarekin erabat lotua.

Hurrengoan gehiago!

 

Makilak hankartera!

Gaztelubideko jauntxoak eskuzabal dabiltza. Euren pribilegioak alde batera utzi, esklusibitateari muzin egin, bihotz ona erakutsi eta aurrerakoi trajea jantzita, utzi egingo diete emakumeei San Sebastian egunean danborra euren alboan jotzen.

Ez omen da erraza izan erabakia hartzea. Danborradan parte hartzen duten hamar gizonetik ia lau, beldur dira nonbait, emakumeek euren emetasuna kutsatuko ote dieten eta emakumeak onartzeko proposamenari ezezkoa eman diote. Udalak, berdinatsunaren izenean, txantaia egin dietela esan duenik ere izan da. Azkenean, ordea, gaztelubidetar zentzudunen iritzia gailendu da eta emakume bakar batzuk behintzat izango dira euren alboan danborra jotzen. Nahiz eta, noski, eurek adina zarata afinatu aterako ez duten. Gaztelubidetar zentzudunek, pentsatu dute nonbait, ez dela hainbesterako urtean behin emakumeak danborra jotzen alboan izatea. Dezente okerrago litzatekeela, elkartean bertan jasan beharra.

Katramila guztia ikusita, eta aitortuz donostiarren jai honen tradizioen ezagutza sakonik ez dudala, lehenengo burutazioak nire alderik erradikalena atera dit: gauden mendean egonda, bizi dugun gizartea bizita, gai hauetan ezin da erdibiderik onartu.

Tradizio eta ohituren izenean egin arren, bazterketak beti dira bazterketa. Ondorioz, Gaztelubide elkarte ilustreko gizonezkoek eurena soilik ez den ospakizunean emakumezkoak berdintasunez onartzen ez badituzte, ken diezaietela hiriko bandera igo eta jeisterakoan, danborra protagonismo osoz jotzeko ohorea. Elkarte barruko diskriminazioak borrokatzea zailago da, baina jai publiko batean eta bizi garen garaian, errotik moztu behar dira horrelakoak.

Gero nire alde otzanagoak esan dit, agian, erabakia izan daitekeela aurrerago etorriko den zerbaiten lehen urratsa; bide zabalagoa egiteko bidezidorra.

Zentzu otzanari, ordea, barruko garra gailendu zaio eta parte hartuko duten emakume bakanei proposamena egitea iruditu zaio: Euren makilek, danborraren mintzaz gain, beste jomuga batzuk ere topa ditzatela!


Utzi iruzkina: