Rafael Zubia, Txintxoetxeko txantxikua 36ko gerran

zingizango 1456153980427 ZingiZango | 2007-06-14 05:40



Ondoren doan elkarrizketa Legazpiko Ene Bada! astekarian azaldu zen 1996ko ekainean. Handik puska batera, Ostiela aldizkarian.

Espainian zaleak dira “ las dos Españas “ delakoa aspaldiko kontua dela eta, normaltasun irudi bat saltzen, beti ere mundu osoan ezaguna den transizio goratu eredugarria izanik mito zaharraren suntsipenaren ispilu. Francok eta bere lagunek indarrez eta bortxaz inposatu zituzten ikur eta sinboloak, haren heriotzaren ostean demokraziaren galbahean pasatu eraginda, bakearen ezinbesteko sostengu gisa eta balizko anaiarteko borrokak saiheste aldera, nahita nahi ez irentsi beharreko jaki bilakatu zaizkigu. Ez dadila  inor horregatik estatuaren zutabe funtseszkoak ukitzen ere ausartu, berehala jasoko baitu merezi duen zigor erakusgarria. Badaezbada ere halako mamuak jarraitzailerik baleuka , bere asmo suntsitzaileak errotik birrintzeko. Hauxe dugu irabazleen azken garaipena; euren kontzientzia gaiztoa astintzeko badarik ere, erreparatu diezaiegun Euskal Herriaren nahiz Errepublikaren alde borrokatu ziren euskal herritarrei , batzuei zein besteei, kontu zahar hauek birgogoratuz garai hura ezagutzeko zorterik edo zoritxarrik izan ez genuenoi.

EB -Zer egin zenuten Molaren armada Gipuzkoarantz abiatu zenean?
RZ -Udalak fusilak eman zituen herria defendatzeko. Ormakio inguruan, Zegama eta Legazpi arteko muga,  ibili ginen trintxerak egiten. Baina reketeak Otzaurtetik Zegamara sartu zirenean hanka egin genuen, ez bait geneukan haiei frente egiteko nahikoa arma.
EB -Eta ondoren?
RZ -Batzuek geratzea erabaki zuten, beste batzuek alde egitea. Bizkaia aldera joatea zen seguruena. Uztailaren akaberan bederatzi lagunek osatutako talde bat Zatuitik Oñatira abiatu ginen, oinez. Olabarrietan, nire jaiotetxean, bapo afaldu eta kamaran lo egin genuen. Biharamonean Oñatiko kalera. Nire anaia Manuel nonbait damutu eta atzera Legazpira itzuli zen. Oñatiko udaletxean armak eman nahi,  baina guk hartu nahi ez. Herriak aginduta, Andres Guridi  “ Ttorre “ txoferrak – 1997ko Abenduan Legazpin hil zen -  iheslariak eramaten zituen Arrasatera; gu ere eraman gintuen. 11 hilabete eman nituen etxera bueltatu barik.
EB -Frentea Gipuzkoa eta Bizkaiko mugan finkatu zen . . .
RZ -Bai, Irailean edo. Kanpazartik sartu ginen Bizkaira. Berrizera joan ginen. Txanponak gastatu artean ondo, komeriak gero. Zumarragako ferian tratante zebilen bat ezagutu genuen, eta esan genion jate aldera lana zeinek emango genbiltzala. Hark lagunduta banatu ginen batzuk hona besteak hara. Niri eta Bixente Etxalekuri Battarritta baserria suertatu zitzaigun.
EB -Enplegatu zineten horregatik!
RZ -Jate aldera lan eginez. Goseak ez ginen egon, nahiz eta astean porru hutsa baino jan ez. Frentea geldirik egon zen bitartean, sei hilabetez, Joxe Lasuen nagusiaren aginduetara egon ginen. Idi parea eta lau behi zituzten
EB -Handik ere ospa, ala?
RZ -Beharko joan. Oraindik ere gogoan dut oilarra genuela jateko. Halako batean hango tiro hotsa eta zalaparta, frentea begi bistan. Nagusiak , karlista porrokatua zen, gelditzeko esan zidan, faxistei mutil zintzoa nintzela esango ziela eta . . . Ni fidatu ez ordea. Ordurako Bixente Etxaleku kintek harrapatu zuten eta frentean zen. Agerre baserrian zegoen Mantxolako Joxe Guridirengana joatea erabaki nuen. Harutza bidean tirokatu ninduten, oso gertuan pasa ziren balak. Agerren izkutatu eta ilunabarrerako frentearen atzean geunden. Bi suen artean igaro beharra geneukan. Zelan ez dakit, baina soldadu karlistak eta euren mandoak lo zeudela pasatu ginen ondo ondotik. Gureek alto eman baziguten ere pasatu ginen.
EB -Atzera zerbaitetan enplegatu behar , ezta?
RZ -Bilbo aldera gindoazela, Legazpin kontratista ibiltzen zen Zacarías Zalduarekin elkartu ginen; intendentziarako egurra erosi eta saltzen zuen. Hark hartu gintuen, eta Zugastietako basoetan ( Gernikatik Zornotzara bidean ) egurra egiten aritu ginen. Han ere ustegabe galanta hartu genuen. Lanean ari ginela santanderino talde bat inguratu zitzaigun, errepublikanoak , eta Zugastietara atxilotuta eraman. Bertako abadea ( 1 ), gizon moreno haundi bat, gure aurrean, kanpo librean, afusilatu zuten. Sarjentu gaizto batek , mutil oso gazte bat lagun genuela, giltzapetu gintuen. Gu zeintzuk ginen esan genion, baina alperrik. Erantzun zigun Bilbora deituko zuela genioena egiaztatzeko; gezurretan harrapatuz gero biharamonean garbituko gintuela. Ez genuen oso gau ederra pasatu. Nolako pena hartu nuen hurrengo goiza ailegatu, gu askatu eta mutikoa malkoa dariola utzi genuenean . Batek daki zer egin zioten.
EB -Kontrarioak etziren urrun ibiliko.
RZ -Errepideak jendez gainezka zeuden. Gurdiak bete jende. Tarteka hegazkinek ,alemanak edo, tirokatzen gintuzten. Geure buruak nola edo hala zangetan babesten saiatzen ginen.
EB -Bilbora joango zineten ihesi ...
RZ -Jakina. Nire koinatuak, Irazolako Antonio eta Anbrosio Zumarraga , ertzainak ziren. Legazpiko Karlos Amilibia kapitaina zen. Haien bitartez sartu nintzen ni ere ertzain, eskatzen zituzten baldintzak betetzen nituelako, hau da , garaia , euskalduna , nazionalisten ingurukoa. Guztira bost konpainia ziren eta gurea Areetan zegoen.
EB -Nolako aginduak betetzen zenituzten?
RZ -Agirre Lehendakariaren aginduetara geunden. Bilbon ibiltzen ginen batik bat. Azkenera gure konpainiaren zeregin nagusia Karmelo eta Larrinagako preso politiko karlistak zaintzea eta babestea zen ; etsaiek Bilbo bonbardatu zuten batean lintxamenduak izan bait ziren.
EB -Bilbo erortzear zegoela preso politikoak askatu zenituzten (2 ).
RZ -Bai . Larrinagako presoak patioan libre utzi genituen. Etsaiarekin bat egingo genuela zabaldu zen, presoak eta zaindariak beste aldera pasatuko ginela. Bezperan saiatuagatik ezinezkoa izan zen , santanderinoek sospetxatu eta gaizki irten. Biharamonean, aldiz, ilunpetan pasatu ginen.  Gure konpainiako tenientea errepublikarrek tirokatu eta zauritu egin zuten , baina pasatu zen.
EB -Ondo hartu al zintuzteten?
RZ -Bai zera. Karlisten koronel zital batek berealdiko diskurtsoa bota eta zigorra agindu zigun. Donostiara eraman gintuzten eta denak zabalduta etxe partikularretan lo egin genuen. Hurrengo goizean trenez Gasteiza. Etxe ondotik, Txintxoetxetik, pasatu nintzen harutza bidean. Nire harridurarako nik soldadutza egindako kuartel berean sartu gintuzten preso. Ez nuen hala ere zorte makala izan. Nik zaintzen nuen preso bat herrikoa nuen, oñatiarra, Arrondo zapateroa. Presondegian adiskidetu ginen, berak askatasuna lortu ondoren ni laguntzeko gertu zegoela agindu zidalarik. Etxera hots egin eta haiek Arrondorekin berba egin ostean, Arantzazun omen zen gogo-jardunetan, emaztea eta anaia etorri zitzaizkidan bisitan. Nire andra zena garbitzailea zela esanda sartu zen. Handik egun batzuetara, arratsaldeko hiruretan, gogoan dut zapatua zela, askatu ninduten (3). Arrondo portatu zen ( Rafael Zubia 1999ko apirilean hil zen).

(1) Rafael Zubiak etzuen euren aurrean afusilaturiko abadearen berririk. Artikulua argitaratu eta gero ere, barruko harrak  haren gaineko informazioa lortzeko eskatzen zidan. Sabino Arana Elkargora idatziagatik etzidaten argibiderik eman. Zugastieta Muxikako udalerriari dagokiolarik , bertako udaletxera deitzea pentsatu nuen; han ere etzekiten ezer. Koldo Mitxelena liburutegiko hemerotekan gorderik dauden egunkari ale zaharretan ( DV , La Unidad , La Hoja del lunes , Eguna ) deus ez. Etsita nengoen. Liburutegi bereko apaletan beste zereginik ezean liburuak lardaskatzen nenbilen batean ( agian ustezko lardaskatzea izango zen,  kasualitateak ez dira maiz gertatzen ) liburu bat eskuratu nuen, Joseba M. Goñi Galarragak idatzitako La guerra civil en el País Vasco hain zuzen ere. Editorial Eset , seminario diocesano de Vitoria. Euskal Herriko Gerra zibila eta erlijioa jorratzen zituen Goñi Galarragak. Liburuaren akaberan, eranskin gisa, 1936 eta 1937an Euskal Herrian erahildako elizgizonen zerrenda zetorren! errepublirrek zein faxistek hildakoak zirela azpimarratzen zuen autoreak , denak agertzen zirela. Alfabetikoki ordenatua zegoen. 70 bat izenek osatzen zuten aipatu zerrenda. Goitik behera banan banan irakurri nituen erahilen izen deitura, hil zituzteneko data, lekua eta hainbat argitasun.  Azkenekoari erreparatu nion: Severino Zallo-Etxebarria Zarandona, Muxikako Ibarruri auzoan jaioa, Zugastietatik bi kilometrotara, eta bertako apaiza. 1937ko Apirilaren 30ean afusilatu zuten - hiltzaileen aipamenik ez – Muxikan, Untxipekorta deritzon parajean. Dudarik etzegoen: elkarrizketatuak emandako datuak, goiti-behetiko data . . .Hura zen Zugastietan, Rafaelen muturraren aurrean , afusilatu zuten abadea .

(2) Bilbo inguratzen zuen “ burdin gerrikoa “-ak huts egin zuenean, Euzko Gudarosteak eta beronen buruak, Agirre lehendakariak, hiriburua ebakuatzea erabaki zuten. Jaurlaritzak , mendebalderako ihesaldian, Leizaolari, Justizia eta Hezkuntza sailburuari, agindu zion Bilboko azken defentsa ( ondobidez honen ardura Telesforo Monzon Barne sailburuari zegokion ). Ez dirudi Leizaolak Jaurlaritzaren onespena zeukanik bere mende zituen gudari eta ertzain batailoiek bi ekintza polemiko burutu zituztenean; ezkerraldeko industriaren suntsipena ekidin ondoren,  preso politikoen auzia etsaiarekin negoziatu eta haiek askatzea agindu zuen. 1997ko Ekainaren 18an Larrinaga eta Karmeloko preso guztiak batu, 1300en bat, eta 51 lagunek osatutako ertzain eta gudari talde bat Artxanda ingurura abiatu zen, harik eta faxistekin bat egin zuten arte ( 19an hartu zuen etsaiak Bilbo ). Preso politiko gehienak Donostiara eraman zituzten. 1937ko Ekainaren 22an bi tren berezietan iritsi eta, La voz de España egunkariak dixit, sekulako harrera beroa egin omen zieten donostiarrek, manifestazio eta guzti. Alkate, gobernadore zibil, militar eta enparauen diskurtso politikoarekin amaitu zen ekitaldia. Aipatu egunkariak biharamonean Gasteizko kartzelara preso eramandako (atxilotuta espetxera zeramatzatenik etzuen aipatzen, jakina) 51 gudarien - hitz horiekintxe - goraipamena egiten zuen. Hurrengo egunetan oraindik ere presoen askatzeak eman zuen zeresana: editorial batean  preso politikoen askatasunaren ardura 51 gizonen borondate on eta balentriari egozten zitzaizkion , EAJren balizko ekimena erabat saihestuz. Hurrengo batean, preso politiko ororen izenean hauetariko lauk bihotzez eskertzen zieten donostiarrei erakutsitako elkartasuna; editorialean La Voz  de Españak idatzitakoaren haritik , sinatzaileek faxisten altxamendu nazionalaren laudorio sutsua egin eta ¡ Viva el ejército! , ¡ Viva España! , ¡ Viva Cristo Rey! aldarrikatuz gutunari amaiera ematen zioten.

(3) Rafaelekin batean atxilotutakoek etzuten halako pagotxarakik izan; bere koinatuak hiru hilabetez izan zituzten preso Karmelon, zaindari lanetan ibilitako espetxe berean. Mendekua nonbait.

Aitor Gurrutxaga


Utzi iruzkina: