Puildain alanbreroa

zingizango 1456153980427 ZingiZango | 2007-06-28 16:32


Axun Armendarizek 1979an egindako elkarrizketa batean, hizkera dotore eta landuan, Eugenio Elorzak alanbrero ofiziotzat zuen herritar baten inguruko argitasunak ematen dizkigu. Axun Armendariz elkarrizketa honetaz baliatu zen besteak beste, Euskalerriko atlas etnolinguistikorako datu bilketan aritu zenean. Eugenioren hizkera jasoak ez dirudi Legazpiko euskeraren ezaugarriak jasotzeko aproposa, baina irakurtzea merezi du zalantzarik gabe.
Aitor Gurrutxaga


Eugenio Elorza zena (JLU)


Puildain alanbreroa

Ipui zarrak jakin nahian datorkit gazte bat eta hari erantzun bat emateko gure gaztetako ofizio baten berri eman beharko diot. beharbada berak etzuan egundo entzungo alanbrerorik zanik ere.

Garai hartan, basarrietan behintzat, sukaldeko ontziak, batez ere lapikoak, lurrezkoak izan ohi ziran. Suaren berotasunak pitzatu ohi zituan denbora asko baño len. beti berria erosteko dirua etzan haiñ ugari eta zarrak konpondu behar. Hortarako baziran gizon batzuek alanbrez lapiko zarrak berriak bezin gogor edo gogorrago jarri ohi zituztenak. Hoiek etxerik etxe ibili ohi ziran.

Nik bat bakarrik ezagutu nuan, bergaratarra bera, baño Legazpin bizi zana, Telleriarteko Urbittarten; Puildain izenarekin ezagutzen zan. Halabeharrez, hango etxe-zubitik erori eta ito zan. Ardozalea izan behar zuan, baño udetan izan zuan bere aizkena. Ondo gogoratzen zait bere gorputza Pastaingo gurdian nola ekarri zuten kanposantura.

Lapikok konpontzeko alanbre sare bat gañetik egin ohi zioten, oraiñ ollotegietako hesietan ikusten dan antzekoa. Sare hau lapiko gañetik estu-estu jartzen zioten eta oso gogor gelditzen zan ontzia, berria zanean baño gehiau irauten zuan. Puildain hill ezkero ofizio hortakorik etzan herrian azaldu, nik dakidala behintzat; beraz aizkenengo alanbrerotzat jo beharko degu.

Legazpiko lapiko zarrak herriko plazan izan ohi zuten beren aizkena; Karnabal goizean mutiko gazteak etxez etxe ibiltzen giñan lapiko zarrak eskatzen. Aurretik egun hortarako gordeta eduki ohi zituzten bestetarako gauza etziranak. Arratsaldean plazan jarri ohi tzan gaurko fubol kanpoetan ikusten diran porteri haien antzeko bat; bi hesola alboetan, eta haga luze bat batetik bestera goenean. Haga hortatik ixegitzen ziran bildutako lapiko zarrak. Mutikoak larri egoten giñan haiek puskatzeko txanda hartzeko; aurpegie estali eta makilla sendo batekin hausi ohi ziran, jende mordoa gañetik begira zala.


Utzi iruzkina: