Motxorroko bidea
Penagarria da ikustea zein arin eta erraz hartzen diren erabaki batzuk gure erakundeetan. Ez naiz sartuko oraingoan azken urteotan hirigintzan gertatu diren eta gertatzen ari diren aldaketa bortitzekin. Aldaketa horren garrantzitsuak izanik ere, herritaren parte hartzea oso txikia izan da eta da, nahiz eta gero bizi guztirako nozitu behar (hortxe dugu Legazpiko pilotalekuaren eraikin itogarria, esaterako). Gai horretaz asko hitz egin daitekeela iruditzen zait. Gaur, ordea, beste kontu batez jardungo dut: Legazpiko kaleen izenak.
Martxoaren 28an, Legazpiko udalak izen berri bat onartu zuen egin berri den kale batentzat: Oletabidea, Euskaltzaindiaren onespenarekin antza.
Lehenengo esan behar da kale edo pasealeku hori aspaldiko urteetan Motxorroko bidea izenez ezagutu izan dela eta, ondorioz, izen berririk asmatzen ibili beharrik ez zegoela. Gauza bera gertatu da historian zehar beste izen batzurekin: Kale zaharrari “Nafarroa kalea” izena jarri zioten, alferrik; Kale berriari Kale Nagusia; Mururi San Ignazio; Bikuñaneari Almirante Bikuña; Pioneko aldapari “Olaondo zeharkalea”...
Motxorroko bideari, berriz, hemendik aurrera “Oletabidea” izango omen da. Baina, kasu honetan, okerrena zera da: antzinako leku-izen baten itxura duela eta askok zahartzat joko dutela. Eta ez da horrelakorik gertatzen. Aldiz, asmakizun berri berria da, gaur egungo “Legazpi turistikoari” lotua.
Zein azkar hartzen diren erabaki batzuk... Zirt-zart. Badirudi normala dela horrela jokatzea. Ez al ditugu prozedura laburrak gehiegitan erabiltzen?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: