Hots argitarapenak
1983ko urrian “Legazpiko idazleak 1” eta “Legazpiko idazleak 2” liburuak kaleratu ziren, lana 1986an hirugarren tomoa argitaratzean osatuz. Lehenengo bietan idazle nagusienak, azaltzeke gazteenak. Aurkezpenerako idazleei deitu zitzaien mahai inguru bat egiteko. Euskadi Irratiko Joxerra Gartzia eta Pello Zabaleta moderatzaileak.
Bi liburu 1985ean, “Espaloirik gabeko hiria”, une hartan talde inguruan literaturgintzan zebiltzanen lanak bilduz eta “Hotsiker” ikerketa taldearen lanak eskainiz. 1985eko liburuak hurrengoak baino apalagoak dira teknikoki (enkuadernazio traketsa, fotokonposatu gabe...).
Sorginkeriarik gabe eta astebururo sartutako orduen poderioz bost liburu batera argitaratu ziren 1986ko abenduan, “Legazpiko idazleak III”, “Oilarraren promesa”. Azterketa semiologikoa”, “Gerhard Bähr, artikulu bilduma”, “Sendabelarrak” eta “Euskararen egoera Iparraldean. Lehen hurbilketa”. Bost liburuok ARGIAn hotstarrek fotokonposatuak izan ziren oso egun gutxitan, inprimaketan lagundu eta hotstarrak enkuadernaketak Lazkaon. Lan gogora egin zena.
Liburugintzaren hamargarren lana “Lastozko zubia” dugu. 1990an plazaratua eta hamaikagarrena “Esperantoa ikasgai” urte berdinekoa.
Bosgarren urtean liburu sail berria mustu zen: “Bost saila”. Bik ikusi zuten argia. Lehena “Legazpi 1987-1988” urtekaria. Herriaren irudi osoa eman nahi zuen, Legazpi bezalako herri batetan dauden berezitasun guztiak isladatuz. Bigarrena “Legazpi harana”, Legazpiko historia ipuin gisa kontatuz argazki eta marrazkiz horniturik.
(Testuak Ene Bada! taldeak 1992. urtean argitaratutako urtekaritik hartu dira. Ez da egilearen izenik aipatzen.)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: