Gehard Bähr-en gutundegia

zingizango 1456153980427 ZingiZango | 2007-05-01 16:49


Duela gutxi, Legorretako Oroitz Jauregik, Gerhard Bähr ikerleak Azkue, Schuchardt eta Urkijo jaunekin izandako gutun korrespondentziaz liburua egin du. Egilea eskertu eta zoriondu beharrean gaude. Argitaratzen diren lan gehienak, edozein arlotan, sorkuntza lanak izaten dira, hau da, lan berri-berriak.

Horregatik, halako artxibo lan ederra egin, eta edizio egoki honen muin izateak meritu handiagoa ematen dio lan honi, halako erronkei aurre egiten gutxi ausartzen direlako. Jauregik Bähr-ek beste hiru autore hauekin izandako gutun batzuk bildu ditu, era sistematikoan ezarriak eta itzuliak, halako zaletasuna duen jendearengana errazago hel dadin.

Nolabait esateko, hizkuntzalaritzaren mundu txikitik kanpora, Gerhard Bähr pertsonaia ahaztua da. Gai honetan erdi-mailako afizioa-edo dugunontzat berriz, lan ia eskuragaitzak dituen autorea. Horrek, korrespondentzia honen balioa bidertu egiten du. Eta azaletik barrura, muina ere bikaina duela konturatu gara, ondoko lerroetan azaltzen saiatuko garen bezala.

Eskutitzak

Liburu honetan 165 gutun argitara eman dira, horietatik 137 Bähr berak besteei bidaliak. Jauregik antzeman duen bezala, eskutitz gehiago ere badira tartean, askotan aurretik bidalitako (eta hemen agertzen ez diren) beste gutun batzuen erreferentzia agertzen delako. Beraz, liburu honek daukan korpusa aberatsa izan arren, ondare handiago baten zati da (1).

Gainera, autore gehiagorekin ere bazuen korrespondentzia Bähr jaunak, eta hauen artean agertzen dira: Barandiaran, Irigarai edo Lacombe jaunak, besteak beste. Pentsatzekoa da, Barandiaran batekin, etnologia gaiak ere aipatuko zituela Bähr-ek. Horregatik, ekarpen ederra dira gutun hauek, euskal hizkuntza eta kultura, Euskaltzaindia eta Bähr beraren bizitza eta bilakaeraren arrastoak jarraitzeko (2).

Korrespondentzia 1920-1944 urteen artean biltzen da. Azkenean ikusiko dugu, denbora tarte honek ze zailtasunak izan zituen, eta horrek nola mugatu zuen Bähr-en bizimodua eta lana. Bestetik Bähr beraren ahalmena apartekoa da; ikasteko, kritikatzeko eta hizkuntza ezberdinak bereganatzeko erraztasunak jeinu baten mailan jartzen dutelako.

Schuchardt berari esaten dionez, azken urtean ikasi du euskara (3). Erdaldun izatetik, goi mailako euskalari izatera, 2 urtetan!!!, heldu zen. Euskara ez ezik, linguistika oinarri sendoak bereganatu zituen hain denbora tarte mugatuan. Eta hala, 20 urte beteta, Azkue, Urkijo eta Schuchardt handiekin hizketan ikusten dugu.

Azkue eta Bähr

Azkue, (1864-1951), ezer izatekotan, langile izugarria eta Euskaltzaindiaren bultzatzaile handienetakoa izan da. Azkuek akatsak ere bazituen, batez ere hainbat arlotako metodologia hutsuneak (4). Bähr bera, konturatzen da Lekeitioko erraldoiaren mugaz, eta hala aitortzen dio Schuchardt jaunari (5).

Akaso horregatik, Bähr eta Azkueren arteko korrespondentzian ez dira hizkuntza xehetasun sakonak aztertzen. Afizio bera duten bi lagunen arteko harremana ematen du beste ezer baino gehiago. Baina, Bähr-ek Azkue estimatu egiten du, beretzat Euskaltzaindiaren giltza izateaz gain, bere bizimoduko gertakariak agertzeko, askoz ere irekiago azaltzen delako.

Azkuek berriz, Bähr oso goian dauka. Garai hartan, Sabino Aranaren hizkuntza ereduaren aldekoek bazuten Euskaltzaindian lekua. Haien akats teorikoen aurka, Bähr-en maila, zuzentasuna eta egokitasuna bete-beteko laguntza ziren Azkuerentzat. Gainera, Bähr (eta akaso euskalaritza beraren) historia alda zezaketen bi eskaintza egin zizkion Azkuek Bähr-i.

Batetik, Bähr-ek Kimikako ikasketak bukatu eta Euskal Herriko lantegi batera etortzeko deia egiten dio. Hala, bertan kimikari bezala lan eginda, euskara bere eremuan aztertzeko eran izango zen (6). Beste eskaintzak ere antzeko helburua izan zezakeen: Bähr euskaltzain egin nahi zuen (7). Akaso, hirugarren saio bat ere ikusi behar dugu: Bähr-en ikasketak ordaindu nahi dira, Bähr lanean hemen aritu zedin.

Zoritxarrez, Azkuek ez du baiezkorik jasotzen saio hauetan. Bere borondatea eskertzekoa da edonola ere.  

Schuchardt eta Bähr

Schuchardt, (1842-1927), nazioarteko hizkuntzalari handi bat da. Bähr-entzat, Azkue laguna bada, Schuchardt eredu bat da, maisu handi bat. Bähr berak maisuari bidaltzen dizkion eskutitzak, maila akademiko handikoak dira. Hogei urte izanda ere, hizkuntzaren alderdi ezberdinetan arreta sakona jarria du jada: dialektologia, adizkera, azentua, intonazioa...

Eta ematen duenez, Schuchardt berak, bere miresle gaztearen grina eta maila aparta ikusita, berehala erantzuten dio; zahartzaro minberatuan ere, ikerle austriarrak hizkuntzen inguruan agertzen duen pasioa izugarria delako. Hizkuntzalarientzat, eskutitz hauetako datuak interesgarriagoak dira bestetakoak baino, adibide eta xehetasunak ugari agertzen direlako.

Urkijo eta Bähr

Julio Urkijo (1871-1950), Euskaltzaindiako ikerlerik zientifikoena da Bähr-entzat, gainera Europa osoko hizkuntzalaritzaren lanak eta bilakaerak egokien jarraitzen dituena. Nolanahi ere, ez du ematen Bähr-ek lagun mailako harremana lortu zuenik Urkijorekin, Azkuerekin egin bezala.

Bere lehen eskutitzetan, liburuak eta Euskaltzaindiako berriak eskatzen dizkio Urkijori. Azkuerekin beste hainbeste egiten du. Baina Urkijori bidalitako azken gutunak dira harrigarrienak, Bähr helduak ze maila lortu zuen argi jartzen dutenak. Hain zuzen ere, Iberieraren korapiloa askatzen saiatzen denekoa (8).

Gerraren zurrunbiloan harrapatua, baina mundu mailako espezialista bat bezala agertzen da, euskararen gainean ez ezik, iberieraren inguruan ere. Dagoeneko, Azkue, Urkijo eta Schuchardt bera ere gainditu ditu. Baina ez da hor geratuko. Ezin beltzean ere, aukerak erabiltzen badaki.

Naziek Sobiet Batasunaren aurka egindako gerratean, bi urte pasako ditu Errusian, artean bertako hizkera eginez. 1944 urtean, Urkijori bidalitako azken gutunean, estoniera hizkuntzarekin ari zela dio (9).

Bere garaiko gizona...

Ze garaitan jaio aukeratzea, ez zaigu guri suertatzen. Ematen zaigun denborarekin zer egin, akaso bai. Gerhard Bähr jaunaren euskalari ibilbideak 25 urte hartu zituen. (1920-1945). Beste edonorentzat denbora nahikoa litzateke, ikerketak burutu eta ondorioak lortzeko. Baina bere garaian sorgin haizean belarra bezala harrapatua geratu zen, eta loratzera iritsi gabeko landare mardularen eran geratzen da.

Alemanian, 1920 urte inguruak txarrak izan ziren, lehen mundu gerratea galdu berria zutelako. Hamarkada bukaera ere iluna izan zen, eta gero, Hitler eta bigarren mundu gerra etorri ziren. Bolada askotan, Bähr jaunak arazo ekonomikoak izaten zituen (Alemaniako egoera tamalgarriaz), denbora eza (ikasle eta irakasle lanek itoa), eta arazo politikoak (Alemaniatik atzerrira joateko zailtasunak).

Hori dela eta, Euskal Herrira nahi adina aldiz etortzerik ez. Eta Hego Euskal Herrian ere, askoz egoera hobea ez, Primo de Rivera-ren diktadura, errepublika istilutsua, eta 1936 urteko guda, bata bestearen atzetik. Egoera larri honetan Hizkuntzalaritza ez ezik, Kimika ikasteko erabakia hartuko du, bigarren hau praktikoagoa iruditzen zaiolako.

Azkueren saiakera egoera horren barruan ulertu behar da. Baina honek ez zuen lortu Bähr Euskal Herrian finkatzea. Zergatia? Nire iritziz, batez ere Alemaniako unibertsitateen maila akademiko handia izango da horren erantzule. Ez dezagun ahaztu garai hartan, Alemania eta Austriako hizkuntzalaritza eta antropologia, mundu mailan, punta-puntakoak zirela. Eta bere ihardunarentzat giro aproposagoa nabarituko zukeen.

Gainera, azken urteetan, Alemania bertan ere, Bähr lehen mailako jakituna jotzen dute gai honetan, eta beste maisu handiren laguntza eskariak jasotzen ditu. Ez da erraza jakiten, hil ez balitz noraino hel zitekeen. Batez ere, bere lan erraldoi asko, ezinaren ezinez, aurrerago egiteko asmotan utzi zituelako.

...baina aurrera begira

Bähr bera, oso aurrerakoia zen zenbat arlotan. Euskara batu baten beharra ikusten du, “h” hizkia onetsi egiten du, Azkuerengan gaur egun nagusi den ikuskera du, Sabino Aranaren ekarpen linguistikoak baztertzen ditu... Zenbat gaietan, bere jarrera ez da 40-50 urte bete arte nagusituko euskalgintzan.

Zorionez, bere igarkizun batzuk ez dira betetzen. Schuchardt jaunari halako batean esaten dionez, euskarak gazteleraren eragina era berean jasaten jarraitu ezkero, 50 urtean gure inguruan desagertua legokeela! Horrek kezka oso modernoetara biltzen du Bähr.

Azkenik, garaiko beste zenbait ikerleek bezala, gai ezberdin asko aztertzeko gogoa azaltzen du: adizkera, testuak jasotzen, lexikoa biltzen, euskara eta beste hizkuntzen arteko loturak aztertzen, etimologiak, toponimia, dialektologia, azentua, tonuak, atlas linguistikorako materialak, mitologia...

Atzetik zer?

Bähr jaunaren korrespondentziari buruzko liburuak guzti hau ematen du, eta askoz gehiago ere bai. Orri hauetan bilduta agertzen dena altxorra da, ez dut zalantzarik. Bähr-en lanak eskuragarri egiten badira egunen batetan, ezusteko handiagoak izango ditugu, eta akaso, liburu hau, urre kutxa ireki zuen giltza bezala geratuko da...

Hortaz, korrespondentzia honen atzean, erdi ezkutuan geratzen dena, zerbait handiagoa da. Noizko Bähr jaunaren “Lan guztiak”? Gure Burdinolako lehendakariak hartuko al du ardura (eta erronka) hau?... Zorionak Oroitz.

 Aitor Azpiazu, 2005-08-15

1) Adibide bezala, Schuchardt jaunak Bähr berari idatzitako gutunik ez dator liburuan, hauen gaineko erreferentziak ugariak izanda ere. Hutsune dokumental handiena alderdi honetan nabaritzen da.
2) Guzti hauekin batera, Bähr-ek lagun jakin batzuei bidalitako eskutitzak ez dira ahaztu behar. Legazpiko Bastagingoa baserrira bidalitakoak talde honetan txertatuko genituzke.
3) 95 eskutitza.
4) Caro Baroja “desazkuezazio” prozesuaz mintzo zen Barandiaranen “Mitología Vasca” liburuko sarreran.
5) 107 eskutitza.
6) 47 eskutitza.
7) 77 eskutitza.
8) Batez ere, 156 eskutitza.
9) 165 eskutitza.
(Burdinola Elkartearen Txinpartak aldizkariaren 11. alean argitaratua)


Utzi iruzkina: