Burdinlariak: jatorrizko agirien indarra
Gure antzinako olen munduari buruzko liburu berri bat dugu argitaratzear, Burdinlariak
izango du izenburua. Liburua Antxine Aranburu,
Zumarragatarra, eta Legazpiko Virginia Etxeberriaren artean idatzitakoa da.
Lenbur Fundazioa eta Aranzadi Zientzi Elkartearen arteko akordiaren emaitza da,
lehendik egindako artxiboko informazioa bilketarako lanen ondorioa.
Ez dira liburu asko gure historiari buruzkoak
argitaratzen direnak. Ez da ohikoa, halaber, dibulgazio apal batetarako ez
diren liburuak euskaraz argitaratzea, are arraroagoa gure gustuko esparrukoa
izatea... Arrazoi horiek nahikoak lirateke liburua pozez hartzeko, baina...
liburua ez da hori bakarrik, lan zientifiko baten emaitza da. Jende askok
pentsatzen du historia liburu bati ezin zaiola eskatu zientifikotasuna, halako “txaskarrilo”
edo “suzedidoen” bilketa nahikoa dela, eta zoritxarrez badute arrazoia horrela
pentsatzeko, behin baino gehiagotan ikusi baitute halako libururik. Kasu
honetan, berriz, idazleek iturrietara jo dute eta artxiboetan zenbat egiteko
dagoen erakusten digute. Ez dira agiriak “deskubritu” soilik egin behar, baizik
eta sakon irakurri behar dira. Jatorrizko agiriak irakurketa bat baino gehiago
dute eta, edozein atalaren inguruan, gauza berriak agerian uzten dizkigute,
nahiz eta agiri ‘ezagunak’ izan. Gero, sortutako informazio horren gainean
sistematizazioa eta apaltasuna gehitzen bada... lan ederra.
Liburuak burdinaren inguruan aritzen ziren langileak ditu ardatz: ola barrukoak (meaileak, urtzaileak, ieleak, arotzak, olagizonak...) zein kanpokoak (ikazkinak, meatzariak, garraiolariak...). Artxiboetan dauden mota ezberdinetako agiri asko erabiliz, hango eta hemengo datuak tartekatzen dira antzinako bizimodu eta teknikak deskribatzeko. Ezagutzen ditugun gauzak agiriko aipamenekin ziurtatuta gelditzen dira, baina, bestetik, guretzat ezezagunak diren hainbat atal azalarazten digute. Interesgarriak, bereziki, meatzaritzako tekniken inguruan azaldutakoak, edota ola barruko hainbat ekarpena.
Liburu honek aukera ematen digu, bada, Legazpi eta bere inguru historikoa hobeto ezagutzeko. Urteetan egindako lanak emaitzak ematen hasi da, kasu honetan Antxine eta Birjiniaren bitartez. Halako liburuak irakurtzea gustuko dugunok disfruta dezagun!
Ramón Martín
(Burdinola Elkartearen Txinpartak aldizkariaren 8. alean argitaratua)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: