1936ko Gerra Zibila Zegaman
Izenburua: Herri zapalkuntzaren lekuko batzuk
Egilea: Angel Irigoras
Argitaratzailea: Erroteta
Urtea: 2006
“Halako gertakariez oroitzea ezinbestekoa da, etorkizunean gauza berbera gerta ez dadin. Guk zer edo zer badakigu. Gure lana gure seme-alabek eta haien ondorengoek sarraski hura ezagutzea da. Batzuentzat oroitzapena piztea txarra izango da, beste batzuentzat ezagutzeak harridura sortuko du eta askok lehen aldiz entzungo dute herriko historiaren zati hau”.
Angel, hi ez haiz idazle profesionala, nabaritzen zaik; baina, hala ere, a zer liburua egin duan! Hunkigarriak dituk bertako kontakizunak eta hunkigarria, aldi berean, erabilitako tonu sentikor eta ozena. Gure herriari, urteetan eta urteetan, ukatu zaion informazioa plasta-plasta ematen duk, eskuzabaltasunez. Aspaldiko partez, bai opari ederra!
Zenbat aldiz entzun ditugu etxean gerrako kontu tristeak, arreta handirik jarri gabe... Ez ginateke hiru-lau esalditatik pasako bakarren batek aiton-amonek eta gurasoek esandakoa errepikatzeko esango baligu. Hik, berriz, kontakizun horiek oso osorik jaso dituk, xehetasun askorekin. Ez hori bakarrik, garai hartako bizimodua eta giroa azaltzen ere saiatu haiz hobeto ulertu ahal izateko. Zenbat istorio ezkutatu zaizkigun!
Irakurle legazpiarrak jakin beza, Zegamako datuen ondoan Legazpiko batzuk ere azaltzen direla, han-hemenka (Arranaitzeko tiroak, Zegamara ezkondutako brinkolarrena....) Zein gustura irakurtzen diren, hain baita ezezaguna gai hori.
JLU
Iruzkinak
Utzi iruzkina: