Goierri gose-greban

zergatikez 1456153888924 Zergatik Ez? | 2007-01-17 10:47

Oraingo honetan Goierriri pasa diote lekukoa. Zortzi lagunek ekin zioten gose grebari eta astelehenean beste bi lagun gehitu zitzaizkien. Ekimen hau, euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko Euskal Herri osoko eskualdeetan antolatu diren txandakako gose greben barruan sartu dute. Goierri izango da, beste hiru bailarekin batera, Euskal Herri mailako ekimenari amaiera emango diona.

Larunbatean, Zaldibiako plazan bildutakoek gose-greba egitearen arrazoiak azaldu zituzten agerraldian. Espainiako eta Frantziako estatuen «bahituta» dituzten 621 presoen eta euren senide eta lagunen «sufrimendua areagotzen» ari dela esan zuten. «Hau da, preso politikoen eskubideen urraketa muturreraino eramanez eta herri honek hitza eta erabakia hartzeko duen eskubideari muzin eginez».

Pello Etxeberria Goierri beheko gose-grebalariaren arabera «bi estatuek ez dituzte askatzen beraien espetxe politikak sortutako gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten sei euskal preso politikoak, ezta euren zigorrak beteta dituzten 160 presoak ere. Euren helburuak lortzeko prest daude presoak zein senide eta lagunak hiltzeko, 22 presorekin nahiz 16 seniderekin egin duten bezala».

Euskal preso politikoen eskubideen alde gose greba egiten ari diren herritarrek Beasaingo eta Ordiziako asteroko azoketara eramango dute aldarrikapena, eta bertan informazioa banatuko dute. 

Goierrin presoen eskubideen alde gose greba egiten ari diren herritarrak identifikatu egin zituen Guardia Zibilak Beasainean, kartel batzuk jartzen ari zirenean. Ertzaintza ere gerturatu zen bertara. Bestalde, gose greban daudenek gaur Ordiziako azokan elkarretaratzea egingo dute Etxerateko kideekin batera.



Utzi iruzkina: