Bizimodu estresagarria

zaraobe 1456153832430 Zaraobe Institutuko testuak | 2010-11-11 23:59

Stress hitza fisikan erabili zen lehen aldiz eta hogeita hamarreko hamarkadan hartu zuen Hans Seyle-k, pertsonarengan eragina izaki, erreakzioak sortzen dituzten gorabehera eta gertaerak aipatzeko. Estresa fenomeno fisiologiko normala da, mehatxuzko hautematen dituen estimuluen aurrean organismoak ematen duen erantzuna. Horregatik, estres ona positiboa da: egoera zailak jasaten eta ingurunearen eskaeren aurrean erreakzionatzen laguntzen du. Estres negatiboa edo distresa agertzen da, berriz, organismoa egoera batera egokitzeko gauza ez denean, ingurunearen eskaerei erantzun egokirik emateko gai ez denean. Neurriz gaineko aktibazio eta antsietatea sortzen da, gauzetan eraginkortasunez zentratzeko gaitasunik ezarekin batera. Malabaristak ere hiru pilotarekin egiten ditu bere maniobrak, gero laurekin, ondoren bostekin; baina seigarrena sartzean, pilota guztiak erortzen zaizkio, ez seigarrena bakarrik.

Pertsonek gaitasun mugatua dute lanerako eta egoeren aurrean erantzuteko. Une horretan erantzun dezakeguna baino gehiago eskatzen badigute, erabat blokeatzeko arriskua dago eta ia zailtasunik ez duten lan errazak ere egin ezinda geratzekoa. Eguneroko beharrei eta ezohiko egoerei erantzuteko nolabaiteko aktibazio maila behar dugu, tentsio puntua. Behar adinakoa ez baldin bada, ez dugu ongi erantzungo, baina tentsioa larregikoa bada, erantzuteko ahalmenik gabe gera gaitezke.


Utzi iruzkina: