XJ auzolaneanek, EPAtik Loiolarako zatia egingo du beste hainbat eragilerekin batera

xjauzolanean 1456153786868 Xj auzolanean | 2012-01-27 01:10

uztarria.com

Urola ibaiaren bazterrak garbitzeko elkartuko da hainbat lagun datorren zapatuan, urtarrilaren 28an. Udalak herritar baten proposamenari eutsi eta hainbat talde eta eragilek bat egin dute ekimenarekin. Joan den abenduaren 14an Denon artean kanpaina aurkezteko Sanagustinen egin zuten herri kontseiluan jasotako proposamenetako bat izan zen hori eta, talde eta eragileetako kideek ez ezik, nahi duten herritar guztiek izango dute ekimenean parte hartzeko aukera. 08:30erako plaza Nagusira agertzea besterik ez dute izango.

Atzo, astelehena, eman zuten prentsaurrean auzolanean egingo den ibai garbiketaren berri. Udal ordezkari batzukin batera, parte hartuko duten hainbat taldetako kideak elkartu ziren udaletxeko Areto Nagusian. Besteak beste, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Oilagorra arrantza eta ehiza elkarteak, Azpeitia Zero Zaborrek, Gaztetxeak, XJ Auzolaneanek, Bilgune Feministak, Emakumeen Mahaiak eta Baigerak bat egin dute zapatuko ekimenarekin, eta hainbat norbanakok ere bai.

Nondik norakoak eta gomendioak

Lasao eta Loiola bitarteko ibai zatia garbituko dute larunbatean, 08:30etik 12:30era. Aipatutako tarte hori beste hiru zatitan banatu dute, lan-taldeak antolatzeko. Horrela, Lasao eta Damaso Azkue arteko garbiketa (Gaztetxearen pare aldera) Gaztetxekoek eta Oilagorrakoek egingo dute; Damasonetik Jose Artetxerainokoa (Perretxiko pareraino), berriz, Azpeitia Zero Zaborrekoek eta Lagun Onak MBkoek; eta hortik Loiolarainokoa, XJ Auzolaneanek, Bilgune Feministak, Emakumeen Mahaiak eta Baigerak. Ekimenarekin bat egiten gainerako herritarrak hiru talde horietan banatuko dituzte.

Ibai garbiketan arituko direnentzat zenbait gomendio ere eman dituzte. Alde batetik, “arropa erosoak eramatea: botak, xirak, sukalderako erabiltzen diren eskularruak eta txaleko erreflektanteak”; izan ere, betetzen joango diren poltsak bide bazterrean utzi beharko dituzte, haiek jasotzen ibiliko diren furgonetek jaso ditzaten.

Gero, hondakinak ikusgai

12:30ean plazan elkartuko dira ibai garbiketan parte hartzen duten guztiak. Hamaiketakoa ere izango dute, Sanagustinpean.

Jasotako zabor-poltsa guztiak plazan jarriko dituzten edukiontzi handietan utziko dituzte. Eta hortxe ikusiko dituzte 15:00ak aldera arte, ikusgai, “zer zikinkeri sortzen dugun ikusteko”, Leire Etxaniz zinegotziak atzo azaldu zuenez.

“Hau hasiera bakarrik dela” nabarmendu zuen Etxanizek, aurrerantzean ere “auzolaneko hainbat ekimen martxa jartzea” delako Udalaren helburua. “Ea denon artean Azpeitia hobe eta txukunago bat lortzen dugun” esanez amaitu zuen agerraldia Etxanizek.


Utzi iruzkina: