Badatoz Kilometroak, badator festa giroa

xjauzolanean 1456153786868 Xj auzolanean | 2011-09-12 15:32

Zapatuarako, hilaren 17rako, egun guztiko egitaraua antolatu dute XJ auzolaneanek, Kilometroak 2011ko antolatzaileek, Tabernarien Elkartekoek eta Azpeitiko Udalekoek elkarlanean

Hala, puzgarriez, herri bazkariaz, Xake Txapelketaz, kontzertuez... gozatzeko aukera egongo da egun guztian

Egun gutxi falta dira Kilometroak 2011 festa egun handirako. Kilometroen harira, hainbat ekimen antolatu dituzte urte guztian, eta datorren zapatuan, hilak 17, Auzolanari Klik! Hik lan eta nik jai Eguna ospatuko dute XJ auzolaneanek antolatutako AuzoRock musika jaialdiaren baitan. 2011ko Kilometroetako antolatzaileek, Azpeitiko Tabernari Elkarteak, Xj Auzolaneanek eta Azpeitiko Udalak antolatu dute egitaraua elkarlanean eta antolatzaileek adierazi dutenez, "egun handia izango da eta ilusioz gaude".

Hala, goizean hasita festa giroa nagusituko da bai Sanjuandegin eta baita Alde Zaharrean ere. 11:00etan puzgarrian eta kale animazioa egongo dira Sanjuandegin. Segidan, 12:00etan, Mondokane eta Aldexok taldeek kontzertuak eskainiko dituzte auzoan. 14:30ean, bazkaria egingo dute epaitegi aurrean eta, bazkalostean Historia Bertsotan emanaldia eskainiko dute. 16:00etan, Xake Txapelketa jokatuko da. 16:30ean, aldiz, epaitegi aurrean jarriko duten karpan Kasik taldearen kontzertuaz gozatzeko parada izango dute bertaratzen direnek, eta 18:00etan, Sanjuandegitik Alde Zaharrera musikaz alaitutako kalejira egingo dute.

Behin Alde Zaharrera iritsitakoan, Old Bridge taldearen kontzertua izango da Perez Arregi plazatxoan jarriko duten oholtzan. 19:00etan, txerri errea banatuko dute plazan eta Xake Txapelketako sari banaketa ere egingo dute. Hortik aurrera musika nagusituko da plazan, Sanagustin kulturgunean eta Perez Arregi plazatxoan. 19:30ean Adabegi taldea igoko da plazako eszenatokira. Hura bukatutakoan, 20:30ean, Garraxika taldeak eskainiko du kontzertua Perez Arregi plazatxoan. 21:30ean Egurra ta Kitto! taldea entzuteko aukera izango da Sanagustinen. 23:00etan, Kilometroetako abestia egin duen taldearen, Ze Esatek!-en, txanda izango da. Plazan izango da emanaldia, eta behin hori bukatutakoan, 01:00ak inguruan, DJ Reeferek hartuko du musikaren lekukoa.

Irailaren 17an Sanjuandegin egingo den bazkarirako sarrerak salgai daude dagoeneko. Ohiko tabernetan eskuratu daitezke sarrerak 10 euroren trukean. Arazoren bat izanez gero, berriz, 668 824 474 zenbakira deituta ere eskuratu ahal izango dira.

Bazkaltzeko paella egongo da, eta edaria, postrea eta kafea ere egongo da joaten direnentzat.

Iturria: uztarria.com



Utzi iruzkina: