XEREZADE OPORRETAN

xalp 1456153742814 Xerezaderen Artxiboa | 2011-12-21 23:37
2

Entzule bihotzekook:

Neguko solstizioa hurbil dagoela eta inguruotan txipli-txapla pun ospakizunen usain goxoa dagoela, erabaki dut ni ere tartetxo batez erretiratzea; hala ere, opor sasoian hegaldiek eta hotelek, baita jaimarik apalenenak ere, prezio lotsagarrietaraino igotzeko joera izaten dutenez, nahiago izan dut, xoxa zaintze aldera, atsedenaldia lehenxeago hartzea, egun seinalatuak baino pare bat aste lehenago, alegia. Hori dela eta, aste honetan eta hurrengoan ez duzue Xerezaderen Artxiboko atal berririk izango.

Bestalde, aitortu behar dizuet azken sei hilabeteok nire bizitzako pozgarrienetakoak izan diren arren, pixka bat nekatuta nagoela. Literatur piezen bila batetik bestera ibiltze honek Kalifarekin emandako gau luze haiek baino gehiago akitu nau ia, nekearekin batera gozamen handia izan badut ere, amodioaren langintza eztiarekin gertatzen den antzera.

Hori dela eta, oporretatik itzultzen naizenean, urte berriarekin eta indarrez eta asmo ederrez beterik, gure bilerak ez dira asterokoak izango, hamabost egunik behingoak baino. Xerezaderen Artxiboak astekari izateari utzi eta hamabostekari bihurtuko da, horrenbestez.

Ez, pentsa, ez, abandonatu nahi zaituztedanik: atseginik eman badizue inoiz nire kontaketak, hori bezain handia edo handiagoa izan baita nik zuei kontatzean hartu dudana. Khalil Gibranek idatzi zuen bezala,

Joan zelai eta lorategietara, eta ikusiko duzue erlearen gozamena dela loretik eztia biltzea,

Baina, era berean, lorearen gozamena dela bere eztia erlearentzat jaregitea.

Bizi iturria baita eztia erlearentzat,

Eta maitasunaren mezulari, berriz, erlea lorearentzat

Eta bai erlearentzat bai lorearentzat, plazera ematea eta jasotzea premia baita, eta estasia

Laster arte, beraz, bihotzeko adiskideok. Mikaztasunik gabe egin agur urte zaharrari eta esperantzaz beterik abegi urte berriari. Zuen falta izango dut, baina hori ere goxoa izango da. Izan ere, Khalil Gibranen hitzak berriz ere gogoratuz:

Adiskidearengandik urruntzen zarenean, ez zaitez goibeldu; berarengan gehien maite duzun hori garbiago ageri baitaiteke bertan ez dagoenean, hala nola mendia garbiago ageri zaion mendizaleari haranetik begiratuta.

Iñigo

Iñigo 2011-12-27 12:47 #1

Ondo merezia dun atsedena, Xere maittea, Jakin bazakinat, hala ere, ez dela erabatekoa izango, Bagdadetik Damaskora habilela belarriak zoli, ea zer kontakizun berri biltzen dunan.

Ez diezazula inork amenazuzko keinurik egin azokan!

Xerezade

Xerezade 2011-12-29 11:27 #2

Eskerrik asko, Iñigo. Eta badakit zu ere Lisboako kaleetatik gora eta behera zabiltzan arren, beti duzula tartetxo bat Xerezaderentzat. Halako batean topo egingo dugu berriro, agian Chiadoko taberna batean.

Eta, badaezpada, ez naiz Isfahanetik pasatuko...

Utzi iruzkina: