XEREZADE OPORRETAN

xalp 1456153742814 Xerezaderen Artxiboa | 2012-04-18 23:02

Gehienok aurreko bi asteetan oporretan egon zareten bitartean, Xerezade lan eta lan ibili da inurritxo baten moduan, istorio fardelak lepoan kargatzen, apaletan ondo sailkatzen eta txukun-txukun jartzen gero zuei esateko. Neka-neka eginda dago eta orain tartetxo baten premia dauka indarrak berreskuratzeko. Baina ez kezkatu, laster batean berriz ere izango da zuekin mila ipuin eta bat gehiago kontatzeko.

Bitartean, bi poema uzten dizkizue, biak praktiko baino praktikoagoak, jakituriak libre egingo gaituela uste baitu. Lehena, "Pikua", D. H. Lawrencerena da, eta fruta hori behar bezala jateko instrukzioak ematen dizkigu. Zer? Uste zenuten piku bat ganoraz jatea kontu erraza zela?

Bigarrena Mahmud Darwishena da, eta hori ere oso didaktikoa da. "Kamasutra lezioak" du izena eta zera... ba horixe.


Pikua - D. H. Lawrence

Jende aurrean pikua jateko modu egokia da
lau zatitan ebakitzea, txortenetik helduta,
eta gero zabaltzea, lau petaloko, lau petalo lodiko
lore distiratsu, arrosa, busti, eztitsua izan dadin.
Orduan, ezpainekin lorabegia atera eta
azala bota behar duzu, lau sepaloko kaliza bezalakoxea.

Baina jateko modu baldarra da hori:
ahoa zulora hurbildu eta
haginkada batez mamia kentzea.

Fruta guztiek daukate euren sekretua
Pikua sekretu ugariko fruta da
Hazten dagoela begiratzen diozu,
eta sinbolikoa dela ohartzen zara berehala.

Eta arra ematen du
baina hobeto ezagutzen duzunean, bat zatoz
erromatarrekin: emea da.

(Ingelesetiko itzulpena: Ana Morales)


Kamasutra lezioak - Mahmud Darwish

Lapislazuliz hornitutako kopa hartuta

haren zain nago

urmaelaren ondoan, lurrinaz eta arratsaz,

haren zain nago

mendiko bideei ekiteko prest dagoen zaldiaren pazientziaz

haren zain nago

printze errefinatu eta ederraren dotoreziaz

haren zain nago,

hodei mehez betetako zazpi almohadaz,

haren zain nago

intsentsu emearen su sarkorraz,

haren zain nago.

Zaldien lepoari darion sandalo usain arraz

haren zain nago.

Ez larritu. Berandutzen bada

itxaroizu

eta behar baino lehenago heltzen bada

itxaroizu,

eta ez egizu ikaratu haren trentzetan lo dagoen txoria.

Itxaroizu,

lasai senti dadin, loraldi betean dagoen jardina bezala.

Itxaroizu

bere bihotzean aire bitxi hau arnastu dezan.

Itxaroizu

gona igo dezan eta haren hankak ageri daitezen, lainoz laino.

Itxaroizu

eta eraman ezazu leiho batera, esnetan bustitako ilargia ikus dezan.

Itxaroizu

eta ardoa baino lehen emaiozu ura, ez

begiratu haren bularrean lotan datzan eper pareari.

Itxaroizu

eta goxo laztanduiozu eskua

pausatzen duzunean kopa marmolean,

ihintzaren pisua kentzeko bezala.

Itxaroizu

eta egiozu berba, txirulak

biolin-hari beldurtuari bezala,

biharko egunak gordetzen dizuenaren lekuko bazinete legez.

Itxaroizu

eta landu haren gauaren harria eraztunez eraztun.

Itxaroizu

harik eta gauak esan arte:

zuek biok baino ez zarete geratzen munduan.

Eta orduan eraman ezazu, goxo, zure herio desiratura

eta itxaroizu…

 

Mahmud Darwish, “Kamasutra lezioak”, Arrotz baten ohantzea. (Gaztelaniatiko itzulpena: Ana Morales)



Utzi iruzkina: