"Onek" irabazi arren, ezer konpondu ezinik

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2012-06-19 11:21

Aurreko artikuluan idatzi nuenez, maiatzaren 6an Grezian egindako hauteskundeen ostean ezin izan zen gobernurik eratu. Hori zela eta, bertako presidenteak berriz egiteko agindu zuen. Horrela, pasa den igandean izan dute bozkatzeko aukera (bigarren aldiz hile t'erdian).

Nik neuk ez dakit Grezian bertan zer nolako kanpaina eduki duten. Handik kanpo, ordea, agintari eta komunikabide handiek (edota beraien buruak handitzat dituztenek) lotsagabeki jokatu dute Greziako herritarrak beldurtzeko. Besteak beste, Syriza ezkerreko koalizioak irabaziz gero Grezia eurogunetik kanpo geldi zitekeela mehatxuka aritu dira, gezurrezko testigantzak eta irainak erabiliz: demagogoak direla, ezker erradikala direla (beraiek ez ote dira Syriza besteko erradikalak, beste aldera?), Europa guztia hankaz gora jartzeko lehen urratsa izango dela, etab. Drakma (euroa sartu aurretik Greziako txanpona) itzuliz gero, greziarren zorrak gora egingo zukeela ikaragarri, murrizketa handiagoak egin beharko zirela, eta ez dakit zenbat iragarpen apokaliptiko gehiago.

Zoritxar horiek guztiak saihesteko bide bakarra Demokrazia Berria alderdiko kontserbadoreek eta PASOKeko sozialdemokratek erabateko gehiengoa lortzea zela sinestarazi nahi izan dute. Horiek adierazi dute, hain zuzen, Greziak, beste edozeren aurretik, zorra ordaindu behar duela, kosta ala kosta. Noski, horrez gain, ez dira Syriza-koak bezalakoak, moderatuak, erantzukizun handikoak, europeistak eta guztiz demokratak baizik.

Bruselako agintariei ahaztu egin ote zaie, agian, orain defenditu dituzten alderdiek (Demokrazia Berriak, bereziki) bere garaian Greziako estatistikak manipulatu zituela euroa indarrean sartu ahal izateko? Eroskerian eta korrupzioan oinarritutako sistema politikoa eraiki dutela herrialde heleniarrean azken 30 urteetan?

Azkenean, emaitza uste baino estuagoarekin, Demokrazia Berriak irabazi ditu hauteskundeak. Aurrekoan ez bezala, gainera, PASOKeko diputatuekin batuta erabateko gehiengoa lor dezake. Europa guztia lasaitu omen zen "onek" irabaztean; Greziak "arnasa eman" zion euroari, "Europaren alde" bozkatu zuen, guztiontzat "emaitza ona" lortu zen, "merkatuak lasaitzeko" balioko zuen.

Biharamunean, ordea, lehengo lepotik burua: burtsa behera, arrisku saria gora, estatu espainiarrean erreskate handiago baten zurrumurruak, Italian antzera... eta Europako herri xeheak (kasu honetan Greziakoak) beste arma bat galdu du eraso horiei guztiei aurre egiteko. Krisialdi hau bultzatzen dutenek beste oztopo bat gainditu dute beraien lasteketa itsuan.

Demokrazia, izan ere, oztopo bihurtu da inbertsore, bankari eta bestelakoen begietara, eta, Greziako kasuan erakutsi digutenez, edozein bide erabiltzeko prest daude "herriaren boterearen" gainetik beraien helburua lortzeko. Gelditzen ez baditugu, beraiek sartu nahi diguten beldur artifizialak hartzen bagaitu, ez dute ezer zutik utziko. Marrazo horiek aske dirauten bitartean, ez gaude inola ere seguru, ez dugu ezer seguru. Demokraziaren sorterrian egin dutena ikusita argi dago ez daukatela mugarik, ez dagoela "marra gorririk", herriak jarri ezean. Beranduegi ez bada, behintzat.


Utzi iruzkina: