Non hasi eta non bukatzen da adierazpen askatasuna?

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2012-09-20 13:25

Azken egunotan 50 lagun baino gehiago hil dira munduan, herrialde musulmanetan izandako istiluetan. Horien oinarrian Ameriketako Estatu Batuetan egindako filme bat dago, diotenez Islamaren profeta Muhammad iraintzen omen delako bertan. Pelikula hori Internetaren bidez zabaldu ostean, manifestazio eta iskanbilak izan ziren hainbat herrialdetan, gehienbat Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbilean. Tartean, Libian AEBetako enbaxada erasotu eta bertako enbaxadorea hil zuten.

Atzo bertan, Frantziako aldizkari satiriko batek Muhammaden parodia bat kaleratu ondoren, Frantziako gobernuak atzerriko hainbat enbaxada eta ordezkaritza ixteko agindu zuen, segurtasun arrazoiak argudiatuta. Egoera horren antzekoa bizi izan zen 2006an ere, Danimarkako aldizkari batek antzeko irudiak argitaratzean. Zentzu horretan, galdera ugari sortzen zaizkit beste behin: Non hasi eta bukatzen da adierazpen askatasuna? Erlijio sinismenei edo bestelako iritziei buruz edozer kalera daiteke, askatasun hori oinarri hartuta? Norbaitek bere iritziekin mintzen bagaitu, zer bitarteko erabil genezake indarkeriara jo behar ez izateko?

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera "edozeinek du pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasuna" (18 art.) eta baita "iritzi eta adierazpen askatasuna" ere (19 art.). Kontua da ea nola batera daitezkeen bi askatasunok, are gehiago nazioarteko gatazka bat denez estatu barneko legediak ez baitu balio beste herrialdeentzat. Izan ere, Frantziako aldizkari satirikoak esan dezake bertako Konstituzioak babesten duela, estatu laikoa izanik, erlijioaren gaineko ironia edo bromak egitea. Aro global honetan, baina, argumentu hori herren geratzen da komunikabide hori mundu guztiko irakurleek eskura dezakete eta (konstituzio horrek babesten edo mugatzen ez dituztenak barne).

Nire iritziz erlijio eta uste politikoek errespetua merezi dute, zalantzarik gabe. Baina gizarte askotan, erlijio fundamentalismoak hartutako indarra mehatxu bat bihurtu da, baita beste herrialdeetan adierazpen askatasuna erabili lan egiten duten hainbatentzat ere (kazetariak, artistak...). Horregatik, iruditzen zait adierazpen askatasuna defendatu behar dela lehendabizi. Orain egin den pelikulak edo aldizkariak pertsona batzuen sentsibilitatea min dezakete, ados, baina horrek ezin du, inola ere, indarkeria erabiltzera bultzatu.

Sentsibilitatea, izan ere, oso gauza subjektiboa da, eta bere izenean adierazpen askatasunaren aurkako ekintzak zilegi izanez gero bide arriskutsu batean sartuko ginake. Gizarte aske batean bizi nahi izanez gero, ez genioke mugarik jarri behar sorkuntzari. Batek gustuko izan dezake zerbait, bestearentzat nazkagarria izan daiteke, baina ezin da debekatzerik onartu.

Askatasunez, bakoitzak bere iritzi edo sinismenak aintzat hartuz, jakin behar du zer ikusi, entzun, erosi edo begiratu behar duen. Ustezko erlijio edo iritzi sentsibilitatea mintzearen aitzakian besteei askatasuna mugatzea onartzea, aldiz, askatasunaren aurkako erasoa da beti.


Utzi iruzkina: