Kataluniara begira

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2013-12-15 19:00

 

Kataluniara begira jarraitzen dugu beste behin, azken urteotan bezala, erabakitzeko eskubideak herrialde hartan hartu duen bultzada berria dela eta. Izan ere, ostegunean, Artur Mas Generalitateko presidenteak agerraldi publikoa egin zuen, kontsulta proposamena babesten duten alderdietako ordezkariak lagun, erreferendumaren data eta kataluniarrei egingo zaizkien galderak aurkezteko. Hain zuzen, horixe da jende gehien harritu dituena; 2014ko azaroaren 9an egingo den erreferendumean ez da galdera bakarra egungo, bi baizik. Eta kontuak, nola ez, merezi du azterketa txiki bat.

 

Gutxienez 2010etik Kataluniaren eta Madrileko gobernuaren arteko tentsioa haziz joan da etengabe. Ezinegon horren adierazle nagusienak (behintzat ikusgarrienak) 2012ko eta 2013ko Diada egun nazionaleko ekitaldiak izan dira. 2012an Katalunia Europako estatu gisa onartzeko aldarrikapena nagusitu zen Bartzelonako kaleetan, eta 2013an, inoiz ikusi gabeko maila batean, gizarte katalanaren mobilizazio erraldoia gertatu zen, Katalunia iparraldetik hegoaldera zeharkatu zuen giza katea alegia. Azken horrek, gainera, izenean bertan argi eta garbi jarri zuen bere helburua: “Independentziarako Bide Katalana”. Lema horrekin, gaizki ulerturik onartzen ez duen horrekin, milioi eta erdi lagun mobilizatu ziren.

 

2012ko Diadaren ostean hauteskundeak deitu zituen Artu Mas presidenteak, manifestazio handi hark berari babesa eman ziezaiokeela iritzita, baina emaitza kaskarrak izan zituen. CiU eta PSCren beherakada handia eta ERC eta Ciutadansen igoera izan ziren hauteskunde haietako emaitzarik nabarmenenak, eta Masek, hasierako usteen aurka, ERCren babes parlamentarioarekin gobernatzea onartu behar izan du. Babes hori ez da doakoa izan, subiranotasunaren prozesuan egutegia zehaztu behar izan baitu horretarako. Hala, independentziari buruzko erreferenduma planteatzeko beharrean aurkitu zen, CiU bere alderdiak hogeita hamar urte hauetan izan duen jarrera zalantzatiari ustez amaiera emanda.

 

2013ko giza kate independentistan, milioi eta erdi katalanek mezu argia igorri zuten: galdeketa ezin da gehiago atzeratu, 2014an egin behar da, eta jendeak ez du onartuko hauteskunde batzuez aldatzea, Madrilek baimenik ematen ez duelako.

 

Kontsultaren kontu hau nahiko konplikatua izan daiteke askoren iritziz, batez ere alderdi batzuetan jarrera oso argirik ez dagoelako. Noski, Esquerra Republicana eta CUP independentziaren aldeko dira guztiz, eta, zer esanik ez, Alderdi Popularra eta Ciutadans erabat aurkako. Convergencia Democratica (Masen alderdia) badirudi azken urteetan joera independentista hartzen joan dela, Pujolen urteak atzean utzi ahala. Ezin daiteke gauza bera esan Unió Democratica alderdiari buruz, bere buruzagi Duran i Lleidak sarri agertu baititu independentziarekiko erreparoak, non ez den erabat aurka azaldu. Iniciativa per Catalunya-Verds alderdiaren baitan ere gauzak ez daude hain argi; nahiz eta beti federalismoaren defentsa egin, azkenaldian zenbait kidek beraien burua independentistatzat agertu baitute publikoki. PSC, azkenik, noraezean ageri da beste behin, behin Generalitatetik egotzia izan zenetik proiektu argirik gabe. Azken horiek federalismoa defendatzen jarraitzen duten arren, Madrilekiko eta PSOErekiko harreman ereduak krisi larrian murgilarazi ditu, eta galduta dute behinola Katalunian zuten postu zentrala.

 

Gauzak horrela, eta hasieran esan dudan bezala, Masek aurkeztutako proposamenak galdera bi ditu, biak ere bai-ez erantzutekoak:

 

* Katalunia estatua izatea nahi duzu?

* Kataluniako estatua independente izatea nahi duzu?

 

Proposatutako metodologia bera nahiko zalantzazkoa iruditzen zait; lehen galderan erabakitze eskubidearen aldeko guztiak batu nahi dira (gehiengo argia gaur egungo Katalunian, inkesten arabera), eta hor baiezkoa bozkatzen dutenak ondoren independentziaren gaineko galderara bultzatu. Horrela, zuzenean independentziaren inguruko erreferenduma eginda gerta zatekeen balizko porrota ezkutatzea lor dezake, inkestek, gaur-gaurkoz, herritar gehienek independentziaren alde bozkatzeko nahia dutela erakutsi arren.

 

Estrategia horrekin garaipen mugatua behintzat segurtatu nahi du Masen gobernuak; bigarren galderan ezezkoa gertatuz ere, lehenengoan izandako baiezkoak egungo egoerarekiko dagoen aseezintasuna islatuko luke, eta, ustez, Madrileko gobernuari presio egiteko balioko luke beste estatus politiko bat lortze aldera. Madrilek, edonola ere, argi utzi du galdeketa hori ez duela inondik inora onartzen, eta bere bitartekoak erabiliko dituela berori eragozteko. Bi aldeek jarrera irmoak dituztenez gero, zail dakusat konponbideren bat bilatzea.

 

Madrilek duen portaera itsua ez da herrialde demokratiko batek izan beharrekoa. Ulertzen dut gobernu espainiarrak estatuaren batasuna defendatu nahi izatea, helburu gisa zilegi baita (nahiz eta nik ez konpartitu). Baina herri bati bere estatusa erabakitzeko eskubidea ukatuta ez du arazoa konponduko. Arazoa, izan ere, badauka, bai Katalunian eta baita Euskal Herrian ere; bi nazio horietan Espainiarekiko atxikimendua inoizko txikiena den arren, ez du, bere aldetik, inolako saiakerarik egiten adostasun eta bake giro bat jartzeko. Aitzitik, dena da mehatxua, iskanbila, zigorra, auzitegia, polizia eta ejertzitoa. Horiez gainera, noski, balizko Katalunia independentea lehen unetik Europar Batasunetik kanpo geratuko dela esatea, nahiz eta ez aurrekaririk ezta legedi zehatzik ere ez izan gai horretaz.

 

Europar Batasuneko kontu hori uste baino konplexuagoa da: batetik, Kataluniako herritarrak, gaur egun, Europar Batasuneko herritarrak dira (Espainiar estatuko hiritarrak diren neurrian, bai, baina horrek dakartzan eskubide eta betebehar guztiekin), eta ez dago inolako formula legalik herritar horiei hiritartasun eta eskubide horiek kentzeko, are gehiago Espainiako Konstituzio aldaezin eta sakrosantuak ere horrelakorik onartzen ez duela kontuan izanik; bestetik, norbaitek uste al du Europar Batasunari interesatzen zaiola Katalunia bezalako merkatu bat galtzea (zoritxarrez, merkatu huts gisa ikusten gaituzte Brusela aldetik) eta Bartzelona bezalako hiri bat Batasunetik kanpo geratzea? Belgika zatituz gero inork imajina dezake Brusela hiriburua (EBko organo askoren egoitza ere badena) Batasunetik kanpo geratzea? Espainiar nazionalistek darabilten sasi-argumentuari buelta emanez, gaur egun banatzea baino egokiagoa omen denez elkartzea (globalizazioaren aurrean, etab.) nola utz dezakete ustez EB barruan iraun nahiko lukeen Katalunia hortik kanpo?

 

Ondorengo hilabeteetan ikusiko dugu norainokoa den bakoitzaren heldutasun politikoa. Espero dezagun Kataluniak orain arte erakutsitako heldutasunari eutsiko diola; Estatu espainiarrak jarrera demokratikoagoa hartzea, aldiz, oso zail ikusten dut.


Utzi iruzkina: