Iñigo Cabacasen heriotzaren aurrean
Aurreko egunetan hil da Iñigo Cabacas gaztea, apirilaren 5eko futbol partiduaren ostean jasotako pilotakadaren ondorioz. Egun batzuk igaro direnez, espero dut kasuaren larritasunak ez didala zentzuzko iruzkin bat egitea galaraziko.
Beste ezer baino lehen, nola ez, heriotza hau erabat gaitzetsi behar da, baita Iñigoren familia eta lagunei erabateko elkartasuna erakutsi ere. Ertzaintzak kasu honetan erabilitako gehiegizko indarkeria (indarkeria noiz ez da gehiegizkoa?) ezin da inondik inora justifikatu. Athletic-eko jarraitzaile ugari taldearen garaipena ospatzen ari zela, zenbaitzuek iskanbila piztu nahi izan zutela eta, zilegi ote da Ertzaintzaren lau furgoi agertzea, pilotak botatzeko tramankulu beldurgarri horiekin? Zilegi zaie, horrelako jendetza biltzen den tokietan, pilota horiek botatzea? Nork eman zuen erasotzeko agindua, ala ertzain bakoitzak bere kabuz jardun zuen? Nor izango da erantzule? Ertzaintzak eta beste poliziek beraien jardun metodoak aztertu eta aldatuko al dituzte, horrelakorik berriz ez gertatu ahal izateko?
Momentuz, Herrizaingo Sailak adierazi duenez, 2013tik aurrera ez dira gomazko pilotak erabiliko. Zergatik itxaron zortzi hilabete baino gehiago? Zergatik ez berehala ezabatu mutil gazte baten heriotza eragin duen arma mota hori?
Ertzaintza eta beste poliziak "segurtasun indarrak" omen dira. Zeinen segurtasunerako? Kasu honetan ikusi denez, poliziaren gehiegizko armadurak herritarren segurtasuna, bermatu beharrean, arrisku larrian jartzen du. Gogoeta egin beharreko gaia dela dirudi, garai berriak bizi ditugun honetan, nola bermatzen den "ordena publikoa" gure jendartean; denok, Ertzaintzagandik hasita, molde berriak jarri behar ditugu abian, bakezko giroa nagusi dadin.
PD: Beste hilketa mota batzuetan kondena eta gaitzespenetan maisu diren batzuk gertaera tamalgarritzat jotzera mugatu dira. Hor ere badaukagu zer ikasia oraindik, alde guztietako indarkeria behin betiko ezabatu nahi baldin badugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: