BEZa gora, beste guztiok behera!

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2012-07-11 20:40

Mariano Raxoi Estatu Espainiarreko gobernuburuak gaur iragarri du, beste neurri batzuen artean, BEZaren (Balio Erantsiaren gaineko Zergaren) igoera. Estatuko eta, beraz, Hego Euskal Herriko egoera ekonomiko eta soziala dagoen bezala egonda, ez da txantxetako kontua, inondik inora.

BEZa (gaztelaniazko IVA) produktu eta zerbitzu guztiei ezartzen zaien zerga berezia da. Europar Batasuneko herrialde guztietan dago indarrean, nahiz eta bere tasa estatu bakoitzak ezartzen duen. Estatu espainiarrean hiru motatako BEZa dago: orokorra (orain arte %18koa zena), murriztua (%8koa zena) eta "supermurriztua" (%4koa), produktu eta zerbitzuaren arabera:

  • Supermurriztua oinarrizko produktuei ezartzen zaie: ogia eta bere osagaiak, esnea, gazta, arrautzak, barazkiak, fruta, lekaleak, patata, liburuak, egunkariak, aldizkariak, sendagaiak, babes ofizialeko etxebizitzak eta ezinduentzako protesi eta ibilgailuak. Horien kasuan, BEZa %4koa izango da, orain arte bezala.
  • Murriztuan datoz aurreko atalean sartu ez diren elikagai eta edariak, pertsona eta bagajeen garraioa, hostalaritzako zerbitzuak (tabernak, jatetxeak, hotelak...), eraikuntza, ikuskizun kulturalak, garbiketa zerbitzuak, osasuneko produktuak (sendagaiak izan ezik), etab. Horiek %8ko tasa zuten orain arte, baina hemendik aurrera %10ekoa izango dute.
  • Azkenik, gainerako zerbitzu eta produktuetan (tasa orokorrekoetan, alegia) tasa orain arteko %18tik %21era igaroko da.

BEZaren igoera horrek erabat apurtu du Alderdi Popularrak hauteskunde kanpainan esandakoa. PPk zioen ez zituela zergak igoko, horrek herritarren erosahalmena nabarmen okertuko zuelakoan. Alderdi Sozialistak gai horretan izandako jokaera (PSOEk ere BEZa igo baitzuen bere garaian) gogor kritikatu zuen, besteak beste, Raxoi berak, mitin batean ume bat atzamarrez seinalatu eta esan zuenean "ume honi goxokiak igoko dizkiote" (A este niño le subirán los chuches). Ederto! Eta orain zer? Zergen igoeraren kontra zeuden horiek botika bera aplikatzen dihardute. Herritarrak gero eta gehiago estutu, ahalik eta zukurik handiena aterarazteko, galeretako esklabuak bailiran.

Ez da ahaztu behar, gainera, BEZ zerga zeharkakoa dela. Hau da, kontsumitzaile guztiek ordaintzen dutela, beraien errenta maila kontuan izan gabe. Ogi barra batek, dozena bat arrautzek edo hozkailu batek prezio bera du herriko aberatsenarentzat zein behartsuarenentzat. Eta, nola ez, kalte handiagoa egiten dio, horregatik beragatik, erosahalmen txikiagoa duenari, produktu bera erosteagatik bere errentaren zati handiagoa ordaindu behar baitu.

Argi dago gobernu honek herritar xeheak oraindik xeheago egin nahi dituela. Nola uler daiteke, bestela, ia sei milioi pertsona lanik gabe dauden estatuan horrelako neurriak aplikatzea? Laneko dirusarrerarik ez duten familia unitateen kopurua gero eta handiagoa dela, nola espero du gobernuak egoera hobetzea? Hezkuntzan eta osasun zerbitzuetan murrizketak eginez? Sektore publikoko langileak kaleratuz? Pentsioak eta langabezia "saria" urrituz? "Konponbide" horiekin aurkakoa baino ezin daiteke lortu: gero eta jende gehiago kale gorrian, etorkizunik gabe uztea.

Dirurik ez dagoela diote, baina ez dute inolako eragozpenik Bankia eta enparauak "salbatzeko". Europako erreskatea onartzen dute, bankuak "salbatzeko" mailegu gisa aurkeztuta, baina ezkutatu egin nahi dute horren berme erantzulea estatua bera dela. Bankuek zor dutena ordaindu ezean, estatuak ordaindu beharko duela, oraindik ezagutzen ez diren interes tasa eta baldintzekin. Zergatik ez dute interes bera jartzen meatzarien egoera konpontzeko? Lanik gabe dauden herritarren oinarrizko bizi baldintzak bermatzeko? Edota bizitza osoan lanean aritu eta erretiratzeko adina dutenei duintasunezko tratua emateko? Zergak igo beharra izanez gero, zergatik ez dira zuzenekoak igotzen, gehien daukatenek gehiago ordain dezaten? Ez, mesedez! Beti bezala, errazena: ahulenari jipoia eta aberatsari laztana.

Gaur Internetean ikusi dudan irudi batean bi argazki zeuden: ezkerrekoan Italiako lan ministroa azaltzen zen, hartu behar zituen murrizketa neurriak aurkeztu ondoren negarrari eutsi ezinik. Eskuinaldean, Raxoi, murrizketa neurrien berri eman ondoren, Kongresuko bere aulkira itzultzen ikus zitekeen, irribarre artean eta PPko diputatu guztiak txaloka zituela. Argazki kuriosoa, sentsibilitate minimorik ez duen gobernu baten ispilu. Lotsaren arrasto txikienik izatekotan, diputatu horiek ez zuten txalorik joko, are gutxiago irribarrerik egingo, eta ez lirateke burua jasotzera ere ausartuko. Baina, beti bezala, Spain is different, my friend! Lotsagabe soziopata koadrila batek gobernatutako estatua, alajaina!


Utzi iruzkina: