Bake bidean aurrera goaz!

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2011-10-23 19:39

Beti gertatzen zaidan bezala, hileak pasa dira "txokotxu" honetan ezer idatzi barik. Amaitzear daukagun aste honek, baina, ez du onartzen ezer esan gabe geratzerik. Izan ere, asteon egondako hiru gertakarik Euskal Herrian bakea sendotzeko aukera indartu dute: asteleheneko Nazioarteko Bake Konferentziak, asteartean Ezker Abertzaleak bezperako bilkura horren ondorioei erakutsitako babes irmoak eta osteguean ETAk kaleratutako mezuak.

Aitortu behar dut oraindik ez naizela gai horrek guztiak esan nahi duena behar bezala liseritzeko. Dena den, gustatuko litzaidake hemen ideia batzuk zehaztea, beste ezer baino gehiago, neure burua ordenatzeko (irakurleok nahastuko bazarete, barkatu!).

Asteleheneko Konferentzian nazioarteko goi mailako lantalde batek bake eta normalizazio prozesuan eman beharreko pausoak zehaztu zituen dokumentu batean. Labur-labur esateko, honako hauek:

  1. ETAri borroka armatua behin betiko uzteko deia.
  2. Espainiako eta Frantziako gobernuei ETArekin mahai berean esertzeko eskaera, gatazka armatuaren ondorioak negoziatzeko (presoen egoera, nagusiki).
  3. Biktima guztienganako errekonozimendua eta babesa.
  4. Eztabaida politikorako askatasuna.
  5. Nazioarteko begiraletza iraunkorra sortzea.
Konferentzia horrek alderdi politiko eta eragile sozial askoren babesa lortu zuen; UPyD eta PP izan ezik, gainerako alderdiak bertaratu ziren, eta ETAren biktimetako batzuek ere babesa agertu zioten. Edonork daki puntu horiek ez direla berez sortu, ezta ez dituela K. Annan eta bere taldeak asmatu. Urte luzeetan Euskal Herriko hainbat alderdi eta eragilek antzeko "konponbide horriak" proposatu ditu gatazka armatua atzean utzi eta gatazka politikoa bideratzen hasi ahal izateko. Dena den, esanguratsua da nazioarteko zein pertsonaia garrantzitsuk babesa eman dioten: Nazio Batuen idazkari orokor ohi bat, Irlandako Errepublikako eta Norvegiako lehen ministro ohi bana, Frantziako barne ministro ohi bat eta Erresuma Batuko gobernukide ohi bat. Horiez gain, Irlandako bake prozesuan partehartze erabakigarria izan zuen Gerry Adams Sinn Féin-eko burua ere bazegoen (ezaguna baita SFek zein Adams berak ere Euskal Herriarekiko duen lotura). Beraz, esan daiteke talde hori ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Maila horretako jendeak ez du horrelako dokumenturik sinatzen kontua aurrez behar bezala bideraturik dagoela ziur jakin gabe. Hala ere, betikoen aldetik irainak eta mespretxuak jaso behar izan dituzte, titular benetan higuingarriak egiteraino (ETAren zerbitzupean daudela, ETAk ordaindutakoak direla, etab.).

Biharamunean, urriak 18, Ezker Abertzaleak prentsaurreko batean erabateko babesa eskaini zion Konferentziako dokumentuei, eta, beste ezer baino lehen, ETAri borroka armatua uzteko eta gobernuei negoziazioak onartzeko deia egin zien. Luzaro hitz egin daiteke Ezker Abertzale ofizialak izandako bilakaerari buruz, ea zergatik ez zuten gauza bera egin orain hamar urte, edo hogei edota hogeita hamar. Beraien hitzetan, barne hausnarketa garrantzitsu baten ondorio izan da, eztabaida garrantzitsuak izan dituzte barnean... Beste askoren arabera, ezker abertzalea egoera honetara heldu da ahul dagoelako, legez kanpo eta bere buruzagi esanguratsuenak (Arnaldo Otegi...) espetxean. Nik uste, horrek bere eragina izan duen arren, Ezker Abertzaleak azken urtean izandako itun eta dokumentu adostuetako negoziazioak bultzatu duela horretara; hasieran, eta "Zutik Euskal Herria" ponentziaren ondoren, Eusko Alkartasunarekin izenpetutako "Lortu Arte" eta "Euskal Herria ezkerretik" idatziak (azken hori Alternatibak ere sinatua), Bilduk lortutako emaitza esanguratsuak eta Gernikako Akordioa (Bilduko kideez gain, Aralar eta beste hainbat eragile ere batu zituena). Ibilbide horrek guztiak emaitza garrantzitsua ekarri dute, inolako dudarik gabe.

Astearen gailurra, edonola ere, ostegun arratsaldean iritsi zitzaigun. Euskal herritar gehienok denbora luzez amesten genuen borroka armatuaren amaiera aspaldian bizi izan gabeko albiste pozgarria izan zen. Oraindik bide luzea dugu bakezko Euskal Herria eraikitzeko, eta indar handia beharko dugu. Baina, uste dut, honeraino heldu izanaren pozez, ospatzeko eta pozik egoteko eskubidea dugula. Arazo asko konpontzeke ditugu (biktimen egoera, presoak, berradiskidetzea...), egia. Hala eta guztiz ere, honelako uneek ematen duten pozak emango digu, bere aldetik, aurrera egiteko beharrezko indarra.

Hemendik aurrera, guztiok, galtzeko baino irabazteko gehiago dugulako... ZORIONAK, EUSKAL HERRIA!


Utzi iruzkina: