Alderdien Legeari egin beharreko erreformen inguruan

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2010-10-20 11:57

Asteon ezagutu ditugu Espainiako estatuko hauteskunde legean egin nahi dituzten erreformak, datorren urteko udal hauteskundeei begira. Egin-eginean ere, PSOE eta PP, beste behin elkartuta, 2003ko Alderdi Politikoen Legearekin hasitako bide iluna are itsusiago izatea lortu nahian dabiltzala dirudi.

Orain arte, 2003ko legearen arabera, zerrenda "susmagarriak" hauteskunde kanpaina ofizialki hasi aurretik bakarrik inpugna zitzaketen. Hori, astakeria erabatekoa zela ukatu gabe beti ere,  gutxieneko berme bat zen, hauteskunde egunean botoa ematera gerturatzen zen herritarrak bazekielako bere botoak balioko zuen edo ez.

Argi daukat Lege hori inondik inora ez zela bidezkoa. Baina orain egin nahi dutenak muga guztiak hausten dituela iruditzen zait; hauteskunde egunera arte inpugnatu ahalko dituzte zerrendak, eta hautagaiek eta hautesleek beharko luketen segurtasun juridiko minimoak goitik behera zapuztu. Zer gertatuko da, adibidez, postaz botoa eman dutenekin? Botoa ematean, alderdi legal bati eman zioten, baina horiek zenbatzerako legez kanpo egongo dira. Onartezina iruditzen zait hautesleei gutxieneko berme hori ukatzea.

Baina kontua ez da hor amaitzen; behin udalak edo bestelako erakundeak eratuta daudenean hilketaren bat gertatuz gero, udal horretako kideak behartuta egongo lirateke 15 eguneko epean gaitzespen agiri bat sinatzera. Egin ezean, erakundetik kanporatuak izan daitezke! Era berean, behin erakundeetan daudela beraien alderdia ilegalizatuz gero, kanporatu egin ditzakete! Horrek erabat hankaz gora uzten du Konstituzioan bertan jasota dagoen printzipio bat: erakundeetako kideek, behin kargua hartu ondoren, ez dutela alderdiak ordezkatzen, herria baizik. Hau da, parlamentu edo udal batetik zenbait kide kanporatuz gero, erakunde hori hankamotz geratzen da, ez baita gai herria osorik ordezkatzeko.

Beste alde batetik, gaitzespen agiri hori nork jarriko du indarrean? ETAren balizko hilketaren baten ondoren sortuko da soilik, edo bestelako kasuren batean ere aplikatuko ote da Legearen aurreikuspen hori (adibidez, senar batek bere emaztea hiltzean, edo neonazi batzuek atzerritar bat akabatzean, torturak salatzen direnean, eraso sexista, homofobo, arrazista, etab. gertatzen direnean)? Nork idatziko du gaitzespen testu hori, eta zein hizkuntza (gauzak esateko modua) erabiliko da horretarako? Nork esango du, adibidez, mozio alternatiboren batek ez ote duen balioko gertaera horien salaketa egiteko? Erabat onartezina iruditzen zait puntu hau, arbitrarietate aukera izugarria uzten baitio berez neutrala izan beharko litzakeen botere publikoari.

Norbaitek pentsatuko du (hala diote erreforma honen aldekoek) ezinbestekoa dela terrorismoa gaitzesten ez dutenak erakundeetatik kanpo izatea. Nik neuk argi daukat politika egiteko ezinbesteko baldintza dela bide demokratiko eta baketsuen aldeko hautua egitea. Baina, aldi berean, kontuan izan behar dugu azken hilabeteotan gertatzen ari diren aurrerapausoak Euskal Herrian bake eta bizikidetzako eszenatoki berri batera iristeko. Askok uste dute oraindik ezker abertzale ofizialak ez dituela behar besteko pausoak eman label demokratikoa lortu eta erakundeetan normaltasunez aritzeko, eta nik ere uste dut pauso asko falta zaizkiola oraindik. Baina bene-benetan uste dut norabide egokian abiatu direla, zabaltzen ari zaigun aukera berria alferrik galtzeko gogorik ez dutela eta aurreko esperientzietan bizi izandakoa kontuan izanik honetan ez dutela hutsik egin nahi.

Bakea eta egiazko demokrazia ez dira etorriko mugak ixtearekin, alderdi guztien aukera berdintasuna sendotzearekin baizik. Egia da ezin dela saririk izan ETAk indarkeria uztea erabakitzen duelako, baina bai gizarteko sektore horrek politikoki antolatzeko eta erakundeetan parte hartzeko aukera izan behar du, ez bere ideiak edo proiektuak inori inposatzeko, gizartearen onerako denon ekarpenak jasotzea ezinbesteko izango zaigulako baino.


Utzi iruzkina: