Batzuen eta besteen euskara
Nahikotxo hilabete pasa dira nire azken sarrera euskaraz egin nuenetik eta, egia esan, banuen gogoa behingoz paragrafo batzuk idazteko. Hala ere, onartu beharra daukat irakurtzen dudan gehiena, bai prentsa, bai literatura edo dena delakoa gazteleraz egiten dudala eta horrek beti darama gaztelaniaz erraztasun gehiago edukitzera testuak idazterako orduan. Gaur konkretuki euskara berari heldu nahi diot.
Konturatzen naiz sekulako ezberdintasuna dagoela hiritar baten eta herritar baten euskararen erabileraren artean, eta, erabileraz ari naizenean, idazkeraz eta, batez ere, ahozko komunikazioaz ari naiz. Herrikoak diren hainbat lagun ditut eta, hauekin euskaraz aritzean konturatzen naiz beren euskarak beste zerbait duela, euskalki bat, ia beti, eta bekaizkeria handia ematen dit ikustean beren euskalki horrek hitz egiteko ematen dien erraztasuna.
Aldiz hiritarrak garenok euskara batu hutsaz inguraturik hezi gara, ez dugu gure belarria beste ezertara egin, gehiengo batek ez, behintzat. Oso ondo idazten dugu, bai, baina kalean zer? Nola demontre jo daiteke adarra lagun bati euskara batuan? Edo nola esan diezaiokegu amodiozko zerbait neska edo mutil bati euskara batuan? “Zu pringatu bat zara!”, edo “Ezagutzen dudan gauza politena zara”. Imajinatzen? Niri behintzat kasu bietan gehiegi datorkit burura Goenkale.
Auzokide dudan euskal idazle batek duela hilabete batzuk halaxe esaten zidan: “Ikastoletan irakasten den euskara batuak ez du ezertarako balio, zertarako nahi ditugu zeniezagukete eta halakoak jakin, gero ez badugu errekurtsorik kalean lagunartekoan euskaraz egiteko?”. Ni erabat ados egon nintzen. Hiri batera joan eta belarria jarri besterik ez daukagu.
Iruzkinak
adur 2012-05-15 13:23 #1
apa ortiz! eskerrik asko zure blogzaleei euskarazko iritzi testua eskeintzeagatik.

guztiz ados zure sarrerarekin, neri, gure euskara ez den beste euskara guztiak gustatzen zaizkit, azpeitiera, deba goienekoa, denek dute euren herrietako kutxua, baina guk?zer dugu? eskola kutxua besterik ez! eta bai asialdirako eta lagunarterako artifizialegia edo zuk esaten dezun bezala goenakaleegia.

hala ere, nik euskara batua, eskolan ikasten den euskara, euskaldun berriak euskalduntzeko tresna bezala ulertu nahiko nuke. Euskalkiak irakatsiz gero, oso zaila izango baitzen euskaldun berriek ikastea, herri, hiri bakoitzean euskara ezberdin bat hitz egiten baita.
hala ere arazoa, zeniezazkigute aditzak erabili ordez, "nos podriais" erabiltzea ez ote???
besterik gabe animatu euskaraz idazten jarrai dezazun!

Utzi iruzkina: