Yoga zer da? (Sutrak I. (1))

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2019-03-19 09:37

Namaste. Yoga Indiatik iritsi zen antzinako jakintza bat da. Zeure burua eta, era berean, zeure ingurunea hobeto ezagutzeko herramintak eskeintzen dizkizun disziplina bat da.

Hinduismoak dauzkan 6 "darshana" edo mundu-ikuskeratako bat da. Indian ez da jende gehienak jarraitzen duena baina mendebaldeko gizarteetan ezagunena da.

"Yoga" hitza sanskrito hizkuntzatik dator eta "lotura, uztarketa, bategitea" esan nahi du. Gure esentziarekiko bategitea litzateke.

Yoga egoera bat da eta egoera horretara iristeko bidea. Denok sentitu izan dugu batzutan gure inguruan dena gaizki balihoa bezala baina askotan gure buruan dago gaizki doan hori, ez kanpoan. Beste batzuetan, ondo sentitzen gara, dena bere lekuan balego bezala eta inguratzen gaituen guztiarengatik sentitu dezakegu maitasuna; zentratuta gaude egoera hauetan, gure barruarekin ados, ez digute oztoporik egiten inbidiak, zaputzak, amorruak, zalantzak,... Askotan nahi baino gutxiago irauten digu, ordea. Egoera honetara iristeko eta bertan mantentzeko bidea da yoga. Yogak gauzak garbi ikusteko egoerara hurbiltzen gaitu, zentratu egiten gaitu, kontzientzia maila altuago batetara iristen laguntzen digu.

Pertsona batzuk gorputza osasuntsuago mantentzeko egingo dute yoga, beste batzuk beraien bizitzara lasaitasun pixka bat ekartzeko, beste batzuk pixka bat gehiago sakonduko dute eta osotasun baten zati direla konturatuko dira yogaren bitartez.

Patanjali da yogaren oinarriak biltzen dituen liburu zaharrena idatzi zuena (seguraski, aspalditik zetorren ahozko tradizio bat idatzita jarri zuen idazlea izan zen). K.a. 150. urte inguruan idatzi zuen "Yoga Sutrak" liburua. Hauxe da liburuaren hasiera:

I.1. Sutra:  "atha yoganushasanam": "hemen hasten da yogaren irakaspena".

I.2. Sutra: "yogashcittavr.ttinirodhah": "yoga gure gogamena objektu batengana bideratzeko eta inongo distrakziorik gabe norabide horretan mantentzeko gaitasuna da". Beste itzulpen batetik hartuta: "gogameneko gorabeheren etetea da yoga".

I.3. Sutra: "tada drastuh svarupe' vasthanam": "orduan (inongo distrakziorik gabe gauden momentuan), objektua zuzen eta erabat ulertzeko gaitasuna garatzen dugu". Yoga egoerara iristen gara.

Gaitasun hau garatzeko herramintak proposatzen ditu yogak. Herraminta asko eta askotarikoak: gorputz jarrerak (asanak), arnasketa ariketak (pranayama) eta meditazioa dira ezagunenak. Ezezagunagoak izan daitezkeenen artean: mudrak (batez ere esku keinuak), mantrak (abesti edo esaldi errepikaketak), yama eta niyamak (norberarekiko eta besteekiko jarrerak), testu klasikoen azterketa,...

Guzti hauek pixkanaka azaltzea da hurrengo pausoa.

Om shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: