Sri Tirumalai Krishnamacharya

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2021-01-22 15:27

hauzerda@hotmail.com 1612424932623

Namaste. 

Gaur yogaren historiako maisu garrantzitsu bati buruz hitzegin behar dugu. Yoga modernoaren aita dela diote batzuk. Indiako yoga tradizionaletik mundu osora zabaldu zen gaur egungo yogara pasatzeko katebegia izan zelako seguraski.

DATU BIOGRAFIKOAK

Tirumalai Krishnamacharya 1888ko azaroaren 16an jaio zen India Hegoaldean dagoen Mysore estatuko herri batean, Muchukundapuram. Bere familiaren sustraiak IX. mendeko Nathamuni jakintsuarenganaino iristen ziren. Nathamunik "Yoga Rahasya" idatzi zuen eta Vaishnava guru-lerroaren lehenengo maisua izan zen.

Krishnamacharyak sanskrito eta yoga arloko lehen irakaspenak bere aitarengandik jaso zituen. Ondoren, 12 urterekin, Mysoreko Brahman eskola onentsuenetakoa zen "Brahmatantra Parakala Mutt"-era joan zen Ved-etako testu eta erritualak ikastera. Bitarte horretan Mysoreko "Royal College"-era ere joaten zen ikastera.

18 urterekin Benares-era joan zen unibertsitatera eta sanskritoa, logika eta gramatika ikasi zituen.

Berriz ere Mysorera itzulita Vedantaren filosofia ikasi zuen Sri Krishna Brahmatantraren eskutik. 

Ondoren Indiako iparraldera joan zen Shamkhya ikastera, filosofia hinduistaren jakintzarik (dharsanarik- ikuspegirik) zaharrena, yogaren "oinarria".

1916.an Himalayara joan zen eta Kailash mendiaren oinetan yogi jakintsu bat, bere maisua bihurtuko zena, ezagutu zuen: Sri Ramamohan Brahmachari.

Krishnamacharyak 7 urte igaro zituen maisu honekin eta eragin haundia izan zuen bere bizitzan: "Yoga-sutra" eta yoga gaixoekin nola erabili erakutsi zion. Maisu honek eman zion Krishnamacharyari yoga jendeartean zabaltzeko eginkizuna eta baita, gaixoekin bere sendatzaile gaitasunak erabiltzeko aholkua ere. Aholku hauei jarraituz, Krishnamacharya India hegoaldera itzuli zen Ayurveda ikastera (Indiako sendatzeko jakintza tradizionala) eta baita Nyaya filosofia ikastera ere (ikerketa eginez lortzen den jakintzari garrantzia ematen dion logika eskola da Nyaya).

1924an Mysorera itzuli zen eta bertako agintaria, raja, aurrerakoia zenez, yoga-eskola bat irikitzeko baimena eman zion. Raja bera, gainera, yoga ikasle gogotsuenetakoa izan zen. 1933-1955 bitartean Krishnamacharyak yoga irakatsi zuen eskolan eta bere lehen liburua idatzi zuen "Yoga Makarandam" ("Yogaren sekretuak"). Ordurako, bere ospea Indiako hegoaldean zabalduta zegoen eta urrutirago ere bai. 1937an iritsi ziren yoga ikastera lehenengo ikasle europar eta amerikarrak, hauen artean Indra Devi. B.K.S. Iyengar bere koinatua izan zen eta Krishnamacharyarekin jaso zuen lehenengo yoga ikasgaia.

1939-1940 urteetan mediku talde frantses bat izan zuen bisitari, yogien aparteko gaitasunak aztertzeko.

Pixkanaka, Krishnamacharyaren arreta eta lana gaixoen sendaketara bideratu zen, ayurveda eta yoga erabiliz. Oso ospetsua bihurtu zen eta 1952.an Madras-era joateko deitu zuten, hango politikari ezagun bat bihotzekoak jota zegoelako. Azkenean, familiarekin Madras-en jarri zen bizitzen.

Ikasle gehiago iritsi ziren bizitoki berrira ere, adibidez, Gerard Blitz, ondoren han ikasitakoa Europara ekarri zuena, edo Jean Klein, maisu Advaita.

1976.an T.K.V. Desikacharrek, Krishnamacharyaren semeetako bat eta ikasle gertuenetakoa, "Krishnamacharya Yoga Mandiram" erakundea sortu zuen. Bertan, yoga erakusten dute eta yoga erabiltzen dute gaixoei laguntzeko. Sri Krishnamacharyak han jarraitu zuen irakasten bere heriotza baino 6 aste lehenago arte, 1989an gertatu zena, ia 101 urte zituela.

KRISHNAMACHARYAREN IRAKASPENAREN ZENBAIT EZAUGARRI

- Krishnamacharyaren arbasoak errege edo buruzagien aholkulari jakintsuak izan ziren eta horretarako prestatu zuten bera ere txikitatik. Sanskritoa sakonki ikasi zuen Vedak ondo aztertzeko. (Veda: Indiako antzinako idazkun garrantzitsuak).

- Dharshana vediko ezberdinak ikasi nahi izan zituen ikuspegi desberdinak ezagutzeko eta kontraesanak argitzeko.

- Krishnamacharyak pentsatzen zuen yogak egokitu behar zuela pertsonara eta ez alderantziz. Pertsona bakoitzak duen egoera aztertu behar da lehenik, ondoren hari dagokion yoga praktika egokia erabakitzeko. Horrela, Krishnamacharyak batzuetan asanak aukeratzen zituen, beste batzuetan otoitzen bat eta inoiz yoga praktikaren bat ez egitea ere "errezetatzen" zion baten bati, egiten ari zen praktika horrek kalte egiten ziolakoan.

- Yoga bide espiritual bat da, batez ere, eta bide horretan gaixotasuna oztopo haundi bat da. Oztopo hori gainditzea beharrezkoa dela ikusirik eta bere sentiberatasuna erabilita, gaixotasunak tratatzen espezializatu zen. Beregana hurbiltzen zen orori neurtzen zion pultsua eskumuturrean eta gauza asko antzematen zizkion.

- Krishnamacharyarentzat yoga Jainkoarengana hurbiltzeko bide bat zen, Jainkoarekin bat egiteko modu bat. Yoga, batez ere, pertsonak jakintsuago bihurtzeko bide bat da. Gauzak lehen baino hobeto ulertzeko era bat. Asanak honetan laguntzen badu aurrera, baina bestela, beste zerbait bilatu behar dugu. Helmuga beti "bhakti" izan behar du, hau da, goreneko inteligentzia edo ulerkuntza: Krishnamacharyaren hitzetan, Jainkoa.

- Denentzako yoga bultzatu zuen: emakumeak, umeak,...

- Irakasle bezala Krishnamacharya ikaslearen mailan jartzen zen, irakaskuntza errazte aldera.

- Bere ikasleen artean gerora maisu haundi eta ospetsu izan direnak egon ziren: Pattabhy Jois (Asthanga yoga), B.K.S. Iyengar (Iyengar yoga), T.K.V. Desycachar (Viniyoga), A.G. Mohan (Svastha yoga), Indra Devi,... 

 

"El corazón del Yoga" liburutik. Idazlea T.K.V. Desikachar, Krishnamacharya-ren semea.

Om shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: