Mudrak. "Chin Mudra"
Namaste.
Mudrak, gehienetan eskuak eta besoak parte-hartzen duten yoga-keinuak dira. Egiteko oso errazak dira baina era berean oso eraginkorrak izan daitezke.
Indiako dantza tradizionalean mudra asko erabiltzen dituzte. Hitzik gabeko ikuskizunak izaten dira eta mudrak erabiltzen dituzte edozer gauza adierazteko.
Hatha Yogan 25 mudra aipatzen dira. 25 mudra hauetan sartzen dira eskuko posizio desberdinak baina baita Asana batzuk eta Bandha (itxitura edo giltza) batzuk ere.
"Mudra" esanahi ugariko hitza da: keinua, eskuen kokapen mistiko bat, sinboloa, zigilua, begien edo gorputzaren kokapen berezi bat ere izan daiteke eta arnasketa teknika batzuk ere mudra izena jasotzen dute.
Behatzen, begien edo gorputzaren posizio sinboliko hauek egoera edo kontzientziaren prozesu zehatz batzuk irudikatzen dituzte, eta aldi berean, posizio horiek kontzientziaren egoera zehatz horietara eraman gaitzakete. Beraz, mudrek, gure burmuinaren eremu zehatzak suspertzen dituzte eta maila fisikoan ere eragina dute. Mudren bitartez gaixotasun ezberdinei konponbidea eman diezaiekegu. Kontzientzia egoera zehatz batzuk ere lortu ditzakegu.
NOLA FUNTZIONATZEN DUTE MUDREK?
Eskuko eremu bakoitzari gorputzeko edo burmuineko zati bat dagokio. Eskuko eremu bakoitza gorputzeko zati baten isla da. Horregatik gure eskuak gure gorputz eta adimenaren ispilu dira.
Ekialdeko kulturetan esaten dutenez gure gorputzean ikusten ez diren "nadi" izeneko kanalak dauzkagu. "Nadi" hauetatik energia mugitzen da eta mudren bitartez energia hori orekatu egin dezakegu edo nonbaiten blokeatu baldin bada, berriz ere, zirkulazioan jarri dezakegu.
Mudrek energia jarioa bideratzen du eta burmuinean isladatzen da.
Mudrek pranaren oreka bilatzen dute, inoiz ez dute gehiegizko energiarik sortzen.
Behatza bakoitzak 5 elementuetako bat ordezkatzen edo adierazten du: erpuruak "agni" (sua), erakusleak "vayu" (airea), erdikoak "akash" (zerua, eterra), nagiak "prithvi" (lurra) eta txikiak "jal" (ura). Horrela unibertso osoa legoke gure eskuetan. Gure behatz bakoitza energia mota desberdin batekin dago lotuta eta beraien arteko konbinaketa desberdinekin hainbat helburu lortu ditzakegu.
MUDRAK NOLA EGIN
- Egokiena mudrak eserita, hankak gurutzatuta gaudela egitea litzateke baina egin daitezke baita paseatuz goazela edo etzanda gaudenean ere.
- Behatzak elkar ukitzen direnean presioak oso txikia izan behar du.
- Egunean 45 minutuz praktikatzea aholkatzen dute (15 minutuko 3 zatitan ere banatu daiteke denbora hori), mudrak terapeutikoki erabili nahi direnean.
- Bisualizazio edo irudikapenekin ere asko lagundu diezaiokegu mudraren lanari.
- Aldiro mudra gutxi egin behar dira, gehienez ere bizpahiru jarraian.
- Lasaitasunez praktikatu behar dira mudrak eta barnean eragiten dizkizun aldaketei behatu. Miraririk ez itxaron eta ez zapuztu ezer ez dela gertatzen iruditzen zaizulako. Aldaketak gertatuz gero pixkanakakoak izango dira.
- Mudra saioa "eskuak garbituz" hastea komeni da. 10 bat aldiz elkar igurtzi eskuak txilborraren parean daudela.
- Behatzetan dugun sentsibilitatea sentitzeko eta sustatzeko igurtzi erpuruarekin beste behatz puntak, banaka, poliki eta goxoki.
CHIN MUDRA
Gyan Mudra edo Jñana Mudra ere deitzen dute batzuk.
Seguraski, Chin Mudra yogako mudrarik ezagunena izango da. Behatz erakuslea eta erpuruaren puntak elkartuta eta beste 3 behatzak luzatuta osatzen da. Esku ahurra gorutz edo beheruntz begira egon daiteke.
Erpurua kontzientzia kosmikoaren sinbolotzat hartzen dugu (zerutiarra) eta behatz erakuslea norbanako kontzientziarena (gizatiarra). Yogaren helburu nagusia gizakiaren eta kontzientzia kosmikoaren arteko batasuna da. Horrela, Chin Mudrarekin batasun hori irudikatzen dugu eta era berean batasun horren bila goaz. Erakusleak inspirazioa adierazten du eta erpuruak intuizioa. Biak elkar ukituaz elkartzen direnean inspirazioak eta intuizioak bat egiten dute.
Erabilitako bibliografia:
- "Mudras terapéuticos". Rajendar Menen. Ediciones Obelisco.
- "Mudras: el poder del yoga en tus manos". Gertrud Hirschi. Editorial Urano.
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: