7 txakra nagusiak
Namaste.
Txakra hitza sanskritotik dator eta beste adiera batzuen artean, kurpila esan nahi du. Guk osatzen dugun eremu energetikoan kokatzen diren energia zurrunbilo batzuk izendatzeko erabiltzen da.
Aurrekoan ikusi genuenez (ikus bedi "Txakrak. Sarrera bat) gure gorputzean energia geruza ezberdinak gainjartzen dira aura osatuz. Geruza horiek "kosha" izena dute eta hurrengo batean aztertuko ditugu. Gaur gorputz fisikoaren gainean kokatzen diren eta kosha horietan dauden txakra edo energia zurrunbiloei buruz hitzegingo dugu. Zehazki gure bizkarrezurraren parean, Shushuma izeneko nadian edo kanalean kokatzen diren 7 txakra nagusiei buruz.
Txakrak gure gorputzeko organo finak (ia gardenak) lirateke, kosmoseko energia mota ezberdinak hartzeko, aldatzeko eta guretzako erabilgarri bihurtzeko daudenak. Nadien sarearen eta txakren bitartez ezaugarri desberdinak dituzten energiak gure gorputz fisikora iritsi daitezke eta gure zeluletan eragin dezakete.
Txakra baten izaera ez da fisikoa baina gorputz fisikoarekin harremana dauka, baita adimen, emozio eta espiritualtasunarekin ere. Txakra nagusiek gure sistema endokrinoarekin dute harreman zuzena. Txakra bakoitza guruin edo glandula batekin du lotura. Txakra batean edo guruin batean gertatzen den desorekak sistema osoaren desoreka eragiten du.
Txakra bakoitzaren ezaugarriak jakinda desoreka horiek sendatzeko bideak ezagutu ditzakegu.
7 txakra nagusitako bakoitzak gure garapen pertsonaleko etapa batekin dauka zerikusia. Txakra hauek gure bizitzan edo gure garapenean igaroko ditugun giltzadun ate batzuk bailiran ere begiratu ditzakegu.
Lehendabiziko 4 txakrak gorputz fisikoan dute batez ere eragina eta azken 3ak alderdi psikikoan.
Honako hauek dira 7 txakra nagusiak:
1. MULADHARA TXAKRA
- Sustraia esan nahi du.
- Zoru pelbikoan kokatuta dago.
- Bere indarraren kolorea gorria da.
- Biziraupenaz, elikaduraz, segurtasunaz,... arduratzen da.
- Giltzurrun gaineko guruinarekin dauka harreman zuzena.
- Muladhara txakra desorekatuta dagoenean amorruarekin arazoak izaten ditugu, eztabaidatzeko grina bizia, desioekiko menpekotasuna. Nagikeria ere izan daiteke arazo, helburuak betetzeko gaitasun gabezia, bizitza honetako arazoak gure garapenaren beharrezko alderdiak direla onartzeko zailtasunak, bizimodu errazegia bilatzeko grina,...
- Muladhara txakra orekatuta dagoenean pazientzia, ordena, segurtasuna, oreka, tinkotasuna,... garatuta izango ditugu.
- Gure bizitzako lehenengo 3 urteetan du batez ere txakra honek garrantzia.
2. SVADHISTHANA TXAKRA
- "Batasun eta uztartze gunea" esan nahi du.
- Sakro hezurraren eta lunbaretako 1. orno hezurraren artean dago kokatuta.
- Bere indarraren kolorea laranja da.
- Sexualitateaz, sormenaz, sentsibilitateaz, fantasiaz, gozamenaz, besteekiko harremanetaz,... arduratzen da.
- Utero eta prostatako gonadekin dauka harreman zuzena.
- Svadhisthana txakra desorekatuta dagoenean besteekiko salaketa eta norberarekiko erruduntasun sentimentuekin arazoak izan ditzakegu. Egoera atseginetarako gehiegizko grina edo minari ihes egiteko grina egon daitezke. Baita sentsibilitate edo sentsualitate gabezia ere.
- Svadhisthana txakra orekatuta dagoenean besteei entzuteko gai gara, besteengana irikita gaude, autokontrola dugu, harremanetan benetakoak gara.
- 3-7 urte bitartean du batez ere txakra honek garrantzia.
3. MANIPURA TXAKRA
- "Harri bitxien herria" esan nahi du.
- Zilborraren atzekaldean dago kokatuta.
- Bere indarraren kolorea horia da.
- Norbere indarra eta norbere borondatea ezagutaraztearen beharraz arduratzen da.
- Pankreako guruinarekin du harreman zuzena.
- Manipura txakra desorekatua dagoenean botere-gosea, egozentrismoa edo baita jendearekiko beldurra ere (lotsa) izan dezakegu. Frustrazioa, gorrotoa edo amorrua erakutsi ditzakegu maiz.
- Manipura txakra orekatuta dagoenean konfiantza erakutsiko dugu, alaitasuna eta pasioa. Borondate haundiko nortasuna.
- 7-14 urte bitartean du batez ere garrantzia txakra honek.
4. ANAHATA TXAKRA
- "Aldatzen ez den hotsa" esan nahi du.
- Bihotzaren parean dago kokatuta.
- Bere indarraren kolorea berdea da.
- Eskuzabaltasunaz, besteekiko batasunaz, irekitasunaz, maitasunaz,...arduratzen da.
- Timoko guruinarekin du harreman zuzena.
- Anahata txakra desorekatuta dagoenean hoztasuna, sorgortasuna (sentikortasun eza), gorrotoa, maitasuna onartu ezina (egin diezaguketen minari beldur diogulako) sentitu ditzakegu.
- Anahata txakra orekatuta dagoenean maitasuna, alaitasuna, eskuzabaltasuna, partekatzeko eta komunikatzeko nahia,... sentituko ditugu.
- 14-21 urte bitartean du batez ere garrantzia txakra honek.
5. VISHUDDA TXAKRA
- "Garbitua izan dena" esan nahi du.
- Eztarriaren atzekaldean dago kokatuta.
- Bere indarraren kolorea urdin diztiratsua da.
- Komunikazioaz, sormenaz eta jakinduriaz arduratzen da.
- Tiroide eta paratiroideekin dauka harreman zuzena.
- Vishudda txakra desorekatuta dagoenean fobiak, lotsa, gezurrak esateko joera, zurruntasuna,... izan ditzakegu.
- Vishudda txakra orekatuta dagoenean gure pentsamentu eta sentimentuak adierazteko gai gara. Zintzotasuna, norberarekiko kritika, sentsibilitatea, sormena,... posible dira.
- 21-35 urte bitartean du, batez ere, garrantzia txakra honek.
6. AJNA TXAKRA
- "Igarri eta jakin" esan nahi du
- Bekainen artean dago kokatuta.
- Bere indarraren kolorea indigo-urdina eta morea dira.
- Guruin pituitario edo hipofisiarekin dauka harreman zuzena.
- Ikusmenaz arduratzen da bai fisikoa eta baita psikikoa ere (sena/intuizioa)
- Ajna txakra desorekatuta dagoenean harrokeria intelektuala, neurriz kanpoko irrika material edo emozionala izan ditzakegu.
- Ajna txakra orekatuta dagoenean, apaltasuna, ulermena, hankasartzeak aurreikusteko gaitasuna, adimen emozionala,...garatuta izango ditugu.
- 35-42 urte bitartean du, batez ere, garrantzia txakra honek.
7.SAHASRARA TXAKRA
- "Mila lore-hosto dituen loto-lorea" esan nahi du.
- Burugainean dago kokatuta.
- Bere indarraren kolorea zuria da.
- Batasunaz, ulermenaz, jakinarazteaz arduratzen da.
- Guruin pineal edo epifisiarekin du harreman zuzena.
- Sahasrara txakra desorekatuta dagoenean errealitatetik urruntzeko joera izan dezakegu, hutsunea, beldurra, zalantza, depresioa,...
- Sahasrara txakra orekatuta dagoenean patxada izango dugu, poza bizitzaren aurrean, jarrera etiko eta onbera.
- 42-50 urte bitartean du, batez ere, garrantzia txakra honek.
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: