Urretxu-Zumarragako taldea, eskolartekoan txapeldun

Urretxu-Zumarragako taldeak irabazi zuen Gipuzkoako 26. eskolarteko bertsolari txapelketa txikien mailan, joan den ostiralean, Oiartzunen. Beraz, Jon Ander Campos, Iker Azpeitia, Mikel Iturrioz, Amaia Iturrioz eta Edurne Plazaola txapela jantzita itzuli ziren etxera. Beraiekin batera Errezilgo, Asteasuko eta Alegia-Usurbilgo taldeek parte hartu zuten 14 urtera artekoen finalean. Amaia Iturriozek ordezkatuko du Gipuzkoa Euskal Herriko txapelketan, gainera, Ane Labaka lasartearrarekin batera; Altsasun jokatuko da Euskal Herrikoa, ekainaren 24an.

Nagusien mailan, 14 urtetik 18rakoan, Ainhoa Mujika beasaindarrak lan oso txukuna egin zuen, bakarka puntuari erantzuten eta gaiari kantatzen bereziki. Oier Aizpurua zarauztarra nagusitu zen maila honetan.

Bertso-paperetan, Amaia Iturrioz urretxuarrak irabazi zuen DBHko lehen zikloko mailan. 14-18 urte artekoetan, Manex Mantxola herrikideak aipamen berezia lortu zuen.

Autobusa erabat bete ez bagenuen ere, arratsalde pasa ederra egin genuen bertso eskolako kideek Oiartzunen joan den ostiralean, ondorioz. Zumarragako jaietako haurren egunean egingo dute jendeaurreko hurrengo saioa gaztetxoenek, ekainaren 25ean.


Utzi iruzkina: