Otsailaren 8an ekingo diogu Martxoan Bertsoari Uxue Alberdirekin
Otsailaren 8an hasiko da Martxoan Bertsoaren seigarren zikloa, Uxue Alberdi bertsolari eta idazle elgoibartarrak gidatuko duen Sorkuntza tailerrarekin. Agendan tailerraren lehenengo eguna otsailaren 1erako iragarri bagenuen ere, azken orduko aldaketa bat medio, otsailaren 8ra atzeratu da Alberdik emango duen estraineko saioa. Hitzordua, beraz, datorren otsailaren 8an, ostirala, iluntzeko 19:30ean, Urretxuko kultur etxean. Uxue Alberdi izugarri nabarmendu da azken boladan, nola bertso munduan hala literatur alorrean. 2005eko irailean idazle gazteei zuzenduriko Igartza literatur beka irabazi ostean, 2007ko otsailean ikusi zuen argia Aulki bat elurretan bere lehen eleberriak. Suedian iragandako hilabeteetan metaturiko sentipenak biltzen dituen ipuin bilduma da aipatu eleberria, adituen aburuz literatur ibilbide oparoa aurretik duen idazle batek eginiko maisulana, bere soiltasunean. Aurretik ibilbide oparoa bai, baina orain artean ere eman du urratsik Uxue Alberdik, hainbat literatur sariketatan sari ugari lortua baita honez gero. Uxue Alberdi bertsolariari dagokionez, berriz, 2007ko udazkenean jokatutako Gipuzkoako bertsolari txapelketak egin du, neurri batean, ezagun, bertso mundutxoaren muinean lehendik ere aski ezaguna bazen ere. Irudimena eta sentiberatasuna lagun, entzulegoa poltsikoratzeko aparteko dohainen jabe da Alberdi bertsolaria. Sorkuntza tailerraren helburua ez da literaturaren teoria, hotz hotzean, ematea, literatura egiteko bideak eta irudimena lantzeko ariketak egitea baizik. Hainbat autoreren testuak erabiliko ditu Alberdik bidelagun, sorkuntzaren tripak aztertzeko: idazleak testua sortzeko ze truko erabili dituen, testuak nola lortzen duen irakurlearengan duen efektua... Bertsotan egiten den bezala, magia hori nola lortzen den aztertu nahi du ikastaro honetan. Neurri batean, Gianni Rodariren "Gramatica de la fantasÃa" liburuan oinarrituko du bere jarduna. Bertan, irudimena lantzeko hainbat jolas proposatzen dira, berak egokitu dituenak. Horrela, istorioak sortzeko hainbat metodo azalduko ditu. Sorkuntza tailerra publiko guztiari dago irekirik, nahiz eta 14 eta 18 urte bitarteko jendea animatu nahi den, bereziki, tailer honetan parte har dezan. Izan ere, adin tarte horretako gazteengan irudimena erabiliz istorioak sortzeko gaitasuna da bultzatu nahi dena, etorkizunean, zortea lagun, idazle, bertsolari edo dena delakoak izatera irits daitezen. Otsailaren 15ean izango da tailerraren bigarren ekitaldia. Ongi etorri Uxue Alberdi eta MB6! |
Iruzkinak
Utzi iruzkina: