Ojan ta Azka
Hona hemen Gorka Quevedo bertso eskolako kideak joan den apirilaren 1ean Goierriko Hitzako itzain atalean 'Ojan ta Azka' izenburuarekin argitaratutako artikulua:
"Lagun batek behin esan zidanez, iraultzaile on batek izan beharko lukeen oinarrizko ezaugarri bat falta zait: herriarengan fedea izatea. Izan ere, gero eta nabariagoa iruditzen zait neoliberalismoa eta kapitalismoa gailentzen ari direla, eta horretarako duten armarik eraginkorrenetakoa jendartearen, eta batez ere gazteen, desmobilizazioa dela.
Zorionez, iluntasunean ere badira argi izpiak. Zumarragan zein Urretxun badira horren adibideak. Batetik Gaztelekua aipatuko nuke. Eskertzekoa eta txalotzekoa da hilabetero-hilabetero Zumarraga-Urretxuko Gazte Asanbladak antolatzen duen egitarau eta ekintza kopuru oparoa: hitzaldiak, kontzertuak, ikastaroak, DVD emanaldiakÉ Gainera, ez dugu ahaztu behar kaleratzen duten KKinzona aldizkaria eta ostiralean aurkeztu zen KKinzona irrati librea.
Baina, apirilaren lehen egun honetan (zorionak aitona Ignazio!) Bertso Eskolaz hitz egin nahi nuke. Amaitu da martxoa, eta berarekin Bertso Eskolak prestatutako egitarau oparoa. Euskal Herri osoan hilabete bakar batean horrenbeste ekintza antolatzen duen bertso eskola bakar bat aipatzen didan bakoitza kafe batera gonbidatuko dut. Hitza ematen dut.
Asteko lana, urteko jana esan ohi da. Martxoan Bertsoan, berriz, kontrakoa da: urteko lana, hileko jana. Asko gara ahal dugunean larunbatetan goizeko hamaiketan Urretxuko Kultur Etxera gerturatzen garenak bertso xume batzuk kantatzera. Gehiago dira herriko bertso txapelketan edo bertso musikatuetan parte hartzen dutenak. Eta, askoz gehiago horretaz guztiaz gozatzen duten herritarrak. Guztiok ematen dugu zer edo zer hau guztia posible izan dadin. Baina badira bi lagun asko ematen dutenak: Gorka Azkarate eta Gorka Ojanguren.
Normalean ahoa gehien irekitzen dutenak dira gutxien egiten dutenak. Gorka&Gorka horren adibide garbia dira. Isilean egiten dute lan, kanpora begira zarata handirik atera gabe. Hala ere, guztiok argi izan behar dugu euren lanik gabe Martxoan Bertsoan utopia izango zatekeela. Bereziki goraipatu nahiko nuke gaztetxoen bertso eskolarekin lortu dutena. Iaz Gipuzkoako eskolarteko txapela hona ekarri zuten. Agerikoa da harrobia ondo zaintzen ari direla, eta talentu berriak sortzen. Badago bai non aukeratu.
Bertol Brechetek esaten zuenez, «badira egun batean borrokatzen dutenak, eta onak dira. Badira egun batzutan borrokatzen dutenak, eta hobeak dira. Badira egun askotan borrokatzen dutenak, eta oso onak dira. Baina badira bizitza osoan zehar borrokatzen dutenak; horiek dira ezinbestekoak». Gorka&Gorka azken horietakoak dira."
Iruzkinak
Utzi iruzkina: