Martxoak 10: azken lau taldeek ere Aldirin erabakita geldituko diren finalistetan egon nahi dute

Bihar (martxoak 10, larunbata) bukatuko dira herriko bosgarren bertsolari txapelketako kanporaketak, eta, honenbestez, hilaren 23an Gaztelekuko finalean arituko diren hiru taldeen berri edukiko dugu bertsozaleok. Ohitura den legez, Urretxuko Aldiri tabernan jokatuko da azken kanporaketa, 23:00tan hasita. Lau talde arituko dira bertso kantari, Gorka Azkarateren gai jartzeko eta emateko estilo finari are finago erantzun nahian:

Klasikoak (Gorka Ganuza, Gorka Erostarbe eta Gorka Ojanguren): Motzeko kanporaketan parte hartzerik ez zuten izan, ‘Ganu’ lesionatu edo gaixotu zitzaiela eta. Ez ote zien astean zehar ‘Ojan’ eta ‘Eros’i beldur eskenikoak eraginiko kakalarria kontajiatuko.

Gorka Kubikoa

Lasatarrak (Uxue Fernandez -Lasa-, Antton Fernandez -Lasa- eta Eli Lasa): Ama eta seme alabak, irakaslea eta i(ra)kasleak… 50 urterekin atera zen Eli lehen aldiz plazara iazko txapelketan. Adinean aurrera egin ahala lotsa galtzen da, bai; Antton eta Uxue lotsatiagoek amaren altzoan kantatuko dute aurten ere.

Lasatarrak

Pitxitxiak (Iguntze Aseginolaza, Ekain Aseginolaza eta Itziar Pildain -edo Milene Domingues, Ronaldinho eta Maialen Lujanbio-): Berezkoa zer den. Bertso eskolara joan beharrik ez du urbanita hirukote honek bertsotan bikain egin eta herriko txapelketan maila emateko. Artistak dira hitzen jolasean pase eder eta erregate zoragarriak egin eta golak bosnaka sartzen.

Pitxitxiak

Etamok -Legazpi II- (Asier Iriondo, Julen Agirreburualde eta Aitor Irastortza ‘Txiki’): Legazpiko bigarren taldea da, baina ez horregatik okerrena. Beraien herrikideen aurretik geratzeko asmoa bakarrik ez, urretxuar eta zumarragar guztiei ere aurrea hartzera etorriko dira Aldirira.


Utzi iruzkina: