ikastetxeetako ikasleen bertso emanaldia, gaur

Bertsozale elkarteak bultzatuta, urretxu-zumarragako ikastetxeetan bertsolaritza lantzen aritu dira aurtengo ikasturtean, 'ahozkotasuna eta bertsolaritza' egitasmoaren baitan, eta 'ni ere bertsolari' jaialdia eskainiko dute gaur ikasturteko lanaren fruituak erakusteko; ikuskizunean, Urretxu eta Zumarragako laugarren mailako ikasle guztiek (La Salle, Gainzuri zein ikastolakoek) hartuko dute parte, eta urretxuko labeaga aretoan egingo dute, 19:00etan hasita.

Ikasle hauek guztiak Jokin Urangaren gidaritzapean ari dira 'ahozkotasuna eta bertsolaritza' proiektuan, eta haren aginduetara jardungo dira gaurko emanaldian ere. Nahi duzuen urretxu eta zumarragar emanaldi ederraz gozatzera gonbidatu nahi zaituztegu bertso eskolako kideek ere.

Ahozkotasuna eta bertsolaritza proiektuaren helburua ahozko komunikazioa eta bere baliabideak lantzea da. Horretarako, ikastetxe guztietako 4. mailako ikasleek astean ordubete eskaini diote bertsoa lantzeari. Bi astez behin, Urangarekin berarekin aritu dira, eta gainerako asteetan beraien tutorearekin batera.

Horrez gain, hezkuntza arautuari dagokionez, urretxu-zumarraga ikastolan ere bertsolaritza tailerra ematen dute DBHko 1. mailan, urte erdiz, hala aukeratzen duten ikasleek.

Herriko ikastetxeei, bertso eskolaren lanaren osagarri, lanean orain arte bezain fin jarraitzeko esan nahi diegu bertso eskolatik.

Hurrengo ostiralean bertan, hilaren 27an, izango dugu guztiok bertsoaz gozatzeko hurrengo aukera, Gipuzkoako 26. bertsolari txapelketako azken kanporaketa, geure eskualdeari dagokiona, urretxu zumarraga ikastolan jokatuko baita, arratsaldeko hiruretan hasita, idatzizko bertsoetan eta baita bat-batekoetan ere.


Utzi iruzkina: