Gaztetxoak lan eta lan. Kurtso bukaeran 26 Bikain
Ekaina ate joka datorkigu eta ikasturteko azken hilabeteari ekingo diote gaztetxoen bertso eskolan. Irailean gogoz ekin zioten lanari eta oraindik lanerako gogoz jarraitzen dute, nonbait. Izan ere, Gipuzkoako eskolarteko bertsolari txapelketan parte hartu dute maiatzean. Andoainen, Zumaian, Ordizian eta Legazpin jokatu dira kanporaketak eta haietako gehienetan aritu dira Urretxu eta Zumarragako neska-mutilak, hala bertso idatzietan nola bat-batean.
Txikien mailan, Zumarraga-Urretxuko bertso eskolako hamabi bertsolari aritu dira bat-batean, bost taldetan (Goierriko bertso eskolako lagunekin eta Erniarraitzeko urolatarrekin batera). Horietako bi finalera sailkatu dira. Hain zuzen, Amaia Iturriotz, Maialen Akizu eta Leire Akizuk osatutako taldea, eta Mikel Iturriotz, Ane Agirre eta BeƱat Torresek osatutakoa. Horrez gain, Jone Alberdi eta Iker Azpeitiak Goierriko bertso eskolako Gemma Urteaga eta Joanes Etxaiderekin kantatu zuten, eta Edurne Plazaola eta Arkaitz Aizpuruk Idiazabalgo Joseba Agirrezabalarekin. Azkenik, Jon Mendizabal eta Sara Urrestarazuk Azkoitiko bi neskekin batera kantatu zuten. Handien mailan, Manex Mantxolak parte hartu du txapelketan.
Finala datorren ostiralean, ekainaren 1ean, jokatuko da Bergaran. Bertso idatzien atalean saridun suertatu direnen izenak ere han ezagutaraziko dira.
Zorionak bertso eskolako gaztetxo guztiei eta ikasturte bukaera polita izan dezazuela.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: