Galeperra leporaino bete zen bertso afarian
Erabat arrakastatsua izan zen iragan larunbatean Galeperra elkartean ospatu zen bertso afaria, aurtengo Martxoan bertsoa ekimeneko plater garrantzitsuenetako bat. Elkartea leporaino bete zen bertsolarien afalondoreneko jardunaz gozatzeko, eta bertaratu ziren guztiak oso pozik atera ziren bertsolari biek egindako saioaz gozatu ondoren.
Aurreko astean iragarri genuen moduan, txartelak agortu egin ziren
eta afarira joaterik izan ez zuen jenderik ere egon zen, azken unerarte
itxaron ondoren. Hirurogei lagunetik gora izan
ziren afaritan eta saioa entzutera ere hurbildu zen ondoren jenderik.
Giro aparta egon zen Galeperran. Entzuleen artean era guztietako jendea egon zela azpimarratzekoa da, gazteak, helduak eta zenbait haur bertsozale ere bai, bertsoaz gozatzeko adinik ez dagoela esaten duen tesia baieztatzeko balio duena. Gozatzea izan baitzen, beste ezeren gainetik, Galeperrara hurbildu zirenek larunbatean egin zutena.
Amets Arzallus eta Aitor Sarriegik egin zuten bertso saioa,
bestalde, abiadura handikoa eta erritmo oso bizikoa izan zen.
Bertsolariek propio aukeratu zituzten doinu azkarrak, errepikarik
gabekoak gehienak, saioari bizitasun handia eman nahian.
Eta lortu zuten, horretarako euren buruak gogotik estutu behar izan
bazituzten ere. Bi zatitan banatu zuten saioa, lehenengo librean aritu
ziren hiru ordu laurdenez, eta ondoren bertso eskolakoek gai eta puntu
batzuk jarri zizkieten.
Maila handiko saioa izan zen haseratik bukaerara, eta biek euren
kalitatea agerian utzi zuten inork espero ez zituen ateraldiak eginez.
Bertso afaria klasikoa bilakatu da Martxoan bertsoan eta datozen
urteetan ere errepikatuko den ekintza izango da, zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: