Duintasunez galdu dugu birjintasuna GRn: Zumaiak 13 - UrretxuZumarrak 10
Gaueko 22:30ak (2007-3-31) Zumaiako Oxford aretoan. Hastera zihoan Urretxu-Zumarragakoen lehen saioa GR-12 herri arteko taldekako txapelketan.
Txapelketa honetan saioaren formatua, hau egiten den herriak aukeratzen du: bertso afari edo bazkaria, tabernako saioa, areto batean egina... Atzokoa areto batean izan zen. Lau aulki ilara eta bi mikrofono ikus zitezkeen, oholtzarik ez.
30 bat lagun bildu ziren eta familia giroan egin zuten bertsotan. Lehenik, 8ko handian ofizioka aritu ziren denak, gero gaia emanda taldeko batek 2 bertso bota zituen, bi taldekide aritu ziren 8ko txikian eta bi taldekidek egin zuten koplatan ere. Azkenik, taldeka, puntuka osatu zituzten bertsoak. Zumaiarren taldean Maialen Belarde, Maddi Gallastegi eta Josu Mantzisidor aritu ziren kantuan. Oso fresko aritu ziren hirurak eta Zumaia toki onean utzi zuten. Gure herrietako bertsolaritzaren ordezkari Gorka Azkarate, Antton Fernandez eta Manex Mantxola izan ziren. Hauek ere ale ederrak bota zituzten nor garen erakutsiz.
Bukaerako agurrak kantatu bitartean, irabazlea bozketaz erabaki zuten entzuleek, talde baten edo bestearen aldeko botoa emanez. Zumaiak 13 eta Zumarraga-Urretxuk 10 boto jaso zituen (lau zumaiar traidorerenak tartean); hortxe-hortxe ibili ginen, beraz.
Zumaiako bertso eskolaren blogean, www.baleike.com/blogak/johanesena, eman dute saioaren berri (www.baleike.com/blogak/johanesena/archive/301_zumaia_ere_abiatu_da_gr-12_bertso-bidean.html)
Baita www.otamotz.com gunean ere (http://www.otamotz.com/index.php?option=com_content&task=view&id=1395&Itemid=26).
Kostaldeko debutaren ostean, etxean jokatuko da zumaiarren aurkako errebantxa maiatzean. Aurretik, apirilaren 20an, Orioko bertsolariekin jardungo gara joaneko saioan.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: