Bertsoa Zumarragako Santixabeletan

Udako solstizioak denok aztoratu gaitu, eta jairik jai hasi gara Urretxu-Zumarragako bertso eskolako kideak eta bertsoa.

Joan den ekainaren 23an, San Juan bezperan, Urretxuko Gernikako arbola plazan aritu ziren bertso eskolako gaztetxoak eta helduak, San Juan suari eta herritar ugariri kantuan, Amaia Iturriotzek Altsasun Euskal Herriko eskolarteko gaztetxoen txapela irabazi zuen egun berean. San Juan egunean, Santa Barbarako erromerian, oroigarri bat eman zion Amaiari Iñaki Zabala Urretxuko alkate berriak, eta bertso eskolari omenalditxoa egin zioten, Gorka Azkaratek azken urteotan egindako lana bereziki txalotuz. Imanol Lazkanok eta Joxe Agirrek (urtero aritzen dira Santa Barbaran bertsotan) eta Amaiak berak ere bina bertso kantatu zituzten gaiaren inguruan. Azkenaldian bertso eskolarekin eta herriko bertso giroarekin lotutako hainbat ekitalditako bideoak eta entzungaiak jartzen ari dira Otamotzen multimedia atalean, http://www.otamotz.com/index.php?option=com_content&task=blogsection&id=19&Itemid=101 helbidean.

Urretxuko San Juanen ondoren, atzo, ekainak 29, hasi ziren Santixabel jaiak Zumarragan eta hainbat bertso ekitaldiz gozatzeko aukera izango dugu ondorengo egunotan ere.

Bertso eskolako kideak ekainaren 28an, ostegunean, hasi ziren festetarako girotzen. Izan ere, idazle eskolako aldizkariaren bosgarren alea aurkezteko ekitaldian parte hartu zuten, hainbat idazlerekin batera Gorka Ojangurenek (gitarra eta guzti) eta Gorka Azkaratek (idazle eskolako kidea eta ekitaldiaren antolatzailea). Asier Iriondo Legazpiko bertsoolaria ere beraiekin aritu zen umore onez. Jendeak gogoz txalotu zuen hiruren lana, eta publiko artean inbidiaz akatzen egon zenik ere egon zen.

Atzo iluntzean, txozna batzordeak antolatuta bertso afaria egin zuten Igor Elortza, Jokin Uranga eta Sustrai Colinak txoznagunean. 100 lagun baino gehiagok afaldu zuten paella erraldoitik, eta saio garaian 150 bat entzule toreatzen asmatu zuten, postretako 'brazojitanoek' eta bertsolarien jardunak erakarrita. Andoni 'DJ' Jaka 'Antuan' ere aritu zen puntutan hiru profesionalekin, eta urterik urte jendearen algara eta txaloak eragiten segitzen du (ostegunetako bertso eskolaren eragina ere nabarituko al zitzaion, azken martxootan eta San Antonio jaietan Kalebarren egindako bertso antzerkian lagun izan genuen Andoniri). Hiru urte badira festetako ostiralean bertso afaria antolatzen dutela, eta arrakasta itzela lortu dute oraingoan ere txozna batzordeko kideek. Eskerrik asko, beraz, herriko bertso panoraman halako moduz eragiteagatik.

Bihar goizean, haurren egunean, gaztetxoen bertso eskolakoen txanda izango da. Haurren eguneko hasiera ekitaldian bertso bana kantatuko dute, Arbulu alkateak alkate txikiari agintaritza eman orduko. Astelehenean, Santixabel egunez, Antion aritu dira Joxe Agirre eta Imanol Lazkano (11.00etako meza nagusitan lehenengo; eliza aurreko ohorezko aurreskuaren ondoren, 13.00ak aldera; eta 14.30etatik aurrera ere bai, herri bazkarian).

Udan Euskal Herrian jairik jai ibiltzen garenez, Zumarragako jaiak bukatu eta Geltokietako jaiak izango dira Zumarraga-Urretxun hurrengo asteburuan (uztailaren 6tik 8ra). Iaz Fredi Paia, Iker Zubeldia eta Iban Urdangarinekin arituta gero, aurten ere bertsolari arituagoekin jardungo dira helduen bertso eskolako hainbat kide uztailaren 6an, ostiralean, bertso afaritan.

Ondo-ondo pasa festak!


Utzi iruzkina: