Barandiaran, Sotil eta Iñurri legazpiarrak nagusi Legazpin

Herriko bertsolari txapelketako hirugarren kanporaketa jokatu zen joan den ostiralean, martxoaren 9an, Legazpiko Arrano tabernan, Asier Iriondo gaijartzaile zela. Beteranoak (Iker Otegi, Juanjo Aranburu eta Joseba Segurola), Ok (Ibon Sotil, Igor Iñurritegi 'Iñurri' eta Joseba Barandiaran) eta Trikitilariak (Eugenio Gisasola 'Lutxurdio', Iñaki Larrañaga eta Aitor Zabaleta) taldeek hartu zuten parte bertan.

Kanporaketa bizi joan zen oso; bertso ederrak bata bestearen atzetik, erritmo atseginean. Izan ere, 9 plazagizon bildu ziren Legazpin. Halaxe erakutsi zuten, esate baterako, Beteranoek puntutan. Bikain aritu zen 'Iñurri' Minberatu zaizkiguri neurria hartuta. Sotilen klasea behin baino gehiagotan agertu zen eta Barandiaran, suabe eta goxo itxuran, egurra eman eta eman jardun zen. Trikitilariek a capella ere ederki kantatzen dutela erakutsi zuten. Lutxurdioren erraztasuna (agurra enteratu ere egin gabe kantatu zuen bederatzi puntuko motzean), Iñakiren saltzen jakitea eta Zabaletaren dotorezia serioa ere eskertu zituzten entzuleek (legazpiarrak hainbat, eta baita Urretxu eta Zumarragatik propio joandako makina batek ere).

Entzuleen gustukoena Trikitilariak taldea izan zen eta, bertsolarietan, Joseba Barandiaranen lana nabarmendu zuten. Epaimahaiak, Ok taldeari eman zion lehen postua. Lehen hiru kanporaketetako puntuaziorik handiena lortu zuten, gainera, Urretxuko gaztelekun martxoaren 23an jokatuko den finalera begira jarriz.


Utzi iruzkina: