25 munstrotxoren energia bertsotarako aprobetxatu du Estitxu Eizagirrek

Joan den ostiralean, martxoaren 9an, bertso eskolako klase irekia egin zen haurrentzat Urretxuko kultur etxean. Horretarako, bertso eskolak ematen aditu den irakaslea ekarri genuen kanpotik. Aurreko urteetan helduekin ekintza bera egin ostean, lehen aldiz antolatu genuen klase berezia haurrentzat, eta iaz helduei eskola eman zien hernaniarra, Estitxu Eizagirre, izan genuen bisitan.

Haurren bertso eskolako hiru taldeetako 25 haur bildu ziren kultur etxeko areto nagusian. 'Egun da santi mamiña', 'Zaldi zuriarenak', 'Domingo Kanpaña'... kantatzeaz gain, bakoitzak bere koplatxoa ere eraman zuen gutxienez etxera, ordubete berezi baten ondoren. Bilintxen historiaren bertsio egokitua ere kontatu zioten, gainera, Estitxuri.

Martxoa hilabete berezia izaten da Urretxu Zumarragako bertso eskolako gaztetxoenentzat ere. Horrexegatik, aurreko ostiraleko sorpresaz gain, datorren ostiralean ere (martxoak 16) protagonista izango dira. Gorka Azkarate irakasleak bertsotan jarririko ipuin klasikoak kontatuko dizkiete herriko gainerako haurrei Urretxuko kultur etxean, arratsaldeko 17:00etan hasita.


Utzi iruzkina: