Usurbilgo Itunak oso larritzat jotzen du, errauste planta finantzatzeko lotu nahi den akordioa
Eguzki, Ekologistak Martxan, Erraustegiaren aurkako plataforma, EHNE, ESK, LAB, CCOO, ELA, Alternatiba, Aralar, Ezker Abertzalea, Ezker Batua eta Berdeak biltzen dituen Usurbilgo Itunak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, "oso larria da Gipuzkoako Foru Aldundiak Europako Inbertsio Bankuarekin, La Caixarekin eta Banestorekin Donostiako errauste planta finantzatzeko lotu nahi duen morrontza akordioa".
Ingurumena eta herritarren osasuna kaltetuko duen proiektu baten alde egiten ari direla ohartaraztearekin batera, Usurbilgo Itunaren esanetan, "oso larria da, akordio horrek 21 urteko morrontza ekonomikoa ekarriko dielako Gipuzkoako udal guztiei. Noiz eta hauen egoera ekonomikoa ezin larriagoa denean".
Foru Aldundiak bankuekiko erakutsitako jarrera ere nabarmentzen du Usurbilgo Itunak. "Oso larria da, Gipuzkoako Foru Aldundiak banketxeen eskuetan uztea erakunde publikoen eskuetan beharko lukeena. Gipuzkoako Foru Aldundiak banketxeei txeke zuri bat eman nahi die, hauek gipuzkoarrak 21 urtez lotu eta ito arte xahutu ditzaten".
Iruzkinak
Utzi iruzkina: