Ricardo Ortega Gonzalez: 'Erraustegia bankuen menpe'

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2011-02-28 23:25

EAJ-PNV, PSE-PSOE, PP eta Hamaikabat alderdi politikoek kosta ala kosta errauskailua eraiki nahi dute eta proiektua ondo lotuta utzi, horretarako haren kontrola bankuen esku uzten badute ere.

Legealdia bukatu aurretik erraustegia egitearen hari mutur guztiak ondo lotu nahi dituzte aipatutako alderdiek, horrek ekarriko duen ondorioa, hiri-hondakinak kudeatzearen kontrola bankuen esku uztea baldin bada ere; kredituak eman dituzten bankuen esku, hain zuzen. Gaurtik aurrera bankuek zuzenduko dute hondakinen kudeaketa, esaterako, salneurriak jartzea edota konpetentzia banaketa euren esku egongo dira eta.

Onartezinak dira erraustegia finantzatzeko hartu diren erabaki hauek, eta inola ere ezin dut akordioekin bat egin. Batetik, nola ulertu daiteke Europako Inbertsio Ban­kuak Europako ingurumen arauak argi eta garbi hausten dituen egitasmoa finantzatzea? Ban­ku honek ez luke inola ere dirurik jarri behar Europako araudia errespetatzen ez duen proiektu honentzat. Bestalde, lotsagarria da La Caixa eta Ba­nestok negozioa egitea ingurugiroaren lepotik eta herritarren osasunaren lepotik: osasuna edo ingurumenaren aurretik jar­tzen dute bankuek negozioa.

Ez naiz harritzen, baina sutan jartzen nau Foru Al­dundiaren eta erakunde honetan ari diren EAJ, H1, PSOE eta PPko ordezkarien jarrerak. Erabaki eta akordio oso gaiztoa hartu dute eta ondorio larriak sufrituko ditugu. Erabaki lotsagarri horiek geroa baldintzatu egingo dute ekonomikoki eta politikoki, bankuei emango baitiete ahalmen osoa, gerora egin daitekeen edozein aldaketa oztopatzeko, gainbegiratzeko eta kontrolatzeko. Eta zein da horren helburua? Horrela, erraustean oinarritutako hondakinen tratamendua babestu eta betikotu nahi dute, hurrengo foru eta udal hauteskundeetan seguru aski etorriko den aldaketa eta erabakiaren berrikuspena baino lehen.

Ricardo Ortega Gonzalez

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako Kontseiluko kide eta Lasarte-Oriako Ezker Batua Berdeak taldeko zinegotzia.San Marko Mankomunitateko presidente ohia.


Utzi iruzkina: