Pello Zubiriaren erantzuna Joseba Egibarri

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2011-04-07 12:08

Egibarren Intzineradora

Zuek, Joseba Egibar, beti notizia onak ematen. Garai batean ibili zineten tontakeriak esaten Euskaldunon Egunkariaz (orduan ere bazenuten zuen proiektu bat, nola edo hala aurrera ateratzeko) eta urteak joanda etorri hituan guardia zibilak gure bila, Del Olmo epailea buru. Eta gero “bueno, ez, zera, ez genuen hori esan nahi, aldrebeskoa igual…”. Oraindik zintzilik segitzen dik kontu hark.

Egunotan, Hernanira etorri haiz Atez Ateko bilketa izorratu nahian ofizialki, baina aipatu gabe beste proiektu bat “kolokatzera”: Gipuzkoako Errauste Planta. 600 milioi (txanpon berrietakoak). Hondakinak aprobetxatu beharrean erretzea, inguruak pozoinduz. Zergatik ez hintzen etorri iaz CiUko Josp Maria Tost entzutera? Hark kontatuko zian zer eta zenbat lortzen duten Atez Atekoarekin Katalunian? Ez hi eta ez hire alderdiko inor.

Egunotan Lemoiz aipatu beharko zenukete pixka bat. Akordatzen? Han zagok, haren zorrak ariko duk pagatzen norbait, herritarrok alegia. Lemoiz egiten ez bazen Euskal Herria mixerian biziko omen huan. Nuklearrak eskatzen zizkian Josu Jon Imazek orain dela hilabete pare bat. Esa’iguzue orain Lemoiz inguruan 30 kilometroko radioak zein herri eta hiri harrapatzen dituen, esan Fukushimakoa aplikatzeko Euskal Herriko maparen gainean, ea nork pagatuko dituen Japonian egunetik egunera handitzen doazen kalteak. Lasai, erradioaktibitateak osasuna kaltetzen duela gezurra omen da…

Egibar: egun batean gure ondorengoek irakurriko diate Hernanira etorri hintzela defenditzera sistema bat (kontenedoreak eta intzineradora) bilketa selektiboan %35etik pasatzen ez zena, zertarako eta askoz sistema hobe bat izorratzeko, hondakinen %80 modu selektiboan biltzeko gai den Atez Ateko sistema. Beti berdin, Joseba Egibar, zuek beti kobratzen eta kalteak gure bizkar.

Pello Zubiria Kamino

Pello Zubiria


Utzi iruzkina: