Errausketazaleen erasoak ez du etenik

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2010-07-14 09:19

Alternatiba, EB eta ezker abertzaleari gehiengoa kenduko diete San Markon

EAJk eta PSEk bat egin dute Urnietan, herriko ordezkaria aldatzeko: UDAkoaren ordez EAJkoa jarriko dute.

Ezker abertzaleari, Ezker Batuari eta Alternatibari SanMarko mankomunitatean duten gehiengoa kentzeko formula topatu dute PSE-EEk eta EAJk: Urnietan bi alderdi horiek bat egin dute, eta herri horrek San Markon duen ordezkaritza aldatzea proposatuko dute. Hau da, Urnieta Denon Artean (UDA) herri plataformako bi zinegotzietako bat kentzea proposatuko dute, eta zinegotzi horren ordez EAJko bat jarriko dute. Mozioa atzo bertan erregistratu zuten Urnietako udaletxean. Uztaileko udalbatzan ez bada, abuztukoan jorratuko dute, eta aurrera egingo du, bi alderdi horien aldeko botoak elkartuta gehiengoa baitute udalean.

Aldaketa horren ondorioz, ezker abertzaleak, Alternatibak eta EBk San Marko mankomunitatean duten gehiengoa galduko dute. Izan ere, hori ez da azkenaldian izan den aldaketa bakarra. Uztailaren 8an Lasarte-Oriako udalbatzak Ricardo Ortega EBko zinegotziari San Markon zuen ordezkaritza kendu zion, PSE, EAJ, Hamaikabat eta PPren aldeko botoei esker. Martin Moreno PSEko zinegotziak hartu zuen Ortegaren lekukoa. Ortega San Markoko lehendakaria zen, eta kargu aldaketaren ondorioz, Imanol Azpiroz ordura arte mankomunitateko lehendakariordea dabil egunotan lehendakari karguan.

Hala, Ortega kargutik kenduta, begirada guztiak Odon Elorza Donostiako alkatearengana zuzendu zituzten EAJk eta H1ek, izan ere, Duñike Agirrezabalaga Alternatibako zinegotziari ordezkaritza kenduko balio errauste plantaren aldekoek hartuko luketelako Gipuzkoako mankomunitate handienaren gidaritza. Azkenean, Elorzari trantze hori ez pasarazteko moduko erabakia hartu du PSEk, Donostiako udal gobernua kinkan jarri gabe. Urnietan EAJrekin bat egin, eta Urnietako ordezkaritza aldatzea ahalbidetuko dute biek. Hala, Miren Quintas UDAko zinegotzia kargutik baztertu, eta Miren Martiarena EAJko zinegotziari emango diote ardura. EAJk berak eman zuen atzo arratsaldean prentsa ohar batean bi alderdiek lortutako akordioaren berri. «Modu honetara amaiera emango diogu San Markon bizitzen ari garen egoera bitxiari. Izan ere, Hiri Hondakinen Partzuergoko bazkide nagusia izan arren, erakunde horren ekimenen aurka ari zen», zehaztu du Maribel Vaquero EAJko Urnietako zinegotziak. Zabor kudeaketa paraleloa ezartzea eragotziko dutela uste du, eta horrela islatuta geratuko dela udal haustekundeen ondorioz Donostia aldean lortutako «benetako» korrelazio indarra.

Errauste planta «blindatu»

Imanol Azpiroz San Markoko lehendakariaren ustez, ordea, «jokaldi horrekin» errauste planta «blindatu» nahi dute: «Datorren urtean hauteskundeak dira, eta panorama asko alda daiteke. Legegintzaldi amaiera honetan hainbat gauza lotuta utzi nahi dituzte, badaezpada ere». Errauste planta egiteko «bidea libre» nahi dutela dio, «nahiz eta horretarako legez kanpoko erabaki eta akordioak egin». Haren esanetan, interes ekonomiko ugari daude tartean, eta halakoak daudenean liskarrak ahaztu eta «diruaren mesedetan» batzen dira alderdiak, kasu honetan EAJk eta PSEk egin bezala. «Atez atekoaren aurkako hitzarmen aktibo bat egin dute, atez atekoa indartzen ari den unean». Ez du harritu EAJren eta PSEren erabakiak. Izan ere, haren irudiko, orain dela hamabost egun inguru PSEk abisua eman zuen: «Denis Itxasok, Iñaki Arriolak eta Leire Pajinek argi esan zuten atez atekoaren aurka jarrera aktiboa hartuko zutela. Emaitza ikusi da». Dena dela, berak argi du atez atekoa dela bidea: «Arrazoia gurea da, eta lanean jarraituko dugu».


Utzi iruzkina: