Kafkaren heriotzaren urteurrena.

ustearenorbanak 1456153527363 Ustearen orbanak | 2012-06-04 18:19

Atzo 88 urte Franz Kafka hil jakun.  Kasu berezia da berea, nobelagintzaren historian: Franz Kafka nobelagile lez egin da ezagun, baina autorea bera jarri dogu bere obraren gainetik, autoreak berak bere obrak berak, bere nobeletako testuak berak baino interes handiagoa baleuko lez, bere nobela grisen "mezua" ulertuteko orduan.  Azterketarako ikuspuntu hori hartzeak argi asko emon leike, baina baita itzalgune asko sortu be, eta ikuspuntu bakar horretatik sortzen den argiak itzutu be ein leike. Jende askok ekin deutzo Kafkaren obraren ikasketa eta azterketari Max Brod bere lagunak hasitako bide honi loturik. Eta, holan, bere obraren esanahi eta ekarpenak bere nortasun, biografia, sexualitate edota eta ideia erlijioso edo politikoen argipean aztertu direz batik bat, bere artea hauen adierazpena besterik ez bailitzan, bere obra beste autoreen nobelekin alderaketan aztertu beharrean, nobelagintzaren historiaren baitan aztertu beharrean.  Ez da berea noski kasu bakarra.  Hemingway dekot ontxe burun.  Baina Hemingwayen bizitza aberatsa izan zan tragediaz, komediaz, egintzez eta beste abar askoz.  Interesgarri askoa txutxumutxuzalearentzat. Kafkak ordea bizitza arrunt-hutsala egin eban.  Bere biografian ez dau interes handiko ezebez, idazketaz gain.

Nik, bere nobela bat gomendatutekotan, “prozesua” gomendako neuke.  Nobelagintzak pertsonaren nortasuna zer dan itaundu izan dau beti, autore bakotxak bere eran eta estiloan.  Kafkaren galdera hau da: zer da nor izatea, norberan gainean egindako eta ulertu, kontrolatu eta erantzun ezina dan epai batek norberan bizie hartzen badau?  Zer gertatzen da baten nortasunagaz, ingurukoek epai ezezagun eta ulertezin horren hotsa entzun eta aintzat hartzen badabe? Zer da giza-askatasuna, halako inkomunikazio egoera batean?

Mende honen hasierarako be galdera ona ein eban Kafkak eta berak bikain nobelizatu eban oinarrizko giza-egoera hori.  Gaur egun desagertu egin direz, gurean behintzat, egitura totalitarioak, baina Kafkaren obraren balioa, beste edozein nobelagile handirekin gertatzen dan bezala, ez jako lotzen soilik garai historiko bati. Gizakia baldin bada nobelaren aztergaia, nobela baten ekarpenak hori baino ibilbide emankorragoa deko.

Heldulekurik bariko gizakiaren egoera posible bat da Josef K. ren bizitza.  Ez da baina heldulekurik bariko gizakiaren kondena erraz eta sinple bat. Berez -eta paradoxikoa irudi leike nobela hontaz ari bagara-, ez dau nobelagilearen aldetik kondenarik nobela hontan. Josef K.ri ustekabeko eta -irakurlearentzat ere- ulertu ezinezko epai batek ahulduten deutzoz ordurarteko bere nortasunaren heldulekuak.  Bere aurkako prozesua hasi daukn Tribunalak ez dautzoz bere aurreko heldulekuak ahulduten bakarrik (arriskuan be jartzen dauz), beste zerbaiti heldu ahal izateko irizpide barririk be ez dautzo emoten: ez dautzoz epaiaren arrazoiak komuniketan. Zer egin ere kondenata dauanaren berri nahasi eta zalantzagarria baizik ez dau jasoten Josef K.-k, eta ideia hau be ez dau Tribunalaren eskutik jasoten. Egoeraren ondorio gisa epai horretatik zintzilik geratzen da Josef K., ezinbestean eta obsesioz, bere borondatea eta bere nor guztia Tribulalareen esan ulertezinen menera jartzera arte.

Sendo nahikoak al zirean Josef K.ren aurreko heldulekuak? Ez bazirean, bere erruaz al zan? Ala tribunal zentzugabe hori al da nobelako pertsonai txarra, egoeraren erruduna?

Kunderak dinon moduan,  Egindako galderek ez dabe testuan erantzunik: ez dogu epaia ezetuten, beraz ez dakigu zein den Josef K.ri egozten jakon erru edo pekatua.  Ezin ebaki hortaz, K. errudun den ala ez. Ezta ere, Tribunala ondo ala txarto ari den ere.

Edonola ere elkar-hartzearen auzia jartzen dau Kafkak, azken finean, mahai gainean.  Giza-harremanak askotarikoak izan daitekez eta Kafkak mugaraino eroaten dau giza-harreman posible bat, inkomunikazioaren bilakaera posible bat.  Esplorazio horretan datza Kafkaren obraren muinak.


Utzi iruzkina: