Santimamiñen aurkitutako haurraren leinu berekoa naiz

urtzai 1459946863214 Zientzia ala fikzioa | 2016-05-03 09:00
5 1

urtzai 1460537709028

Gabonak aurretik nire buruari egin nion auto opari horietakoa izan zen Genographic proiektuaren kit bat erostearena. Funtsean, DNA proba bat egitean datza eta emaitzekin zure arbasoen migrazioi buruzko informazioa jasotzen duzu. Duela 100.000 urte bizi izandako lehen gizakien (edo homosapiens delakoen) DNA arrastoa nola daukagun eta "aita" eta "ama" beretik zenbat familia adar sortu diren eta bakoitzak gutxigora beherako zein migrazio ibilbide zein garaitan egin duen esaten digute.

Hau da, zein den zure familia adar edo "haplotaldea". Baina, interesgarriena proiektu honek emandako haplotaldeak sarean aztertuz nik nire kabuz lortu dudan informazio gehigarria izan da. Izan ere, proiektuak berak nahiko brotxa lodiz azaltzen dizkizu azalpenak eta nire kasuan zehaztapen handiagoarekin nahi nituen.

Zirrara berezia nuen ea nire arbasoak nondik zetozen jakitekoarena, transmititu didaten kultura, jakinduria eta izate hori nondik datorren gehiago jakiteko interes berezia nuen. Norbaitek agian pentsatu dezake ea nire euskaldun pedigreea zertifikatzeko beharra ote nuen, baina nire interesa bestelakoa da. Lurralde edo odol purutasunari lotutakoa baino, kulturala, nire familiaren bi aldeen izaeraren jatorriaren bilaketa bat besterik ez da izan eta izaten jarraitzen du.

DNA proba nola egin

Genographic kit batek 150€ balio ditu gutxigora behera eta honelako kaxatxo bat bidaltzen dizute etxera. Bertan, ingelesez idatziriko informazio liburuxka bat, argibide orri bat, bi eskuilatxo, bi pote txiki eta postazal bat jaso ahal izango dituzu. Egin beharrekoa oso erraza da. Eskuila bakoitza masail bakoitzaren barnealdean segundu batzutan igurtzi eta zure listu lagin bat hartu beharko duzu. Ondoren eskuila bakoitzaren punta potetxo batean gorde beharko duzu, DNA ongi kontserbatu dadin.


Guztia postazalean sartu, zure DNA analizatzeko zure baimenarekin batera (baimen hau betetzeko inprimakia ere kit bertan dator) eta National Geographicera, Texasera bidali beharko duzu. 10 asteren buruan argitaratuko dizkizute emaitzak eta erosi zenuen kaxan agertzen den Kit zenbakia erabiliz ikusi ahal izango dituzu.

DNA frogaren oinarriak

Ezertan hasi aurretik, egindako frogak zer esan nahi duen argitu nahiko nuke. Zer da DNA froga bat egitea? Emaitzek zer esan nahi dute?

National Gegraphic laborategiei emandako DNA lagina bakarra da, hots, zure gurasoek emandako DNAren nahasketa da. Zure gurasoek beraien DNA zure aiton-amonengandik jaso dute eta haien DNA zure zortzi birraiton-amonengadik eta horrela behin eta berriz. Hau da, zeure aurreko guztien konbinazio kimiko baten amaierako produktua zara eta guzti horiek denak zure arbasoak dira.

Azken aldian, zientzialariek DNAren zati ezberdinak aztertuta, gure arbasoen historian gertatutako gertakizun historiko eta prehistorikoei buruz jakin dezaketela ikusi dute. Pertsona ezberdinen DNAren aldaketa txikietan erreparatuz, gertakizun hauek noiz eta non gertatu ziren balioetsi ditzakete. Aldaketa txiki hauei 'mutazio' deitzen zaie. Mutazioak normalean arraroak dira eta ia gehienetan, behin bakarrik gertatzen dira. Horregatik, mutazio arraro bat duten edozein bi pertsona derrigor arbaso berdinetatik eratorriak dira. Zure mutazio arraroak aurkitu eta beste milaka pertsonekin konparatuz, zure 'jatorria' eraiki dezakete. Beno, edo behintzat pista batzuk edo zertzelada batzuk eman.

Zure jatorri sakona aztertzeko DNAko bi segmentu txiki eta ezberdin erabiltzen dira: DNA mitokondrial eta Y-kromosoma bezala dira ezagunak. DNA mitokondriala (mtDNA) edozein gizon-emakumetan aurki daiteke. Amarengandik bakarrik zuzenean jasotzen den DNA zatia da. Espermak ez du inongo mtDNArik pasatzen eta obulutik datorren informazio hutsa da. Alegia, zure amarengadik datorrena. Zure amak bere amarengandik jaso zuen, zeinak bere amarengandik jaso zuen eta horrela atzera eta atzera amatasunean oinarritutako adarra osatuz. Amak biei, bai seme eta baita alabei pasatzen dienez mtDNA, azterketa egitean amaren aldeko adarra bai gizon edo emakumeei identifika dakioke. Ikusi goian grafikoa.

Ez da berdina gertatzen baina Y-komosomarekin. Hau gizonezkoetan bakarrik existitzen da. Gizon bakoitzak bere Y-kromosoma bere aitarengandik jasotzen du, non aldi berean, azken honek bere aitarengandik jaso duen eta horrela atzera eta atzera. Aitatasunean oinarritutako adar zuzena osa daiteke beraz. Baina, Y-kromosoma (Y-DNA) gizonetan bakarrik existitzen denez (aitak alabei ez die pasatzen), emakumeek DNA froga egiten dutenean aitaren aldeko arbasoen adarra osatzea ezinezkoa da. Froga hau egiteko eta emaitza hobeak lortzeko, emakumezkoen kasuan gomendagarriagoa da beren nebaren batek egitea. Ikusi goian grafikoa.

Azkenean, denbora eta leku zehatz batzuetan gertatutako mutazio mordo baten erregistro baten kontra konparatuko dute bai zure Y-DNA eta mtDNA eta hortik, zure arbasoek izan zuten migrazio ibilbidearen inguruko informazioa ematen dizute.

Bestalde, jakinekoa da garai batean giza espezi desberdinak ere bizi izan zirela elkarrekin (Neandertala adibidez) eta nire kasuan, haien arrastoa zenbaterainokoa izan den ere kalkulatu dute.

Oraingoz 742.652 DNA froga bildu dituzte datu basean, informazio bolumena handitu einean, gero eta historia zehatzagoa osatzen dutelarik. Gainera, zure inguruko datuak ere eguneratu egiten dituzte informazioa nahi duzunean eskuragarri jarriz. Egia da baita, ematen dizuten informazioa nahiko oinarrizkoa dela eta gehiago sakondu nahi izanez gero edota froga zehatzagoak egin nahi badituzu, gehiago ordaindu behar dela. Baina, ni behintzat esperientzia honek nahiko konforme utzi nau.

Genographic proiektuak emandako hasierako emaitzak

Lehen esan dudan bezala, behin zure DNA laginak bidalita 10 astera publikatzen dituzte emaitzak sarean. Zuk esklusiboki daukazun kode baten bitartez sar zaitezke emaitzak ikustera eta nahiko PDF eta grafiko interaktibo txukunak osatzen dizkizute zure arbasoen migrazioak azaltzeko. Migrazio horien periodo edo garai garrantzitsuenak azaltzen dizkizute gutxigora beherako data batzuk emanez.

Hor ikusten da nola egin zuten afrikatik Europarako bidea eta denboran zehar, ibilbide ezberdinak hartzen dituzten giza taldeak nola deskubritu dituzten. Hau da, denok konpartitzen dugun DNA hori frakmentatzen hasten da. Mutazio arraro ezberdinak izan dituzten giza taldeak identifikatzen dira (haplotaldeak) eta talde hauek denbora espazioan kokatzen dituzte. Europa eta mundua kolonizatu ahala, gero eta mutazio eta DNA fragmentazio gehiago, azken finean gero eta familia, adar gehiago.

Behean ikusten den irudia bezalako informazioa ematen dizute, non, amaren eta aitaren leinuko haplotaldeak agertzen diren. Amaren adarra U5B2C izeneko mutazio sekuentzia bat da eta aitarena berriz R-P310 edo geroago jakin dudan R-L11 izeneko beste bat. Esan behar da, haplotaldeak definitzeko modu ezberdinak daudela munduko laborategi ezberdinetan, eta askotan zenbaki eta letren izugarrizko entsaladak aurki ditzakezula sarean informazio extra aurkitzen jarduten duzunean. Abisatuta zaudete!

Informazio honen arabera, laborategi honek eginiko azterketa guztien artean nire amaren leinua %0.1ek baino gutxiagok elkarbanatzen dute eta aitarena berriz %4.5ek. Hau da, amaren mtDNA arraroagoa da aitarena baino eta ondorioz, aitarena hedatuagoa dago batez ere Europan zehar. Esan beharra daukat baita (gero jakin dudan bezala), amaren haplotaldea denboran lehenago iritsi zela gaur egungo Euskal Herrira (duela 10000 bat urte edo gehiago, Mesolito garaian hemen omen zeuden) eta aitaren hau berriz beranduago heldu zela (duela 3000-4.000 bat urte).

Horrez gain, Neandertalen genetikaren berezitasunak ere aztertzen dizkizute naiz eta hominido espezie hauek aspaldi desagertu ziren. Goian agertzen den bezala nire jatorriaren %1.1 neandertala da.

Honetaz aparte, migrazioen historia pixka bat eta zure jatorria gutxigora behera gaur egun bizi den jendearen zein lurraldetako giza taldeen nahasketa izan den edo esaten dizute. Hau da, nik daukadan DNAren %90a hegoaldeko europearrek konpartitzen dute. Oso eremu zabalean zabaldua dagoela alegia. %6a eskandinabian aurki daiteke eta %3a Britania Handiko eta Irlandako jendeak dauka. Informazio interesgarria da dudarik gabe, baina tira... nik zertxobait gehiago jakin nahi nuen. Eta batez ere, Europako kultura, etnia etabarren zer eragin aurki dezakedan nire familian.

Horretarako baina, froga honek emandako hasierako emaitza hauek, hots, haplotaldeak hartu eta sarean, interneten, arakatu behar izan dut.

Aitaren aldeko haplotaldea (R-Z2970)

Genographic azterketak emandako datuen arabera, afrikako lehen hominidoetatik hasita aitaren aldeko arbasoek egindako migrazio ibilbidea honako hau da. Bertan ikusten da, aitaren aldeko adarra Europa, asiako zenbait puntutan eta afrika iparraldean elkarbanatzen dela intentsitate handienaz. Batez ere, Britania Handian, Irlanda, Europa erdialdean, penintsula iberikoan eta asiako puntu batean kontzentratuta. R-L11 (R-P310) haplotaldea edo arrastoa, Europa ekialdean kokatzen dute duela 4.500 bat urte. Mutazio hori, gaur egun errusia hasten den inguruetan sortu zen eta garai hartako nomadek Europa konkistatu zutenean zabaldu zuten.

Zenbat eta denboran atzerago egin, mutazioak jende gehiagok konpartzen dituzte eta noski, bero mapa ere zabaltzen joango litzateke. Beraz, R-L11 (R-P310) haplotaldeak informazio interesgarria eman zidan baina ez nik nahi nuen bezain zehatza. Hala ere zorteko izan nintzen eta datuetan eguneraketa batzuk egin zituzten.

Denboran askoz aurreragoko beste mutazio batzuk detektatu eta haplotade berri baten berri eman zidaten:

Herentzien zuhaitzean ikusi ahal izan dudanez, R-Z2970 haplotaldea, R-L11 haplotaldearen azpian dagoen S116 (P-312) haplataldearen R-L21 azpi taldea da. Hau da, hasieran eman zidaten R-L11 haplotaldea baino askoz desglosatuago eta zehatzagoa den talde baten azpitaldea bat da.

Esan dizuet lehen letrazopa entsalada handia dela!! Zer esan nahi du honek? Europa ekialdetik barna etorri ziren nomada haiek familia ezberdinetan zatitu zirela: Ipar atlantiarrak, Ibero atlantiarrak, italo-galoak, nordikoak eta anglo-saxoiak. Aitaren adarrekoak beraz (ipar atlantiarrak), izenak berak esaten duen moduan, ipar atlantiko osoan hedatu ziren eta batez ere Britania Handian eta Irlandan aurkitzen dira gaur egun ere mutazio hori duten giza talde dentsitate handienak.

Kuriosoa da baita puntu honetan (Brontze aroaren amaiera aldera), Pirinio inguruan eta Euskal Herrian osatu zen kontzentrazioa ere. Batez ere interesgarria, nire familiako arbaso hurrun haiek bertara etorri baitziren denbora luzez gelditzeko. Garai hau, kultura zelta eta indoeuropearren garaia omen da. Gerora gaskoiekin ere oso lotutako adar genetikoa. Ziurrenik garai hortatik datoz euskaran aurki ditzakegun zeltiar jatorriko hainbat hitz.

Toponimoen aldetik:

  • Deba (Jainkoen ibaia esan nahi du Zelteraz literalki)
  • Ultzama
  • Nerbioi
  • Toloño
  • Zegama
  • Lezama

Bestela hitz batzuk:

  • Gezi
  • Gori
  • Landa
  • Maite
  • Mando

Eta gehiago ere izango ziren ziurrenik, baina gerora Erromatarren etorrerarekin latinak ordezkatuak izan dira ziurrenik.

Teoria benetan interesgarri batzuk daude garai hartako inmigrazio eta ordezkatze genetikoen inguruan. Batzuk diote milaka urtetako emigrazio geldo eta nahastea izan zela konkista militarraren ordez. Beste genetista batzuek aldiz Luistxoren blogean azaltzen den bezala, abantaila teknologiko/militar handiagoa zuten gerlari batzuek bertako orduko gizonezko gehienak garbitu zituztela diote. Bertako emakumeez jabetu zirela baina, faktore ezberdinengatik (haurraren eta etxeko zaintza amak emakumeek egingo zuten...) beren hizkuntzaren transmisioan huts egin eta garai hartako aintzin-euskara mantendu ahal izan zela, berauen eraginarekin beti ere. Kultura-etnia hauen eragina nabarmena da baita hizkuntzaz gaindi ere eta Euskal Herrian ez ezik, Asturias edo Galizan ere erreferentzia nabarmenak daude. EHn horren adierazgarria eta ezaguna den laburua adibidez zeltiarra omen da.

Eragin linguistiko kulturala ulertzeko, "Euskararen jendea" dokumental bilduma ikustea ere asko gomendatzen dizuet. Bertan, emigrazioaren teoriaren aldekoak dira adibidez eta handik hartu ditut zeltierazkoak izan litezkeen hitzen zerrenda. Hala ere, kuriosoa omen da garai hartararte pirinio inguru hauetan bizi ziren gizonezkoen zein haplotalde gutxi aurki ditzakegun gaur egun gure artean, indoeuropear jatorrikoekin konparatuz.

Genetistek ere eztabaida eta interesa dute gai honen inguruan eta eztabaida foro honetan aurkitu dudan moduan, R-L21 adarra Euskal Herrian oso errotuta dagoen leinua da. Adibide batzuk jartzearren, hona hemen Britania Handia eta Irlandako guneak kenduta portzentai altua duten Europako zenbait leku:

  • 10.3%  Bologna, Emilia-Romagna, Italia
  • 19.4%  Alpes-de-Haute-Provence, Frantzia
  • 11.1%  Marseilles, Provence-Alpes-Côte d'Azur, Frantzia
  • 08.2%  Vaucluse, Provence-Alpes-Côte d'Azur, Frantzia

Eta hona hemen Euskal Herrian 2012an neurtu diren R-L21 taldearen portzentaia handienen lekuak:

  • 27.3%  Baztan
  • 22.8%  Gipuzkoa hego mendebaldea
  • 21.6%  Araba
  • 20.8%  Erronkari
  • 19.1%  Gipuzkoa
  • 15.0%  Nafarroa Erdi mendebaldea
  • 13.6%  Nafarroa
  • 12.3%  Bizkaia
  • 10.5%  Bizkaia mendebaldea
  • 09.8%  Nafarroa ipar mendebaldea
  • 05.7%  Zuberoa

Ez hori bakarrik, ama hizkuntzarekiko lotura ere aztertu zuten. R-L21 leinuaren maiztasun media hizkuntzaren arabera:

  • Euskara: 16.5%
  • Frantsesa: 10.8%
  • Espainola: 6.5%

Badirudi beraz, behin iritsi zenean bertan beste hainbat leinuren aldean ondo mantendu eta luzaroan iraun duen adarretariko bat dela. Zer gertatu zen beraz, hemen aurretik zeuden gizonezkoen leinuekin?

R-M153 euskal markadorea

Badirudi zenbait ikerketen arabera  indoeuropearren ondorengo Y-DNA-ren R1b-M153 haplotipoa dela euskaldunen artean ohikoena eta oso arraroa dela euskal populazioetatik at horren proportzio altuetan aurkitzea. "Euskal markadore" moduan izendatu dute eta Bizkaian %11.1 eta gipuzkoan %5.4ko portzentaietan aurkitzen da. Araba eta nafarroan ez omen dute aurkitu...

Nik ere ez dut positibo eman. Hona hemen haplotipo horren maiztasun mapa.

Haplotalde honetan positibo eman baduzu, ikertzaile talde honekin kontaktuan jartzeko eskatzen dute artikulu honetan bertan.

Amaren aldeko haplotaldea (U5b2c)

Hona hemen berriz Genographic proiektuak aurkeztu zidan amaren haplotaldeek egin zuten migrazio ibilbidea. Bero mapak adierazten duena U5b haplotaldearen maiztasuna da. Izan ere, U5b2c marka beranduagokoa da eta beraz, askoz populazio gutxiagok partekatzen duena. Ikusgarria da batez ere Finlandian zer dentsitate handia dagoen. Saami herrietan finkatzen da gehinbat eta beren kultura eta faktore orografikoengatik eutsiko zioten honelako dentsitateei.

Baina esan bezala, U5b leinua Europan zehar zabaldu zen eta handik eratorritako U5b2c Europa atlantikoko adarra da. Hona hemen adar horren desglose txiki bat:

  • U5b:
    • U5b2: Europa erdi eta iparraldean, Errusia, Asia erdialdean, Siberia eta Indian aurkitua
      • U5b2c:  Europa mendebaldean bakarrik aurkitu da (hau da nirea)
        • U5b2c1: Britaniar irletan, Frantzian, Alemanian eta Espainian (asturiasen) aurkitua
    • U5b1: Afrika ipar mendebaldean, Europa mendebalde, erdialde eta ipar-ekialdean, Asia erdialdean eta Siberian aurkitua
      • U5b1f: Euskaldunen artean bakarrik aurkitua

Ikusten duzuen bezala, aitarena ez bezala ez da hain haplotalde espezifikoa. Datuak findu eta azpi taldeak aztertzeko aukera ematen du Genographics proiektuak baina, horretarako beste 39$ ordaindu behar ditut. Negozioa badakizue. Agian aurtengo gabonetarako :D

U5b2c aro mesolitikoan kokatzen dute, duela 9000-10.000 urte Harri Aroko Paleolito eta Neolito aroen artean. Beraz, nekazaritza iritsi aurretik.

Wikipediak zera dio garai hartako bizimoduaz:

Ez zituzten leizeak erabat utzi eta harriz nahiz hezurrez egindako lanabesak erabiltzen zituzten. Ez zituen irudiak eta grabatuak egiten haitzuloetako hormetan, eta badirudi aldakuntza handiak gertatu zirela Cro-Magnon arrazako jende haren sinesteetan eta gizarte antolamenduan. Garai honetakoak dira Itziarko Urtiagako leizean aurkitu ziren giza hezurrak. Goi Mesolitoan soinbera eta arrain gehiago jaten zen eta lan espezializazioa areagotu zen.

Gizarte antolamendua konplexuagoa zen eta badirudi garai haietan hasi zirela lehen migrazioaldiak, Europatik eta Afrika aldetik. Aipagarri dira garai honetako kutun eta apaingailuak. Mouligna (Miarritze), Izturitze, Bolinkoba (Abadiño), Berroberria (Urdazuri), Ermittia (Deba), Urtiaga (Itziar), Lumentxa (Lekeitio), eta Santimamiñeko (Kortezubi) leizeetan aurkitu dira Mesolitoko aztarna garrantzitsuenak.

 Garai hartakoak izan daitezke gaur egun euskaran ditugun hainbat hitz. Jakinekoa da harriz egiten zituztela beren lanabesak eta "harri" edo "haitz" erroari erreferentzia egiten dioten hainbat hitz ditugu guk. Ez gara bakarrak hala ere, hizkuntza askotan gertatzen da hori, baina zirrara berezia egiten du eta hona hemen zerrenda bat:

  • Aizkora
  • Aitzurra
  • Aiztoa
  • Guraizeak

Garai hartan dagoeneko euskaraz hitz egiten ote zen ba? Hori gehitxo esatea da. Adituek nahiago dute aitzin-euskara edota proto-euskara bezala bataiatu eta gerora sortu zen euskararen arbasoa zela esaten dute. Baina argi dagoena da, haien oinordekoek mantendu zutela hizkuntza aitaren leinuko indoeuropearrak (zeltak) iritsi ostean ere. Ordutik ote datorkigu kaskagogorkeria fama? :D

Ez dut aitaren leinuaren adinako informazio pila lortu migrazioari dagokionez. Goiko mapan U5 haplotaldearen informazioa dago, oso zabaldua noski. Baina hala ere pirineoetan dagoen kontzentrazioa nabarmena da. Auskalo nola baina inguru hauetan eta atlantiar isurialdean garatu zen U5b2c azpitaldea.

Euskaldunen mtDNA espezifiko zabalduenak

Bestalde, aparteko blog batean (Majuren bloga) aurkitu dudanez, euskaldunon artean gehien zabalduak dauden haplotaldeak U5b eta J1c dira (%10tik gorako maiztasunarekin). Azken hau, J haplotaldea, Asiatik Neolitiko garaian iritsitakoa da (nekazaritza asmatu zenekoa) eta giza talde hauek ekarri zuten nekazaritza inguru hauetara. Nafarroako aztarnategi askotan aurkitu dituzte J familiako hezurrak. Nire amaren arbasoen leinua berriz, hauen aurretik iritsi zen iberiar penintsulara.

U5b haplotaldea

Maju erabiltzailearen arabera, U5b eta partikularki U5b1f oso maiztasun handikoa da euskaldunon artean eta baita hego pirinioetako populazioan. Munduko U5b proportziorik handiena nafarroa iparraldean kokatzen omen da %15.5eko portzentaiarekin. Nire bigarren abizena, amak emandakoa Lizaso da, nafarra. Kasualitate hutsa?

Egia esan ez dakit nola erkatzen den hau Genographic proiektuak emandako bero maparekin, agian aurreko mapa ez da hain zorrotza. Europediakoak, Genographic-ekoak ez bezala, garbi markatzen du U5 haplotaldearen kasuan pirinioetako dentsitatea. Baina hau, U5 leinua da, U5bren arbasoena eta noski, Europako beste zenbait lekuetan zabalduago egotea normala da.

Majuren blogetik hartutako irudia uzten dizuet hemen eztabaidarako:

U5b haplotaldetik U5b1f1a azpitaldea da EHn zabalduena

2012an Behar et al. ikerlariak eginiko ikerketaren arabera, U5 haplotaldeak euskaldunon populazioaren %18 errepresentatzen omen du. Hala ere, hortik bi heren U5b1f1a azpitaldekoak dira. Datu hauek ordenatu eta hizkuntzaren arabera  sailkatu ondoren, U5b1f1a lagin gehienak euskara eta frantsez hiztunetan aurkitu ziren. Goian ere familien adarra osatu dudanean, Europediatik hartutako datuek hori esaten dute: U5b1f marka euskaldunen artean bakarrik aurkitu dute.

J1c haplotaldea

Lehen aipatu dudan bezala, nekazaritza ekarri zuen eta Euskal Herrian oso hedatua dagoen J haplotaldeko azpitalde bat da. Hona hemen bere maiztasun mapa:

Guzti hau jakin ostean...

Euskaldunak bakarrak, unikoak ote gara ba? Ez noski. Genetikaren ikuspuntutik nahasketa handi baten ondorio kimiko bat besterik ez gara. Zenbait berezitasun agian edukiko ditugu baina, funtsean ia mundu erdia osatuta dagoen osagai berdinez osatuta gaude. Rh negatiboaren teoria eta hauspotze horrek ez dauka batere zentzurik. Izatez, honek probatzen duena da nahiz eta isolamendu maila handia egon, inguruko herriekin erabateko harremana izan duela gure herriak ere.

La Brañan duela 7000 urteko bi emakume ehiztari

Aurreko aurkikuntza hauez gain, zirrara berezia sortu dit La Braña (Asturiasen) 2006an aurkitutako mesolito garaiko bi emakume ehiztariren arbasoak partekatzen ditudala jakiteak. Hauen taldea, U5b2c1 da eta duela 7000 bat urtekoak dira. Nik dudan U5b2c taldearen azpi talde batekoak dira, alegia. Nirea baino zehaztuagoa den taldea da, beraz ezin jakin arbaso hurbilago edo urrunagoak ditugun. mtDNA proba xehetu beharko dut nik ere azpitalde honekin bat egiten dudan edota beste adarren batekoa naizen jakiteko.

Gauza jakina da baina, gutxienez orain dela 10.000 urte arbaso berak izan genituela. Bi emakume ehiztari hauek bizirik zeudenean baino 3000 bat urte lehenagoko amona beretik gatoz. Bai, denbora asko da, badakit :D

Hemen Europako mesolito garaiko kultura eta genetika uniformearen ebidentziaren aztarnak:

Zirkulu beltzak: Ornamenduzko lekuak

Zirkulu txuriak: Zulatutako orein hezurrak (La Brañakoak barne)

Karratuak: Datu genetikoak bildu diren lekuak

Karratu urdinak: U4 eta U5 mtDNa leinuak

Karratu gorriak: U5b haplotaldeak (La Brañakoa barne)

Informazioa iturria: Aurkikuntza genetikoen txostena

Duela 3000 bat urteko Santimamiñeko kobazuloko haurra

Sarean nenbilela aurkitu dudan beste datu interesgarri bat: Santimamiñen aurkitutako haurraren leinu berekoa naiz. Bai, amaren auskalo zenbat generazio atzeragoko amonaren bat konpartitzen dugu Santimamiñe kobazuloan aurkitu zuten duela 3000 urteko haur batek eta nik. Alcala unibertsitateko aldizkaria batean dator informazioa eta honen arabera U5b mutazioa duen 10 urteko haur bat aurkitu zuten 1931 urtean. Haurraren sexua identifikatzeke dago eta badirudi hezurren egoera nahiko txarra izango zela, bere haplotaldea ere ez baitute asko findu. 12 zati ezberdinetan eta lurreko 5 geruza ezberdinetan aurkitu zuten.

Bai, tranpa "pixka" bat egin dut artikuluaren izenburua jartzean. Izan ere, U5b oso haplotalde orokorra da eta ezin jakin haur honekin bat egiten nauen amona hori zenbat urte atzeragokoa izango den. Zehatz dakidana da U5b duela 10.000 urtekoa dela eta arbaso bera izan genuela orduan. Baina duela 3000 urtekoa, Santimamiñen aurkitua eta La Brañako emakume horiek baino beranduagoko haurra izan eran, posible al da haur hau gertuagoko arbasoa izatea? Posibilitate handiak daude, baina haurraren haplotaldea gehiago zehaztu beharko litzateke...

Goian, haurra Santimamiñe kobazuloko zein galeriatan aurkitu zuten ikus daiteke. Behean, aurkitu zituzten giza hezurren informazio taula.

Azken finean, amaren U5b haplotaldea Euskal Herrian zabalduenetarikoa baldin bada, eta datu gehiagoren faltan... zenbat jende ez ote dago duela 10.000 urte haur honen arbaso bera zuena?

Eta indo-europearren ondoren zer?

Informazio asko dago garai indo-europearren migrazioaren eraginez gertatu ziren aldaketen inguruan. Teoria asko eta gero eta argibide gehiago, baina ondoren ere izan ziren garai kritikoak euskaldunon lurraldean. Zer gertatu zen Erromatarrak iritsi zirenean? Zergatik ez zen euskara desagertu? Zenbateraino nahastu ziren gure arbasoak erromatarrekin? Nabarmena da haien arrastoa bai gure hizkuntzan hartu ditugun mailegu latinengatik, baita gizartea eratzeko sortutako egitura eta erlijioagatik. Euskal Herria ez zen salbuespena izan eta badakigu lurralde osoan barrena zabaldu zirela.

Eta arabiarrak zer? Tuteraraino iritsi zirela garbia da. Aztarna dexente aurkitu dituzte eta garai batean penintsula ia osoa kontrolpean izan zuten. Zer gelditu zaigu garai haietatik?

Ez dut ia erreferentziarik aurkitu garai hauei buruz eta ez dakit pixkanaka guzti hau argitzerik izango dugun, baina benetan interesgarria da batez ere ikuspuntu kultural linguistikotik begiratuta.

Azken ondorio batzuk

Egia esan DNA froga hau Luistxori ikusi eta bere ondoriak irakurri ondoren egin nuen. Eta nola ez, duela 4.300 urteko Y-DNAko R-P312 haplotaldeko arbaso komun bat badugula konturatu gara. Aitaren aldeko arbaso komun honetatik bost adar nagusi zabaldu ziren orain Alemania kokatzen den lurraldetik eta horietako bi Europa mendebaldera (ikusi beheko irudia). Luistxoren leinua DF27 ibero atlantiarrak edo euskal-iberiarrak deituriko da eta nire leinuarekin batera Euskal Herrian kokatu zen gizatalde edo familia indoeuropearrena da. Interesgarria benetan...

A ze txapa eta informazio pila jarri dudana ba! Denborarekin kontu gehiago argitzea espero dut eta ea ba hurrengoan gehiagorekin natorren. Hau ez da behin ere amaitzen!

Aitor Izagirre

Aitor Izagirre 2017-12-23 21:58 #1

Kaixo,

Oso artikulu interesagarria. Ni ere azkenean animatu eta GEnographic proba egin dut.

HAuek dira nire emaitzak, biak nahiko arraroak ematen duenez:

U5B1F1A Amaren aldetik <0,1
R-Z299 Aitaren aldetik 0,3

Amarena antzekoa dugula ematen du eta argi gelditu zait. Arazoa nire aitaren aldetik ez dut informazio asko aurkitu. Nun bilatu behar dut? Zenbat denbora tardatu zuten emaitz gehiago bidaltzeko?

Milaesker!


Utzi iruzkina: