Biak baten: IBAN eta IRENE

urtarrila 1456153513302 Urtarrila | 2006-11-12 10:05

Ekonomiaz aritu zen Iban bere hitzaldian zehar momenturen baten, ez gehiegi, eta ez ekonomiaz bere arlo zabalenean hartuta. Eta nik ere ekonomiari begiratuta egingo dut gaurko sintesia, bi lan egin beharrean bakarra egingo baitut bi gaien hausnarketa batean eginez.

Zertaz arin naiz, lehenengo eta behin? Iban Aranzabal Goienako zuzendariaren eta Berria egunkariko Irene Arraratsen gainean. Irene Berriako Estilo Liburua aurkeztera etorri zitzaigun HUHEZIko fakultatera ostiral arratsaldean.

Biek tartekatu zuten geure hizkuntza modu batera edo bestera, gehiago edo gutxiago. Baina bai, hori izan daiteke bietatik jaso nuen ideia komunetako bat. Blogaren eta sarearen bidez euskarak zenbat irabaz dezakeen aipatzen zuen lehenengoak, bidez batez, esan neuk ere horrela uste dudala. Gainera, hau ere esan dezadan, oraintsu arte horretaz ohartu gabe nengoen. Bestea, berriz, euskara erakargarriaz aritu zen. Estilo liburuak horretan lagunduko omen du. Kazetariek, euskaldunak euskaraz irakurriko badu, erakargarritasunez idatzi beharra dute. Atal honi buruz aritu zenean aipatu zituen klixeak, kalkoak, txokokeriak, fraseologia etab. Dena oso interesgarria, nahiz eta niretzat berria ez izan. Ez naiz aspertzen horrelakoak entzuten.

Asperguraz ari garela, apur bat gehiago aspertu nintzen Ibanen hitzaldian. Ez dakit aspertu den hitza edo sentimendua, baina astun samar egin zitzaidan blogaren erabileraren garrantzia behin eta berriro entzutea. Temati ikusi nuen horretan, tematiegi neure aburuz eta zer esanik ez Firefox softwarearen erabilera bultzatzeko orduan. Gainera, behin baino gehiagotan erabili zuen tonua, nahiko ironikoa iruditu zitzaidan, ez zitzaidan gustatu. Agerian utzi nahiz-edo, unibertsitatearen inkonpetentzia gai horri dagokiola.

Beno, baina Ibanekin ere ikasi nituen hainbat kontu. Esate baterako, egun hartako gauean etxeko ordenagailuan instalatu nuen firefox-a. Bide batez, hitz hau marratxoz edo marratxorik gabe idatzi behar den jarriko al du estilo liburuak? Izan ere, Irenek aipatu zuen ideia interesgarri bat honen inguruan izan zen. Liburuak ez du jasoko ez Euskaltzaindiaren araurik, ez gramatika zuzenketarik. Pausu bat eman nahi izan dute honekin. Euskara normalizatua irudikatu dute –ideia bikaina, ausarta ere bai beharbada- eta horri erantzunez, sortu dute liburua. "Gaztelaniaz, -aipatzen zidan berak amaitu ondoren egin nion entrebistan (irratigintzarako entrebista bat lortu behar genuen astelehenerako eta berari egitea bururatu zitzaidan)- ez du inork dudan jartzen "haiga" edo "haya" idatzi behar den, zergatik euskaraz bai?"

Bukatzeko hasierara itzuli behar, ekonomiara. Ibanek lau hizkuntza edo formatu aipatu zituen komunikabideei dagokiela, telebista, irratia, papera eta sarea. Azken honen abantailak zerrendatu zituenean, bat gastu murrizketa zen. Hona ba, ekonomiaren kontu hori, niretzat lan hau hasteko aitzakia izan dena, baina inondik inora garrantzitsuena. Bestalde, interesantea izan zen jakitea irakurle digitalak pantaila berean izango duela laster irratia, telebista eta papera. Eta interesgarria izan zen, eta pozgarria ere bai entzutea DVn, esate baterako, kazetariak idazten duena bezain inportantea dela nik gaur blogerako hemen idazten dudana. Baina hau hurrengo baterako gaia izan daiteke.

Eta orain bai, bukatzeko, Irenek egindako aipamen bat dakarkizuet: "Ahaleginik gabe idatzia, plazerik gabe irakurria" ez zen berea, eta egileak barkatuko dit bere izena ez aipatzea, egin behar nizkion galderak prestatzea eta apunteak hartzea uztartu behar izan nuen eta ez nuen izena jaso. Hala ere, nahiko ados nago dioenarekin.

Edurne Balzategi


Utzi iruzkina: