Mila esker, Egunkaria
Hamairu urte besterik ez nituen, baina oso ondo gogoratzen dut Egunkaria itxi zuten eguna. Egunkaria sortu zen lehen egunetik izan dugu etxean, eta akaso, hortik sortu zitzaidan kazetari izateko gogoa. Ikastolara joateko esnatzen nintzen bakoitzean Egunkaria hartu eta 10-15 minutu pasatzen nituen irakurtzen -bai, kirolak, onartzen dut-, baina nire haurtzaroko zati garrantzitsu bat izan zela argi dut; baita gaur egun ere, zentzu handi batean.
2003ko otsailaren 20an eskiatzen negoen gelakideekin, Formigalen, hain zuzen ere. Azken eguna genuen, eta Donostiara iritsi ginenean, aita etorri zitzaidan bila autobus geltokira. Autoan sartu, eta "Egunkaria itxi dute" esan zidan. Lehen momentuan ez nuen ezer ulertzen. Nire inozentziak ez zidan entzundakoa ulertzen uzten. Politika jarraitzen nuen, baina komunikabide baten itxiera ez zen nire eskemetan sartzen. Zergatik? Egun batetik bestera? Etxera iritsi eta interneten ikusi nuen guztia. Ez nuen ulertzen. Martxelo eta gainontzekoen irudiak ikusi nituen atxiloketaren momentuak ikusi nituen, eta ez nuen ulertzen zergatik eramaten zituzten. Euskaraz idatzi, pentsatu eta lan egiteagatik. Euskarak behar zuen bultzada emateagatik, atxilotuta.
Baina are gogorragoa izan zen Martxeloren tortura testigantza. Ohean negoen, argia itzalita, hurrengo egunean ikastolara joan behar nuen eta. Alboan mahai txiki bat dut, eta garai hartan irrati bat nuen gainean. Kaskoak jartzen nituen hamar minuturo, banekielako Martxelo irten berria zela eta bere hitzak entzun nahi nituen. Azkenean, harrapatu nituen. Barrenak mugitu zitzaizkidan. Euripean, ahotsa dardarka zuela, torturak nola izan ziren entzutea hamairu urteko gazte batentzat oso gogorra da. Gainontzekoen testigantzak Gezurra ari du liburuan irakurri nituenean ere, pentsatu nuen: "hauei ere basakeria hauek egiteko gai dira?". Orduan irakurtzen nituen tortura kasu gehienak gazteenak ziren, kale borrokarekin edota SEGIrekin lotura zuten gazteenak, adibidez. Talka handia izan zen egunkari bateko zuzendaria eta gainontzeko kargudunek zer nolako tratua izan zuten jakitea.
Dena den, eskerrak eman nahi dizkiot Egunkariari. Ez nuen bertan lan egin, ez nintzen bertan formatu, baina kazetaritzara pixka bat gehiago gerturatu zidan. Goizero egiten nituen irakurketa haiek gaur egun arte ekarri naute.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: